Lehendik egindako bilduma baten jarraipena izan liteke Ricardo Cases argazkilari dokumentalaren Kontxako tamarindoak. Valentzian osatu zuen aurreko bilduma hura, Parterreko ficusa, errotik ezagutzen duen sorterriari beha. Argazkigintzaren bidez, bere lurraldearen senaren atzetik ibili baita oraintsu arte Cases (Orihuela, Herrialde Katalanak, 1971). Kutxa fundazioaren proposamena heldu zitzaion atzetik: Parterreko fikusa-ren antzekorik egin zezan Donostian. Proposamenari heltzea kosta egin omen zitzaion hasieran, baina gogotsu aritu da gero: «Pozik nago; egundoko oparia izan da». Valentzian abiatutako lana eraldatzeko aukerak eta jauzi berrietarako zabaldu dion ateak eman diote zoriona argazkilariari. Baita erakusketaren beraren egiturak ere, Valentziako Parterreko fikusa eta Donostiako Kontxako tamarindoak solairu banatan bereizita baitaude Tabakaleran, Artegunean. Izan ere, Donostiakoa ez baita bestearen erreplika hutsa: «Donostiako argazkiak ez daude Valentziakoak bezain josiak lurrari. Aurrekoek Levanteko paisaia eta nire etxe ingurua zuten funtsa, nortasunaren bila betiere».
«Donostiako argazkiak ez daude Valentziakoak bezain josiak lurrari. Aurrekoek Levanteko paisaia eta nire etxe ingurua zuten funtsa, nortasunaren bila betiere»
RICARDO CASESArgazkilari dokumentala
2018az geroztik, bere horretan erreparatzen dio argazkigintzari Casesek: «Geldialdi moduko bat da, nire argazkigintzarekin solas intimoan aritzeko modu bat, argazkilari gisa nora noan jakiteko». Ez da, ordea, arazo batek eragindako etena edo galdera: «Neure buruari jo diodan erronka da, izatekotan».
Sakonekotik azalekora
Hiria, hortaz, jarduteko eremua baino ez litzateke erakusketa honetan. Ez dago identitatearen bilaketarik, azalekoaren behaketa besterik. Cases amestutako irudiaren atzetik dabil, eta argazkigintza dokumentalaren mugak esploratu behar ditu horretarako. «Goitik beherako topikoa da, nahi bada, baina hiria ispilutzat hartu dut, eta neure buruaren bila aritu naiz Donostian, askotan turistaren begiradatik edo haurraren ikuspegitik».
Grina horren atzean Instagram kontu faltsu bat legoke, Casesek berak sortua: «Baina horrek ez du sobera axola, material berria gordetzeko biltegia besterik ez zelako, finean». Agerian jarri nahi ez duen kontu horretatik zenbait fanzine plazaratu zituen, xera handiz eginak denak, kopuru mugatu bat inprimatzen baitzuen etxean, bereizmen handian. Hori bera lortu nahian, inprimagailu bat eskatu zuen Donostiarako ere.
«Hiria ispilutzat hartu dut, eta neure buruaren bila aritu naiz Donostian, askotan turistaren begiradatik edo haurraren ikuspegitik»
RICARDO CASESArgazkilari dokumentala
Parterreko fikusa eta Kontxako tamarindoak erakusketen arteko aldea koloretan suma liteke hasteko eta behin: «Valentziakoa eutsiagoa da koloreetan, eta Donostiakoak, paradoxikoki, kolore askoz biziagoak ditu, baikor eta zoriontsu izan naizelako hemen». Hiriaren neurriak lagundu egin diola dio Casesek: «Film baten dekoratuan ari nintzela iruditu izan zait sarri, eta pertsonaiak behin eta berriz aurkitzen nituela. Azkenerako lagun mordoa egin dut. Oso dibertigarria izan da».
Bost serie
Bost serie ditu Kontxako tamarindoak erakusketak. Batek ez du izenbururik. Bertan biltzen diren argazkiak irudi independenteak dira, eta solte doaz; ez dute elkarrekin erlaziorik, egileak liburuan edo erakusketan eman nahi izan dionaz harago: «Batzuetan, argazki batek bere horretan asebetetzen nau; ez du beste misteriorik izaten». Aitzitik, beste batzuetan irudiak «zabaldu» egiten zaizkio: «Argazkilariak super baikortasun pilula bat jan eta erotu izan balitz bezalatsu gertatzen da, irudiaren atzean beste hamaika argazki ageri dira bat-batean».
Zabaltze horren harira datoz, hain zuzen, erakusketa osatu duten serie izendunak. Horietariko bat Aterkiak eta loreak da. Izenburuan batu dituen bi elementu horiek Donostiaren erakusle dira, Casesen aburuz: «Sormen krisi betean, Pasaian nintzela, euritan, aterkia zabaldu zuen emakume batek, eta lore bat iruditu zitzaidan». Bigarren serieak Plastikozko poltsak bizikleta zelatan du izenburua. «Gauza logikoa izan liteke, baina etorritakoan bazter guztietan ageri zitzaidan irudi hori». Hirugarrenari Pegatinak bus-geltokietako markesinetan deitu dio. «Kaleko argazki hauetan, markesinetako pegatina horiak jendearen identitatea gordetzeko erabili ditut. Aitzakia bat da argazki mota batera iristeko». Erakusketa osoari izena eman dionak —Kontxako tamarindoak— pasealekuko zuhaitzak ditu protagonista, Kontxa bera izan beharrean. «Zuhaitzok luzatzen dituzten beso horien bidez, turistek etengabe fotografiatzen duten paisaia hori apurtzea interesgarria iruditu zait. Gainera, egoerak ezkutatzen dituzte. Jendeak tamarindoen atzean babes hartzen duela ematen du».
Egunero ageri dena beste era batera erakustea izan da Casesen gogo behinena, eta erakusketara helduko den ikusleak bilaketa horren aldeko enpatia izatea nahi luke: «Argazkilaria irudi bat konposatu nahian ari dela erakutsiko luketen argazkiak ikus ditzala».