Iker Lauroba. Lauroba taldearen sortzaile eta abeslaria

«Kontzertuak lotzeko gero eta zailtasun gehiago genituen»

Gogo faltagatik ez, baizik eta jotzeko aukera faltagatik erabaki dute Laurobakoek ez jarraitzea. Hala ere, taldearen sortzaileak dio «balorazio %100 positiboa» eginda doazela.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Hamalau urte, lau disko eta 200 kontzertu inguruko ibilbidea osatuta, Lauroba taldea agur esatear da. Bihar eskainiko dute azken kontzertua, Donostiako Dokan (20:00). Bi ordu inguruko errepertorioa prestatu dute, eta, gaur egungo taldekideez gain, han izango dira urteotan bidelagun izan dituzten musikariak ere. Berezia eta hunkigarria izango dela uste du Iker Lauroba taldearen sortzaile eta abeslariak, halakoak ari baitira izaten amaiera iragarri zutenetik honako asteak ere. «Ikusi dugu gure musika garrantzitsua izan dela jendearentzat. Horregatik bakarrik, merezi izan du guztiak».

Agurra iragartzeko oharrean, hau idatzi zenuten: «Gustura jarraituko genukeen aurrera; bagenuen gogo, ideia eta kemenik gure musika egiten jarraitzeko. Baina bide honetan aurrera, zalantzan jarri behar izan dugu aurrera jarraitzea merezi ote zuen». Azkenean, zer dela-eta erabaki duzue Laurobarekin aurrera ez egitea?

Berez, bageneukan gogoa jarraitzeko, baina gero eta zailtasungehiago genituen kontzertuak lotzeko. Azken diskoa atera genuenetik bi urte pasatu dira, eta, gure ustez, laster beste disko bat grabatzeko ordua iritsiko zen. Baina 2017an lau kontzertu bakarrik eman genituen. Zer egin behar genuen: beste disko bat atera, urtean lau kontzertu emateko? Gainera, guk kontzertuetako diruarekin ordaindu izan ditugu beti gastuak: diskoa, bideoklipa, lokala... Disko berria geure poltsikotik ordainduta ere, zer aldatuko zen, hainbeste urteren ondoren?

Orain aste batzuk iragarri zenuten, baina erabakia noiz hartu zenuten?

Ez da izan momentu batean hartutako erabakia. IV diskoa autoekoitzi egin genuen, eta batez ere neuk jardun nuen lekuetara deitzen, eta hor hasi nintzen ikusten kostatzen ari zitzaigula bira txukun bat lotzea. Azkenean lortu genuen, baina, aurkezpenak bukatutakoan, gero eta gehiago ari zitzaigun kostatzen aurrera egitea. Eta merezi al du lokalean sartuta jarraitzea, astean bi aldiz entseatzen, gero kontzerturik ez baduzu? Horrek frustrazioa ere ekar dezake. Beraz, esango nuke 2017an joan ginela erabakia hartuz.

Etorkizuna ilun ikusten zenutelako?

Ez gara hortik bizi, baina talde askori pasatzen zaiena pasatzen zitzaigun: gure autoexijentzia maila profesionala agian ez, baina erdi profesionala izan da. Azken urtea kenduta, hamahiru urte pasa ditugu astean bitan entseatzen; laneko oporretan grabatu izan ditugu diskoak; hasieran, gure poltsikotik jarri genuen dirua grabatzeko... Ez dugu honetatik bizitzea eskatzen, baina bai gastuak irabaziekin estali ahal izatea.

Zergatik uste duzu gutxitu zaizkizuela kontzertuak? Zuei gertatutako zerbait da, ala panorama orokorra?

Inoiz ez gara izan publiko askoko taldea. Jendeak ezagutzen ditu gure abestiak, eta entzuten ditu, baina beti kostatu izan zaigu kontzertuetara jendea etortzea, batez ere areto itxietan jo izan dugunean. Ez dakit oso ondo zein den arrazoia; nik sentsazioa dut normalean talde oso antzekoak ibiltzen direla Euskal Herriko panoraman. Badaude urtean 80 kontzertu jotzen dituzten taldeak, eta kostatzen da zirkuitu horretan sartzea. Gero, esango nuke gero eta jende gutxiago joaten dela kontzertuetara, batez ere festa giroan ez bada. Musika doakoa izatea ohitura bihurtu da, eta oso zaila da jendeari sarrera ordainaraztea, handik hilabete gutxira doan izango badu. Hala ere, ez dut errua besteengan jarri nahi; agian ez gara iritsi jendeari guk transmititu nahi genuena transmititzera.

Hala ere, hamalau urte iraun duzue.

Oso talde konstantea izan gara; hilean pare bat kontzertu izango zen gure batez bestekoa. 14 urte horietan, taldekideak aldatu dira;Haritz [Lauroba] eta biok bakarrik gaude hasieratik. Gure bizimoduarekin eta modu ez profesionalean lan eginda, hori normala da, baina uste dut taldekideen artean oso harreman estua izan dugula beti; oso ondo konpondu izan gara, eta agian hori izan da hainbeste urtean jarraitzeko motiboa.

Atzera begira, nolako balorazioa egiten duzu?

Amaierak beti dira tristeak, eta gehiago arrazoia kontzertu falta denean, baina balorazioa % 100 positiboa da, esperientzia pertsonal bezala, eta musikari moduan ikasi dudanagatik. Hamalau urte denbora asko da: nire bizitzaren herena pasa dut Laurobarekin, eta bizitza musikalaren erdia baino dezente gehiago. Asko ikasi dut. Eta, jendeak azken egunetan bidali dizkigun mezu polit horietan, ikusi dugu gure musika garrantzitsua izan dela jendearentzat. Horregatik bakarrik, merezi izan du guztiak.

Nolako kontzertua prestatu duzue?

Errepertorioa osatzerakoan, saiatu gara Laurobaren historian ezagunenak izan diren kantuak sartzen, garai guztietakoak. Gero, geure kuttunak ere joko ditugu, maketako abestiren bat ere bai... Kantu bat ere grabatu dugu agurrerako. Guztira, bi ordu inguruko errepertorioa prestatu dugu. Laurobako taldekide izandakoekin abestuko ditugu kanta batzuk, eta kolaborazioren bat ere izango dugu. Azkena izanda, zerbait berezia nahi genuen, eta uste dut lortuko dugula. Horrelakoetan, oso garrantzitsua da jendearen babesa izatea, eta sekulako babesa jaso dugu komunikatua atera genuenetik. Lagun pare bat Bartzelonatik datoz kontzertura, beste bat Madriletik... Horrelako babesa izatea hunkigarria izango da, seguru.

Zu zeu bakarlari moduan ere ibiltzen zara, eta Izarorekin ere bai. Aurrera begira, zer asmo dituzue?

Taldekide guztiok gaude musikari oso lotuta, eta uste dut modu batera edo bestera hala jarraituko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.