Eguneroko langintza du idaztea Juanjo Olasagarrek (Arbizu, Nafarroa, 1963). 22 urterekin hasi zen, eta «ohituragatik» bada ere, horretan segitzen du. Idazten. «Ez badut egiten, egunari zerbait falta izaten zaio». Gainera, poemen bidez, egun horri «zentzu» bat bilatzen saiatzen da, egun osoan gertatu zaizkion gauza horiek guztiak «transzenditzen». Ohitura eta langintza horren ondorioa da Ia hemen poema liburua. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Xabier Lete poesia saria irabazi zuen iaz, eta Pamiela argitaletxeak kaleratu berri du.
Peter Watsonek idatzitako liburu bat (The Age of Nothing) ekarri du gogora Olasagarrek transzendentzia nola ulertzen duen azaltzeko. «Hark aztertzen du Nietzschek jainkoa hiltzat eman ondoren zerk betetzen duen gizartean toki hori. Iraultzak bete du, bizimodu alternatiboak, zientziak, soziologiak... eta baita arteak eta poesiak ere». Xabier Lete ez bezala, Olasagarre ez da sinestuna, baina behar du, halere, bere bizitzari «zentzua eman» egunero. Zentzua eman horrek, nolanahi ere, ez du zertan egon «beste munduarekin» lotuta. «Baina niri gertatzen zaizkidan gertakariak ordenatu behar ditut. Eta idazteak balio dit ordenatzeko eta ni baino goraxeago egon daitekeen zerbait azaltzeko. Horrek ez du esan nahi harago joango denik edo transzendituko duenik, baina niri, neure buruarengandik pixka bat altxatzen naizenez, balio dit bizitzari edo egunerokoari zentzu bat hartzeko».
Laugarren poesia liburua du honako hau Olasagarrek, Gaupasak (Susa, 1991), Bizi puskak (Susa, 1996) eta Puskak biziz (Susa, 2000) lanen ondoren. Hemezortzi urte joan dira, beraz, azkenekoz olerki bilduma bat argitaratu zuenetik. Poemak idazten, ordea, segitu du, eta Ia hemen-en bildutakoak azkeneko 10-15 urteetan ondutakoak dira. Betiere egunerokoari zentzua bilatu nahian idatzitakoak. «Beldur pixka bat ematen dit esateak, baina arte bihurtzen saiatzen naiz; edo, bestela esanda, egunerokotasunetik pixka bat gorago dagoen zerbait sortzen. Hori da niretzat poesia».
Asko landutako poesia da Olasagarrerena, behin eta berriro irakurri, berridatzi eta zuzendutakoa. Nahiz eta bat-batekotasunetik ere baduen. «Pasatzen zaizkidanean, apuntatu egiten ditut gauzak. Zerbait irakurtzen dudanean, desamodio bat dudanean, ama hil zitzaidanean... nahiko sistematikoa naiz. Lehen bertsio bat egiten dut, gero koloretako boligrafoarekin zuzentzen dut, eta bigarren bertsioa egin. Hirugarrena, laugarrena... bakoitza izaten da aurrekoarekiko aurrerapen bat». Poemak utzi egiten ditu, eta batzuetan handik zenbait urtera itzultzen da haietara. «Poemak hori du ona. Nobela ez bezala, utz dezakezu eta denbora luzera berreskuratu».
Idazlea duen bezala, irakurlea ere badu poesiak, eta harengan jarri du begirada Olasagarrek. «Poesiaren definizio ponpoxoak egiten dira, baina niretzat, nahikoa da poema batek niri idaztean ematen didana irakurle bati ematea. Alegia, une horretan transzenditu eta bere kontzientzia pixka bat gora eramango balu, ni pozik. Nahiz eta gero kafea hurrupatu eta 30 segundora ahaztu poema horrek esan diona. Baina kontzientzia denez pilatzen den gauza bat, hor gelditzen da, eta horrek gero beste ikuspuntu bat eman diezaioke irakurle horri».
'Ni'-aren itzulera
Gaupasak lehen liburua lehen pertsonan idatzi zuen Olasagarrek, baina hurrengo bildumetan, eta olerki batean zioen bezala «norbera gai serioa ez dela» iritzita, beste pertsonaia batzuei eman zien ahotsa, eta haien bitartez «errealitate sozial-emozional» bat islatu. «Baina orduz geroztik erabaki dut ni oso gai serioa naizela eta lehen pertsonan idaztea. Ahots bat garatzea». Ez daki definitzen ahots hori nolakoa den, baina iruditzen zaio gauzak izendatzeko eta esateko «nahiko sendotasun» baduela.
Ni-tik idatzi du Olasagarrek, eta ni horren ahotsetik jasoko ditu irakurleak poema liburuko «ezpalak». Badira liburuan «errealitatea ospatu egiten duten poemak», badago natura, «askotan hiriko natura dena», badira harremanak, eta baita kontzientzia ere. «Ez dago errealitate sozial askorik; iruditzen zitzaidan nik hitz egin behar nuela, nire harremanez eta bizitzaz. Poema homoerotikoak ere badaude, baina gehiago dira maitasunari buruzkoak, eta maitasunak ez du generorik».
Xabier Lete sariketara aurkeztu zuenean, poema bildumak Hemen izenburua zuen. Alabaina, Ia hemen deitu dio azkenean. «Ez da hain itxia, hain biribila. Gehiago gustatzen zait».
Kontzientzian pilatutako poesia
Xabier Lete saria irabazi duen poema bilduma argitaratu du Juanjo Olasagarrek: 'Ia hemen'. Egunerokotasunari poesiaren bidez zentzua ematen ahalegindu da idazlea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu