Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Norbaiten bizitza ohiz kanpokoa baldin bada, berezia, kontatzeko modukoa, «film baterako modukoa» dela esaten da maiz. Gontzal Mendibil musikariak (Zeanuri, Bizkaia, 1956) gogoko ditu neurriz gaineko pertsonaia horiek, eta atsegin du haien bizitzak film ez, baina musikal bihurtzea. «Zeanurin badugu ohitura antzerkirako. Iparraldean pastoralak egiten dituzten antzera, gure herrian ohitura izan da betidanik». Iparragirre hegalaria estreinako obra sortu zuenetik 30 urte bete dira aurten, eta Hazia lan berriaren azken prestaketa lanekin dabil orain. Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza kontatuko du: «Ikusi nuen beste erreferente bat genuela gure herrian: mundu osoan ezagunak diren Arrasateko [Gipuzkoa] kooperatiben sustatzailea eta sortzailea».

Hala, 2019. urtean hasi zen lanean, Arizmendiarrietari buruzko informazioa arakatzen: «Berak idatzitako gogoetak, eta, batez ere, berari buruz idatzi dena, asko idatzi baita. Bere bizitza eta egintza kontatu nahi nituen». Nola bihurtu biografia hori musikal, ordea? «Lehenik, bere ideiak poema bihurtuz, eta, gero, poemak musikatuz». Horrela sortu du gidoia.

Musikalak Arizmendiarrietaren bizitza osoa kontatzen du, 1915ean Markina-Xemeinen (Bizkaia) jaio zenetik, 1976an Arrasaten hil zenera artekoa. Zatika abestuko dute haren haurtzaroaz, seminarioko garaiaz, 1936ko gerraz, eta, batez ere, Arrasateko iritsieraz eta ordutik aurrerako jardunaz, hezkuntzan eta lanean. Haren bizitzako gertakari sinbolikoetan arreta berezia ipini du Mendibilek: «3 urterekin begi bat galdu zuen, eta uste dut mutikotan horrelako zerbait bizitzeak barruan zeozer mugitzen duela; horrek bere barrura begira jarriko zuen, eragingo zuen zerbait».

Obrako protagonista 1941ean iritsi zen Arrasatera, eta hor dago obraren zatirik inportanteena. «Bera apaiza zen, baina obra guztiz laikoa da; bere balioak nabarmendu nahi ditugu, gaur horren beharrezko ditugunak: kooperatibismoa, konpromisoa, elkartasuna. Konpetentziaren eta indibidualismoaren munduan bizi gara, eta berak ikusi zuen gauzak sortzeko beste era bat».

Balio horiek sumatzen dira Mendibilek sortutako 22 kantetako batzuen izenburuetan: Kooperazioa - Konpetentzia; Mundu berri bat; Ongizate hirukoitza; Herri txiki, herrialde estu; Amaren sua... Emakumeen eskubideen aldeko pasartean abestuko dute hori. «Gutxik dakite estatu mailako lehenengo haurtzaindegia Arrasaten sortu zela. Zergatik? Ba, pentsa, 1950eko urteetan emakumeek enpresetan lan egitea ezinezkoa zirudienean, hamazazpi emakumek sortu zuten Auzo Lagun, gaur Ausolan dena. Hori guztia nabarmentzen dugu».

Kooperatiben eta Arrasaterenhistoriaren gaineko ezagutza, orokorrean, azalekoa dela uste du Mendibilek. «Ezagutzen ditugu kooperatibak: Laboral Kutxa, Fagor, zera... baina inork gutxik ezagutzen du benetan Arizmendiarrieta». Arrasateko ALE Arizmendiarrietaren Lagunen Elkartearekin batera aritu da lanean. «Triangelu bat ezagutu nuen, deigarria egin zitzaidana: utopia dago goian, horretan sinetsi behar dugu, baina oinarrian pragmatismoa eta errealismoa izan da. Gure herrian, askotan ameslariak gara, baina beti geratzen gara hor: ametsak errealitate bihurtzea da bultzatu behar dugun balioa. Ametsak eraikitzen leloa erabiliko dugu».

