Joxan Goikoetxea. Musikaria

«Kontzientzia astintzailea eta seduktorea zen Oteiza»

Goikoetxeak 'Ez dok, badok: Oteizaren mailua' estreinatuko du gaur, Azkoitiko Udaberriko Musikaldian. Eskultoreak musikarekin zuen harremana islatu nahi du.

JOXAN GOIKOETXEA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 9an bete ziren hogei urte Jorge Oteiza eskultorea hil zela. Efemeride horren aitzakian, Ez dok, badok: Oteizaren mailua emanaldia sortu du Joxan Goikoetxea musikariak (Hernani, Gipuzkoa, 1967). Euskameratak taldearekin batera arituko da oholtzan, baina, horiez gainera, gonbidatu berezi bat ere egongo da: Andoni Egaña bertsolaria. Gaur izango da estreinaldia, Azkoitiko (Gipuzkoa) Udaberriko Musikaldian, 18:30ean.

Zein izan da Ez dok, badok emanaldia sortzeko asmo nagusia?

Berez, ikuskizuna enkargu bat da. Oteiza mitoa beti egon izan da hor, eta gustura hartu dut proposamena. Musika emanaldi bat izango denez, Oteizak musikarekiko zer ekarpen egin zuen ikusi nahi izan dut.

Zer da zehazki Oteizaz erakutsi nahi duzuna?

Orokorrean, kontzeptu integral bat zuen gizon horrek; beraz, zaila da emanaldi bakarrean haren ideia guztiak sintetizatzea. Eskultorea bazen ere, oso hurbil zegoen musikatik, eta horretan jarri nahi izan dut fokua. Liburu bat ere gomendatuko nuke: Elixabete Etxebesteren Oteiza y la música [Oteiza eta musika]. Ederki islatzen du zein hurbil zegoen artista diziplina horretatik.

Euskamerata taldearekin batera igoko zara oholtza gainera. Zertan oinarrituko da errepertorioa bera?

Oteiza horren polifazetikoa eta poliedrikoa zenez, hasieratik argi nuen ibilbide bat egingo nuela. Hiru arlo landu ditut guztira. Lehenik eta behin, abangoardiak: Oteiza pentsalaria zen, eta egun osoa ematen zuen teoriak sortzen. Abangoardiak ulertu nahi zituen, eta, musikalki, bertsolaritzarekin alderatzen zituen horiek. Eromena dirudi, baina hala zen: dodekafonismoaren eta bertsolaritzaren arteko konparazioa egiten zuen. Bigarrenik, euskal musika. Aita Donostia behin eta berriro aipatzen zuen eskultoreak. «Ez dago inor euskaldunen esentzia Aita Donostiak bezala islatzen duenik», esaten zuen. Azkenik, Ez Dok Amairu taldean izan zuen eragina ere nabarmendu nahi izan dut. Hiru bloke horiek nahastuz joango dira ikuskizunean, eta Iñaki Beraetxek zenbait errezital egingo ditu, testuinguruan kokatze aldera.

Errezital horietako batzuk euskaraz izango dira, eta beste batzuk, gaztelaniaz. Zeren arabera egin duzu aukeraketa?

Egia esan, kezka handia izan dut hizkuntzarekin. Oteizak euskarari buruz asko idatzi bazuen ere, gaztelaniaz hitz egiten zuen. Euskaraz irakurtzen zuen eta ulertzen zuen, baina ez zuen hitz egiten. Finean, artistaren egiazkotasuna mantentze aldera egin dut bi hizkuntzak erabiltzeko hautua.

Izenburuak ematen du zeresana: Oteizaren mailua. Mailu moduan funtzionatu zuen Oteizak?

Zalantzarik gabe. Horixe izan zen eskultorearen meriturik handiena: belaunaldi jakin batzuk astindu zituela. Gehienbat, 1960ko hamarkadan. Iraultza kultural bat eragin zuen, eta mugimendu jakin batzuk sortu ziren artean, musikan... Kasurako, Ez Dok Amairu taldeak rol garrantzitsua bete zuen. Oteizak eragin zuzena izan zuen gazte belaunaldi hori martxan jartzeko orduan. Pasioz bizi zuen dena, eta, era berean, lortzen zuen ingurukoak ere horren parte egitea. Kontzientzia astintzailea eta seduktorea izan zen.

Oteiza, baina, eskultorea zen izatez. Musikalki, nola omenduko duzu? Nola lortzen da haren filosofia musikaren bitartez islatzea?

1950eko hamarkadan, eskultura alde batera utzi, eta ikasteari ekin zion Oteizak. Beste diziplina askoren artean, musikan ere sakondu zuen. Gerora, ez zuen sekula musikarik idatzi, baina ulertu egiten zuen: korronteak, estiloak... Musika aztertu zuen. Teorialari gisa oso interesgarria da.

Gonbidatu berezi bat ere igoko da taula gainera: Egaña. Zer eskainiko dio ikuskizunari?

Egañak, zarauztarra izanik, ezagutu egiten zuen eskultorea: lekukotasun zuzena du. Aurrez aipatu dudan bezala, Oteizak zioen euskal kultura ezagutzeko gakoa zela bertsolaritza ulertzea. Andonik hori oso barneratuta dauka, eta horren inguruan arituko da. Emanaldiak, halere, arrisku bat dauka: gauza gehiegi daude, eta elkarren nahiko desberdinak dira, gainera. Ikuskizun osoa lotuko duen hari bat lortzen saiatzen ari naiz; hitzematen dut saio eramangarria izango dela.

Aurten dira hogei urte Oteiza hil zela. Jendeak oraindik badu haren inguruko interesa?

Enkargu bat egiten denean, horixe izaten da helburuetako bat: artista ahanzturan ez geratzea eta gaur egungo munduarekin loturak egitea. Nire ustez, oso garrantzitsuak dira halako ekitaldiak Oteizaren pentsamenduak hurrengo belaunaldietan zer-nolako eragina izango duen aztertzeko. Laborategi bat dira niretzat, eta noizbehinka halako probak egin behar direla iruditzen zait.

Oro har, zer-nolako ekarpena egin du artistak?

Alde horretatik, nahiko ezkorra naiz. Oteizak ilun ikusten zuen etorkizuna: gainbehera aipatzen zuen behin baino gehiagotan. Egungo globalizazioaren munduan uste dut funtsezkoa dela norbaitek Oteizaren mailua noizbehinka astintzea, kontzientziak astintzeko. Izan ere, ez dakit zertan den gure kulturaren zaintza. Ez dakit datozen 50 urteetan nor egongo den Oteizaren maila berean. Beste era batera ulertu behar dira gaurko kultura eta gizartea, baina zail ikusten dut egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.