Duela bost urte idatziriko gutun bat izan zen Xipri Arbelbiderentzat (Heleta, Baxenabarre, 1934) Oilarrakukuruka liburu idazteko abiapuntua. Pirinio Atlantikoetako 60 apezek eginiko gutuna zen, zeinetan Baionako Marc Aillet apezpikuaren egiteko manerak salatzen baitzituzten. Hilabete batzuk lehenago, giristino talde batek jada petizio bat egina zuen Ailleten dimisioa eskatzeko; 2008tik apezpiku da, eta abortuaren kontra egin izan dituen adierazpenek —besteak beste— harrabotsa egina zuten ordurako.
Arbelbide bera apeza da, eta badu liburu andana idatzirik. Ibilbidean eragin dio Aljerian soldadu ibili izanak, eta baita ere Boli Kostan egon izanak hamabi urtez, misiolari eta irakasle. Han idatzi zuen lehen liburua. Geroztik, biderkatu dira haren gogoeta eta esperientzien berri emateko obrak. Aipa daitezke, adibidez, Enbata (1996), Besta Berri (2001), Zoriona! (2005), Xuri-gorriak (2007), Requiem (2008), Euskal Elizaren historia (2014) eta Garapena gelditu (2017).
Oilarra kukuruka liburuak Bilboko 20. Miguel de Unamuno saria irabazi du; Ereinek eta Bilboko udaletxeak elkarrekin argitaratu dute, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Inazio Mujika Ereineko editoreak erran zuenArbelbidek «beti» izan dituela hainbat interes: «Hainbat eta hainbat interes, hainbat gai, hunkitu dituenak; beti izan ditu interes askotarikoak».
Elizaren gainbehera
«Aipatzen dut Elizaren krisia: nondik heldu den, zerk egiten duen», azaldu du Arbelbidek. Eliza eta Estatua bereizi ziren garaia, iraultzak, gerlak, marxismoa, 1968ko maiatza, Enbataren sorrera eta Euskal Herriko apezen arteko azken hausturak aipatzeraino. Liburuan azaldu du beherakada aspaldian hasia dela.
Aillet apezpikuaren inguruan sortu eskandaluek eman zioten idazteko arrazoia, hastapen hartan. 60 apezek eginiko gutunak oihartzun handia izan zuen, eta hedabideek hurbiletik eman zuten gertaeraren berri. Alta, Arbelbideren ustez, «etxekoz etxeko egin behar ziren xuriketak», plaza gainean modu zabalean hedatu baino gehiago. Hala, azken urteotako pataskei garrantzia kendu, eta horrelakoak betitik gertatu direla oroitarazi du liburuan. Gainera, gaurko gizarteaz «kezkaturik» idatzi du liburua. Hala, Elizaren krisia aipatu du, eta azpimarratu «Mendebaldeko munduaren krisia» dela. «Eliza gaizki doa, gure gizartea gaizki baitoa, heriotzara baitoa. Gure lurra leher egiten ari da».
Oilarra kukuruka
«Jondoni Petri lehenengo apezpikuak Jesus ukatu zuen, eta, orduan, oilarra kukurruka entzun zuen. Jesusen erranez oroit, eta ohartu zen huts egin zuela»: istorio horretatik dator liburuaren izenburua, jendea ohar dadin zertan den orain.
Horrez gain, ikastolak nola eta nork sortu zituen gogoratu du Arbelbidek. Hastapenean, sortzaileak giristinoak zirela uste du, eta denborarekin kontra jarri direla. «Pentsatzen dut uste zutela Eliza haiekin batuko zela borroka armatura, baina hori ez zen posible». Orokorkiago, argi du Mendebalde osoan giristinoen sinestea apaldu egin dela. «Orain, denetan beheiti doa sinestea. Arrazoietatik bat da kontsumismoan sartuak garela lepo zintzurreraino; gure fedea, gure sinestea kontsumismoan daukagu. Gauza gehiago erosi, modernoagoak, eta zorion gehiago!», adierazi du.
Sakelako telefonoa erakutsi du eskuan. «Frantzian kalkulatua dute telefonoak bi urte irauten dituela, eta beti berria erosi behar... Beti berriagoa! Horrek egiten du lurra agortzen ari dugula; lurraren ontasunak agortzen ditugu, eta hori ez da nehundik ere ebanjelioarekin akort izaten ahal».
Hortaz, krisitik ateratzeko, «sinetsi», ebanjelioan «gehiago sinetsi» behar dela uste du Arbelbidek. «Apezak ere sartuak gara kontsumismoan. Zenbatek ez dute beren otoitza Interneten irakurtzen? Zenbat apezek dute auto laburra? Twingo bat aski da. Zenbat lagun joaten dira oporretara Argentinara edo Ameriketara? Ez da debekatua hamar manamenduetan, baina ikusten duzularik zertan den mundua...». Azpimarratu du giristino batek besteez axola behar duela, eta hori bera errepikatu du liburuko hamasei kapituluetan barrena.
Kontsumismotik Elizara itzultzeko
Xipri Arbelbidek 'Oilarra kukuruka' liburua argitaratu du, Ereinekin. Elizaren gainbeheraz mintzo da liburuan, eta, krisiaren aitzinean, ebanjelioan «sinistera» bultzatu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu