Arkeologia

«Kontuz! Kasu! Gelditu!»

Juantxo Agirre Mauleonek gidatuta, Larunbeko herritarrekin auzolanean garatu da indusketa osoa. Denak mendi tontorrean elkartu ziren egunean agertu zen aldarea, eta «opari handi bat» jaso zuten.

Auzolanean bildutako Larunbeko herritarrak eta Agirre Mauleon —eskuinean, eserita—, aldarea aurkitu zuten egunean. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Auzolanean bildutako Larunbeko herritarrak eta Agirre Mauleon —eskuinean, eserita—, aldarea aurkitu zuten egunean. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Ainhoa Sarasola.
Larunbe
2024ko ekainaren 16a
06:00
Entzun

Bazkaria oraindik ez zegoen prest. «Mari Mar Martiarena ari zen paella prestatzen guztiontzat, eta esan zidan oraindik ez zegoela prest, itxaroteko hamabost bat minutu. Beraz, Peio Esaini esan nion sartzeko putzuan, eta segitzeko lurra ateratzen; eta Patxi Gorostietari, berriz, hari laguntzeko». Ez du ahaztekoa momentu hura Juantxo Agirre Mauleonek. Putzu barruan zegoen Esain, eta bera eta Gorostieta ertzean, hari begira. «Halako batean, Patxik esan zidan: ‘Azaltzen ari da harri bat moldura batzuekin’. ‘A bai? Ea...’. Orduan ikusi nuen harria lehenengo aldiz, eta segundo hartan bertan konturatu nintzen erromatar garaiko aldare bat zela, zeren historiako lehen kurtsoan ikusten dugu hori, eta historia ikasi dugun guztiok dakigu hori zer den».

Ezustekoa eta zirrara, biak nahastu zitzaizkion une hartan arkeologoari. «Bihotzekoak eman zidan ia; zutik jarri nintzen, eta oihuka hasi, esanez, ‘Kontuz! Kasu! Gelditu! Eskuekin garbitu, ez erabili paletina, kontuz, kontuz! Ea zerbait idatzita ote daukan... Emaiok buelta, Peio!’. Piezari buelta eman zioten, eta idatzia ikusi zuten. «Eta orduan oso urduri jarri ginen, zeren hor geneukan duela 1.900 urteko idatzizko mezu bat gaurko gizarteari».

(ID_13979487) (/EZEZAGUNA) (;)
Peio Esain putzuaren barruan, aldarea eskuetan duela. J. AGIRRE

Urteotan guztietan, abuztuaren azken larunbata berezia izan da Larunbeko herritarrentzat eta Agirre Mauleonentzat. «Egun berezi horretan, aztarnategiko belarra kendu izan dugu, gisu morteroarekin pareta zaharrak kontsolidatu... Eta gero, tontorrean bertan bazkaldu izan dugu adin guztietako 50-60 lagunek». Bazkarira aditu bat joan ohi zen hitzaldi bat ematera: Carlos Martinez Alava, Javier Velaza, Aitor Pescador eta beste izan ziren han noizbait. Eta uste baino bereziagoa izan zen 2022ko abuztuaren 27 hartan, Joseba Asiron historialaria zen bertan.

«Oso urduri jarri ginen; hor geneukan duela 1.900 urteko idatzizko mezu bat gaurko gizarteari».JUANTXO AGIRRE MAULEONArkeologoa

Aldarea putzutik atera baino lehen, inguruan zeuden herritar guztiei deitu zieten, denek gozatu zezaten momentu hartaz. Irriz kontatzen du orain Agirre Mauleonek haien orduko erreakzioa: «Nire ustez, harriari begiratuta baino gehiago, niri begiratuta ulertu zuen jendeak pieza horren garrantzia; nire oihuekin, pozarekin eta urduritasunarekin».

(ID_13979489) (/EZEZAGUNA) (;)
Patxi Gorostietak eta Peio Esainek aldarea putzutik atera zuteneko prozesuaren argazkiak; Iosu Erbiti unea grabatzen. J. AGIRRE

Prozesua grafikoki dokumentatu ostean, minutu gutxira deitu zuen arkeologoak Nafarroako Arkeologia Sailera, eta arratsalderako, Nafarroako Gobernuaren biltegian zegoen pieza. Ordutik, hainbat adituk aztertu dute: Joakin Gorrotxategi hizkuntzalaria, Javier Velaza epigrafista, eta Arantza Aranburu geologoa aipatu ditu arkeologoak, besteak beste: «Haiek dira arlo honetan erreferenteak, eta, gainera, beti daude laguntzeko, musu truk».