Hazia musikalean, 11 musikarik joko dute zuzenean, eta hemezortzi aktore eta kantari izango dira. Arkaitz Gartziandia izango da protagonista eta aktore narratzailea. Easo eta Goikobalu abesbatzek ere parte hartuko dute. «Musikala oso modernoa da, beharbada nik egin dudan modernoenetako bat. Neu naiz zaharrenetakoa, zaharrena ez banaiz». Proiekzioak egingo dituzte, eta Ohika taldeko dantzariek ere parte hartuko dute. Aritz Salamancak sortu du koreografia, eta 11 dantzari ariko dira agertokian. Izan izango da Mendibil bera ere. «Nik, batez ere, haren mezua kantatuko dut. Adibidez, eszena batean, batzuk kooperatibismoaren aldekoak dira, eta besteak konpetitiboak, eta West Side Story-ren antzeko gerra bat sortzen da». Musikariak azaldu du kantak era askotakoak direla, istorioak eskatzen zionaren araberakoak.

Mendibilek Jose Luis Canal izan du lagun moldaketak egiteko, eta honako musikari hauekin ariko da zuzenean: Canal bera, Angel Unzu, Raul Vera, Rober Caballero, Blas Fernandez, Iker Telleria, Mau Zienkiewich, Maider Zapiain, Iñaki Dieguez eta Joe Gonzalez.

Arizmendiarrietaren ekarpena goraipatzeko jarri dio Hazia izena musikalari. «Azken batean, berak hazia jarri zuen, eta gero hariztia sortu da: eskola publikoa, unibertsitatea, enpresak...». Ideia horri tiraka, ezkurrak emango dizkiete ikusleei, bakoitzak bere hazia erein dezan. Musikariak indar berezia jarri du elkarlanaren eta auzolanaren ideiak bultzatzen, eta, horrekin jarraitzeko, kanta batzuetan entzuleek parte hartuko dute, lelo batzuk errepikatzen: Nondik lan, handik jan; Ametsak eraikitzen...

Arrasaten estreinatuko dute obra, irailaren 17an eta 18an, Amaia antzokian. Urriaren 1ean Bilbon egingo dute, Arriaga antzokian; urriaren 29an, Iruñeko Baluarten; eta abenduaren 17an, Gasteizko Principal antzokian. Donostian, Goierrin (Gipuzkoa), Markina-Xemeinen eta Baionan ere aurkeztekoak dira, baina ez dute datarik zehaztu oraindik.

Kantak grabatzen aritu dira egunotan, eta denak biltzeko asmoa dute. «Badakigu gaur ez dela CD askorik saltzen, baina nolabait jaso nahi genituen». ETBk Bilboko emanaldia grabatuko duenez, soinuz eta irudiz zabalduko dute proiektua.

Azken lanetan ari da; iraupenarekin borrokan, besteak beste. «Hori guztia aipatzen denez, hiru ordura nindoan... Iparragirre egin genuenean ia hiru ordu ziren, baina gaur mundu arinean bizi gara. Hor nabil, ea nola laburtu, dena ez baita sartzen. Bi partetan egingo dugu, eta bi ordu ingurukoa izatea da asmoa».

Mendibilek badaki ikusleak horrelako lan batera erakartzea ez dela erraza, baina obrak bere bidea egingo duela uste du. «Iruditzen zait musikala aurrera doanean eta jendeak ikusten duenean zer den, orduan jakingo dutela balio handikoa dela. Lehengo batean, entseatzen, pertsona bi negar malkotan ikusi nituen, emozioz. Esan nuen: 'Kontxo, zerbait ondo egiten ari gara'. Momentu batzuek barregura ere ematen dute, e, dena ez da seriotasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.