Gorka Alkalde, Iñigo Gonzalez eta Josu Usobiaga. Ro taldeko musikariak

«Kontsumo luzeko musika egiten dugu»

Lehenengo diskoan garatutako post-rock soinuan sakondu du Ro taldeak 'Baiagoan' lan berrian. Taldearen alderdi emozionalean eta indartsuan sakondu dute, ohi bezala, hitzen beharrik gabe.

RO.
Azkoitia
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Azkoitian (Gipuzkoa) sortu zen Ro taldea, Gorka Alkalde (gitarra), Iñigo Gonzalez (gitarra), Mikel Iraeta (sintetizadore eta pianoak), Iker Amenabar (baxua) eta Josu Usobiaga (bateria) kide dituena. Detailez eta melodiaz beteriko post-rock instrumentala egiten agertu ziren, eta, Baiagoan bigarren diskoan bide beretik jarraitzen badute ere, are gehiago aberastu dituzte kantuak, eta soinu gogorragoetara ere gerturatu dira batzuetan. Sorleku eta entsegu leku duten Azkoitiko Matadeixen Alkalde, Gonzalez eta Usobiagarekin izandako solasaldiak argi uzten du musika dela taldearen lehentasuna.

Noiz hasi zineten diskoa sortzearen ideiarekin? Nolako prozesua izan zuen?

GORKA ALKALDE: Konfinamendu garaian hasi ginen. Sormen handiko garaia izan zen. Nahiko inspiratuta sentitu nintzen, eta, bateria eta baxua buruan izanda, looper batekin sortzen nituen gitarra geruzak. 2020 bukaerarako nahiko argi nuen diskoa: zortzi kantuetatik sei guztiz amaituak neuzkan. Azken orduan beste bi sortu nituen; konposaturikoa taldekideei erakutsi, eta, denon gustukoak zirela ikusirik, aurrera egin genuen grabaketarekin.

Inoiz baino gehiago gerturatu zarete post-rocketik post-metalera.

ALKALDE: Aurretik ere bietatik genuela esango nuke, baina muturrerago eraman ditugu gure musikaren dualtasunak: parte emozionalak oraindik eta emozionalagoak dira, eta zati gogorretan ere urrunago joan gara.

IÑIGO GONZALEZ: Gitarretan metal soinu handiagoa nabari da, bai. Pandemiako testuinguru txarraren barruan, nahiko zorte ona izan genuen Athalase aurreko lanarekin: kontzertuetan jendea eserita zegoen, eta, gure musikak zati lasai asko zituenez, ongi funtzionatzen zuten. Egoera hobetu eta ikusleak zutitzearekin batera, zati lasaiek ez zuten horren ongi funtzionatzen, eta hurrengoan kantu potenteagoak egin behar genituela komentatzen genuen.

Aipagarria da gitarren eta diskoaren soinua, orokorrean. Oso garbi entzuten da guztia, soinu gardena du.

ALKALDE: Bai, egia da. Aurreko diskoan ez nintzen oso gustura gelditu soinu garbiekin. Oraingoan, aldatu egin ditut gitarra eta ekipoa diskoa grabatzeko, eta asko igartzen da, garbi entzun behar diren gitarrak oso garbi entzuten dira. Delay efektua ere asko erabili dut, eta horrek ere bereizten du soinua lehen diskotik hona.

Sintetizadore eta teklatuek ere itzal handiagoa dute. Melodiaren oinarri izateari utzi, eta melodia eramaile bihurtu dira batzuetan.

USOBIAGA: Hasieratik izan zen hori asmoa; gitarrak ezin dira izan beti abestiko protagonistak. Elektronikak, aurreko diskoan, abestien atzealdetik ateraz koltxoi efektua egiten zuen, baina, oraingoan, melodian sartzen da zuzenean, eta gure musikari soinu desberdinak txertatzeko erabili dugu, gainera. Aitor Abiok asko lagundu zigun arlo honetan, eta sekulako lana egin du Mikelek.

