Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa

Kontsentsua

Beñat Gaztelumendi.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
www.mondragon.edu/huhezi/ekt

Sekula kontsentsurik izan ez duen herri batean bizi gara; inork hegemonia kulturalik ezartzen asmatu ez duen herri batean; identitate bat bestearekiko erresistentziaz definitzen duen herri batean. Eta hauteskundeak iristear dauden herri batean.

Hemen ez omen dago identitate-arazorik. Herritarrak benetan kezkatzen dituzten gaiez egin behar omen da politika. Horixe diote agintariek. Baina bestelako iritzia daukate inkesta soziologikoek. Xabier Aierdi izan genuen asteazkenean Eskoriatzan. Eta klasea hasi orduko galdera egin zigun: «zein dira bada, herritarrak benetan kezkatzen dituen gaiak? Klase borroka al daukagu EAEn?». Eta ardatz bat erakutsi zigun. Herritarrei eskuineko edo ezkerreko, zer diren galdetuta, gehienak ardatzaren erditik ezkerrera kokatzen dira, inor oso muturrera joan gabe, ordea. Baina, euskaldun edo espainiar sentitzen diren galdetuta, ia ardatza bezain luzea den marra bat marrazten dute inkestek. Gure herrian euskaldun baino sentitzen ez diren pertsonak eta espainiar baino sentitzen ez direnak bizi baitira. Hori da gure errealitate soziologikoa: herritarren %50ek «euskaldun» edo «espainiar baino euskaldunago» dela dio, %15ek «espainiar» edo «euskaldun baino espainiarrago» eta %40 tartean kokatzen da. Baina, noski, horiek guztiak mapa berean kokatzea; identitate aniztasun horretan euskarak bizirik irauteko moduko proiektu bat diseinatzea, ez da herritarrak benetan kezkatzen dituen gaia.

Xabier Aierdik azaldu zigun «euskaltasuna» berriro definitu beharra dagoela politikoki. Instituzioetan egon direnek ez dute behar bezalako kultur proiekturik diseinatu. Euskalgintza, gehienbat, hortik kanpo egituratu da, askotan erakundeekin aurrez aurre talka eginda. Sekula kontsentsurik izan ez duen herri batean bizi baikara. Egia da. Eta erraza litzateke guztia horretara mugatzea. Baina kontua ez da hori. Kontua da gizartean izan diren adostasunak ez direla politikan islatu. Kontua da politikariak euskararen inguruko hitzarmen bat adosteko gai ez diren bitartean, ideologikoki elkarrengandik hain urrun dauden milaka gurasok matrikulatu dituztela beren seme-alabak D ereduan.

Laster Diputazioak lau esku ezberdinetan erori omen daitezke. Eta, orduan zer? Bakoitzak bere hizkuntza eta kultur politika eramango ditu? Gai izango dira hizkuntza gutxitu batek bizirik irauteko minimoak adosteko? Hizkuntzak, kulturak, ezin baitira lau urtean behingo gehiengoen arabera diseinatu. Identitate-arazoak ez baitira inaugurazioetan zinta moztuta konpontzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.