Lo ondo egin.
Gosaldu, denboraz maletan guztia duzula baieztatu, kotxera joan, edo kotxea hurbildu, traste guztiekin bazoaz.
Denboraz, aireportura iritsi, check-in-a eginda. Kontrolean instrumentuak atera. Berriro sartu. Kontrola pasatu eta gero ura 3 euroan eskuratu edo termo bat eraman, gero han betetzeko.
Bokadilloa eginda eraman. Jan. Mugikorreko bateriak aguantatu behar dizu, beraz, hegazkin txikietan bazoaz, bateria kontrolatu, ez baituzu bertan kargatzekorik izango.
Eskala baduzu, korrika egin eta ezer ez ahaztu. Ez baduzu, Uber-a edo taxia edo metroa hartu, transferrean ez badatoz bila. Transferrean badatoz, atsegina izan, hiriko eta jaialdiko gauzei buruz galdetu.
Hotelera iritsi. Soinu probara agertu. Egun bat lehenago iritsi bazara, hoteleko gelaren gaineko zalantzak argitu, jaialdiak edo aretoak kontzertuko gau bakarra ordainduko dizulako soilik, robot perfektu bat zarelako, agertu eta kantatu, eta gainerako behar guztiak zure kapritxoak direlako.
Soinu proban serioa izan, teknikariek apur bat behintzat entzun diezazuten. Berriro azaldu zuk euskarria alderantziz jartzen duzula, bai, badakizula berez ez dela horrela, baina looper-a eta teklatua horrela sartzen zaizkizula. Atsegin baina serio, beti errepikatu aldiro egiten duzula horrela, ez duzula mahairik edo bigarren euskarririk nahi, milesker, eta bai, mikroa zuk ekartzen duzula, looper-etik ateratzen dela, hau guztia rider-a aldez aurretik izango ez balute bezala argitu.
Zure mikrofonoa jarri. Akopleen bila, batzuetan, teknikariren baten eskuak zure mikrofonoa ukitzen eta ukitzen ikusi. Eskerrak toallatxo polit batzuk dauzkadala azkenaldian, gero txak! azkar mikrofonoa garbitzeko. Beraz, garbitu. Soinu proba egin. Eszenografia muntatu behar baldin bada, egin. Argi teknikariari zer ez duen egin behar, mesedez, eskatu. Marrazkitxo mugikorrik ez.
Kamerinora segi. Zure ispilua atera, bertan ez badago edo pegatinaz eta pintadaz josia baldin badago. Berogailurik ez badago, bost minutu geratzen diren arte, ez aldatu arropaz. Bitartean, makillatu. Ura edateaz ez ahaztu egun guztian zehar.
Atera, esan dizuten denboran jo, kontzertuan joan ordua begiratzen mugikorrean. Musikak eta jendeak eramaten zaituen egoera horretan murgiltzen eta egoera horrek guztia betetzen duela nabaritzen saiatu.
Irten, arropaz aldatu, atea ez galdu bistatik, beti sartzen da norbait, eta ezin da ondo itxi. Kanpora atera, eskertu denei etorri izana, aretokoei, teknikariei. Saiatu ez luzatzen, ez edaten, ahotsa zaindu eta osasuna zaindu, gaixo ez jartzeko. Guztia desmuntatu eta eraman. Metroan, taxian, Uber-ean, kotxean... Hotelera iritsi, aurpegia garbitu, Instagrameko bideoak ikusi, nola egin duzun, hau ondo geratu da, bestea ez... Check-in-a egin, lo hartu. Hurrengo egunean denborarekin esnatu aireportura ondo iristeko.