Athalase diskoko abestien izenburuak antzinako euskarazko hitzak zirela esan zenuten elkarrizketa batean, eta abesti berrien izenburuek ere ildo berari jarraitzen diote. Nolatan hasi zineten ezaugarri hori erabiltzen?

GONZALEZ: Resurreccion Maria Azkuek euskara zaharretik gaztelania eta frantsesera egindako hiztegi bat aurkitu nuen orain urte batzuk. Bi tomo ditu, eta mila bat orrialde bakoitzak. Baserriarekin, landareekin, animaliekin, erlijioarekin... erlazionaturiko hitz kuriosak daude bertan. Arbola desberdinen adarrak esateko hitz desberdinak erabiltzen dira, adibidez; gaur egun ez dago horrelakorik. Beste hitz asko, amatasunarekin, heriotzarekin... loturikoak dira, eta asko bilatu dugu inguru horretatik. Hitzok hartzen dituzunean, denborarekin transformatu egin direla ikusten da, baina oraindik beren logika dute gaur egun ere. Esaterako, diskoa irekitzen duen Hatsari-k berak hasiera esan nahi du, eta lehen diskoa irekitzen zuen Jaitera-k, berriz, jaiotza.

Eta ba al dute inongo loturarik elkarren artean?

GONZALEZ: Ez, ez dute. Lehenengo diskoan istorio bat kontatzen genuen: jaio, hil eta berpiztu. Baiagoan, berriz, hil aurreko trantzea da, eta heriotzarekin eta kristautasunarekin erlazionaturiko hitzak erabili ditugu. Hitzik erabili gabe zaila izaten da kantuei izenak jartzea, eta daukaten esanahitik, sonoritatetik eta idazketatik tira egiten dugu asko.

Singleek gero eta garrantzi handiagoa duten eta disko laburrak gero eta gehiago diren egunotan, hamar minututik gorako abestiak dituen eta ordubetetik gora irauten duen diskoa kaleratu duzue. Ez da ausardia makala zuena...

USOBIAGA:Talde askok funtzionatzen dute irratian aldiro hiru minutuko singleak argitaratzen, baina guk argi geneukan disko oso bat nahi genuela. Ez da ausardia kontua, helburu kontua dela uste dut: horrela gustatzen zaigu musika, eta horrela egiten dugu.

ALKALDE: Ez du zertan izan horrela, baina, beste musika estilo batzuekin alderatuta, disko luzeak egiteko aukera gehiago ematen ditu jorratzen dugun estiloak. Post-rocka edo post-metala egitean, hasieratik gara kontziente musika popularraren aurka goazela eta gutxiengo batentzako musika dela gurea. Baina hauxe gustatzen zaigu. Guk ez dugu hiru minutuko abestirik egiten, ezta bideoklip laburrik ere: kontsumo luzeko musika da gurea.

Nolatan hasi zineten musika instrumentala egiten? Zer gustatzen zaizue gehien zuen musikatik?

GONZALEZ: Emozio asko transmititzen ditu, eta oso ederra da hori. Ilunbean esanak/eginak lehen abestia atera genuenean, lagun baten 6 urteko alaba negarrez hasi zen abestia entzuten, txikitako argazki batzuk ikusten zebilela. Antzerako beste kasu batzuk ere komentatu izan dizkigute, eta gure musikak balio duela erakusten digute gertakari horiek. Batzuetan, mila hitz esatea baino hobe da ezer ez esatea. Ez da gauza erraza, baina lortzen denean ederra izaten da.

ALKALDE: Hori da gure musikak duen ona. Beste estiloekin ere gertatuko da, baina egiten dugunarekin emozio ugari azaleratzen dira. Konposatzen nabilela ere askotan gertatu izan zait negarrez hastea, eta zerbait ona sortzen aritzearen sintoma izan da. Horrelako musika egiten ez duten beste talde batzuetan ere jotzen dut, eta haiekin ere emozionatzen naiz, baina inoiz ez ROrekin gertatzen zaidan moduan.

GONZALEZ: Ez dira sufrimendu negarrak izaten, sentimendu eta momentu politak izaten dira.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo webgune honetara:

www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.