Oraindik asko dago ikertzeko Larunben, Agirre Mauleonen ustez; hamar urteko lana, bai, gutxienez. Aurkikuntzak emandako pozaren bultzadarekin segituko dute lanean hemendik aurrera.

Erdi Aroko monasterio bat

Larunbeko biztanleek betidanik izan dute harreman estua Arriaundi nahiz San Gregorio deitu izan duten mendiarekin. Dela herri lurretatik egurra lortzeko, basaranak biltzeko edo parajeaz gozatzeko, etxe guztiek dute joera hara igotzeko, arkeologoak azaldu duenez. Aspalditik ezagutzen ditu herria eta bizilagunak, haiek 2008an jarri baitziren harremanetan Aranzadirekin. «Herritarrek bazekiten garai batean San Gregorio izeneko ermita bat izan zela han, eta tontorreko larrean aztarna batzuk ikusten ziren oraindik; ermitarekin zer gertatu zen jakin nahi zuten».

2010ean hasi zituzten indusketa arkeologikoak, tokiko komunitatearen ekimenez eta arkeologia soziala deritzonari jarraituz. Agirre Mauleon: «Planteatu genuen, dirurik gabe, herriaren auzolana beharko genuela ikerketa bat bultzatzeko; Aranzadik bazituen baliabide zientifikoak eta gogoa, eta beraiek, azpiegitura eta eskulana —landaretza kentzeko, lurra mugitzeko, galbahetik pasatzeko, materiala garbitzeko, pareta bat kontsolidatzeko...—». Formakuntza prozesu bat ere egin zuten, herritarrak lan horietan trebatzeko. «Ohiko arkeologia prozesu bat da, baina oso soziala, herritarra, haiek eta haien herria, ondarea, protagonista dituena». Arkeologoak eta herritarrek libre zituzten larunbat solteetan geratzen ziren lan horiek egiteko, zortzi bat aldiz urtean; noizean behin, hainbat arlotako adituak ere joaten ziren, modu altruistan, laguntzera.

Hasi eta urtebetera jabetu ziren uste baino aztarna zaharragoak zeudela han; harrien lanketagatik, jarrita zeuden moduagatik, eta agertu zen abside erdizirkularragatik. Hurrengo urtean, bigarren absidea agertu zen, eta hirugarrena ondotik. «Horrekin eta kokapenarekin, konturatu ginen XI. mendean geundela, eta Iruñeko Erresumak sortutako monasterio bat zela hura, ez herri txiki batek mendi punta batean egindako baselizatxo bat; horren atzean bazegoen borondate politiko bat, estrategia politiko bat lurraldea kontrolatzeko eta babesteko». Hiru abside erdizirkularreko monasterio zahar bat zen hura, Donezteberi eskainia, eta Done Mikel Aralarkoaren antzekoa —biak elkarren begi bistan daude, gainera—, eta Nafarroako arkitektura erromanikoaren arloan aurkikuntza garrantzitsua izan zen hura dagoeneko.

(ID_13979871) (/EZEZAGUNA) default (;)
Doneztebeko monasterioaren oin planta, hiru absiderekin. I. ERVITI

Monasterioaren ikerketan jarri zituzten indarrak ondorengo urteetan. Eraikinaren espazioak zehaztu zituzten, eta hari atxikitako gela txikiago bat ere aurkitu zuten. Eta haren barruan, 2022an, putzua. Laster ezustekoa emango zien leku zehatza huraxe zenik jakin gabe.

Agirre Mauleoni «emozio handia» eragin dio aurkikuntzak: «Grekoek eta erromatarrek inbidia handia eman didate betidanik, historia idatzia daukatelako, beren hizkuntzan milaka epigrafe dituztelako, eta guk betidanik pentsatu izan dugu euskaldunona ahozko historia dela. Beraz, arkeologo moduan, beti amestu izan dut halako zerbaitekin, euskara maite dudalako eta nire izaeraren zati inportante bat delako. Halako aurkikuntza baten lekuko izatea opari handia izan da niretzat, emozio handia. Eta are gehiago herri komunitate honekin hainbeste urtez lanean aritu ostean, guztiontzat emaitza oso polita izan delako, eta Larunbe, herri txiki hau, Euskal Herriko mapan jarri dugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.