Kontzientziak esnarazteko kantu zuzen eta gordinak

Kaotiko taldeak punk are azkarragoa eta gogorragoa landu du zortzigarrena duen 'EH Calling' diskoan

Kaotikok EH Calling diskoa aurkeztu zuen, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Beharbada» aurreko zazpi diskoak baino «zertxobait bizkorragoa eta gogorragoa» da Kaotikoren lan berria, Baga-Biga diskoetxearekin oraintsu kaleraturiko EH Calling diskoa. «Gitarrak zorrotzagoak dira eta ahotsak urratuagoak», adierazi du Jhony Rivas abeslariak. Nolanahi den, orain artean landutako punk estilotik gehiegi aldendu ez direla nabarmendu du. «Lehendik ere bazen nahiko indartsua gure musika».Jimmy Soziedad Alkoholikak ekoitzi du diskoa oraingoan, eta horrek estiloa markatu egin duela azaldu du Rivasek. «Gogoa genuen Jimmyrekin lan egiteko eta haren ukitua emateko».

Halaber, abestien hitzak gordinagoak dira. «Ez dago metafora askorik», ohartarazi du Ritxi Aizpuru Baga-Bigako editoreak. Mezu zuzenak baliatu dituzte, besteak beste, «boterearen gehiegikeriak salatzeko». Eta guztien artean, bada Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz joan den udaberrian Bilbon hildako Iñigo Cabacas gaztearen omenezko kanta bat, Recarga. Soziedad Alkoholikako Juan Aceñak abestu du.

Hitz egin begiekin abestia, berriz, Kaotikoren ohiko kolaboratzaile den Xabier Silveirak idatzi du, eta Fermin Muguruzak abestu du, Rivasekin batera. Horretaz gain, Aguraingo (Araba) Falta de Riego taldearen izen bereko abestiaren bertsio bat jaso dute diskoan. Azaldu dutenez, nahiz Euskal Herrian talde ezaguna ez izan, eragin handia izan du Kaotikoren ibilbidean.

Kalera Rock jaialdian, bihar

Izenburutik bertatik «ezarritako ordena mundialaren aurka mobilizatzeko» deia egin nahi diete Kaotikoko musikariek beren jarraitzaileei. Horretarako, The Clash-en London Calling ezagunetik hartu dute EH Calling goiburua. Eta, bidenabar, Joe Strummerri gorazarre egiteko profitatu dute aukera, «abenduan bete baitziren hamar urte zendu zela», gogorarazi dute.

Hain justu, abenduan ekin zioten diskoa grabatzeari, Haritz Harregi teknikariarekin, Usurbilgo (Gipuzkoa) Higain estudioan. Urtarrilean amaitu zuten, eta Jose Mari Rosillok masterizatu ditu kantuak. Zuzenean aurkezteko irrikan daude orain. Eta bihar bertan izango dute aukera, Kalera Rock jaialdian izango baitira, Durangon. Martxoaren 8an, berriz, Londresen joko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.