Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Kontzertu bat

2024ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun

Urte luzez inguruotara gerturatu izan diren talde esperimental samarren kontzertuak antolatzen aritu den lagun batek komentatu zidan behin: duela zenbait urte kontzertuek beste misterio bat izaten omen zuten. Taldea etorri arte ez zen informazio handirik egoten eskuragarri, deskribapen soil bat, argazkiren bat (Fotolog 2002an sortu zen), sarean entzungai zegoen abestiren bat (Myspace 2003an) edo, kasurik onenean, bideoren bat (Youtube 2005ean) salbu. Irrika eta harridura handiagoak omen ziren, beraz. Ez da duela horrenbeste urteko kontua, edo bai, nondik begiratzen den.

Nire oroitzapenen artean, bereziki maitea dut Sork talde suediarra Urretxu-Zumarragako gaztetxean aritu zenekoa. Zutabe hau idazteko egindako ikerketatxoan ondorioztatu dut 2012a izan zela, nahiz eta ziur nengoen lehenagoko kontuak zirela. Lanbrotsuak dira gordetzen ditudan irudiak. Ez dut uste argazkirik, abestirik edo bideorik jaso nuenik aurrez; ondo gogoan dudana Aritz lagunak egin zuen kartela da: tonu berde-urdinkara zuen eta neskatila bat ageri zen hondartzan. Begiratu nezake eta konfirmatu (Flickr plataforman daude afixa guztiak), baina nahiago ez.

Sork hirukote bat zen: bateria, baxua eta tronboia. Gizonak eta emakumeak. Zer zen hura? Indartsua, dantzagarria, esperimentala, entzungarria, zuzena eta dibertigarria, dena batera. Erabateko ezustekoa astegun buruzuri batean. Ezin izan diot tentazioari eutsi eta begiratu egin dut azkenean: lau ziren, teklatuak ere bazituzten, baita sample-ak eta estilofonoa ere. Zer axolako dio bada, orduko txundidura gordetzen dut, baita erosi nien biniloa ere, garai hartan non entzun ez nuen arren.

Liluraz, desliluraz eta abarrez aritu da Gorka Urbizu berriki. Esan du, besteak beste, «gauzak errazagoak zirela inor begira ez zegoenean». Egun batetik bestera kaleratu zuen diskoa Urbizuk, abesti soilez osatua, eta kontzertuak iritsi arte ez zuen argitu zein formaziorekin arituko zen zuzenean. Kontzertuak bete dira halere, emanaldiak bi eta hiru bider errepikatu dituzte zenbait hiritan. Kasu honetan, misterioa gordetzeko asmo kontzienteak gorabehera, arrakastaren arrazoia bestelakoa dela esango nuke: geure-geurea dugun horren bisitak dakarren sosegua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.