Musika

Euskadiko Orkestrak kontrastez betetako programazioa prestatu du 2024-2025eko denboraldirako

Ohiko errepertorioko obrekin batera, beste zenbait lehen aldiz interpretatutako ditu. Pascual Aldabe konpositore nafarra gogora ekarriko du, haren jaiotzaren mendeurrenean. Irailaren 27an ekingo dio denboraldi berriari.

Oriol Roch, Bingen Zupiria eta Robert Treviño, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitzan, denboraldi berriaren aurkezpenean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Oriol Roch, Bingen Zupiria eta Robert Treviño, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitzan, denboraldi berriaren aurkezpenean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko maiatzaren 27a
15:51
Entzun

Euskadiko Orkestrak ohikoa du denboraldi bakoitza ideia jakin baten bueltan ardaztea. Oraingoan, bat ez, bi kontzeptu hartu ditu aitzakiatzat 2024-2025eko abonu denboraldiaren programazioa osatzeko: kontrastea eta araoa, hain zuzen ere. Eta ideia horietatik abiatuta, 11 abonu programa eta 50 kontzertu bilduko dituen egitaraua osatu du, irailaren 27tik heldu den urteko ekainaren 5era bitarte Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean eskainiko duena. Nazioarteko zuzendari eta artista ugari ariko dira orkestrako musikariekin batera, baita Euskal Herriko hainbat eskola eta abesbatzatakoak ere. Halaber, Pascual Aldabe gogoan izango du orkestrak, konpositore nafarraren jaiotzaren mendeurrenean.

Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak aletu ditu denboraldi berriaren xehetasunak, Robert Treviño zuzendari titularrarekin eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin egindako agerraldian. Kontrastearen ideiaz mintzatu da lehenik Roch, eta azaldu ohikoagoa izan daitekeen errepertorioaren eta «deskubritzea merezi duenaren» artean sumatuko duela entzuleak ideia hori. «Errepertorio berria deskubritzeko apustu argian, hain ohikoak ez diren nazioarteko autoreak izango ditugu denboraldian». Adibiderako, iaz hil zen Kaija Anneli Saariaho konpositore finlandiarra aipatu du, zeinak klarineteari D’om le vrai sens izeneko kontzertua eskaini zion. Obra hori Kari Kriikku musikari finlandiarrak interpretatuko du orkestraren denboraldi berrian.

Perkusioaren eskutik helduko da beste berritasunetako bat, Detlev Glanert konpositore alemaniarraren Perkusiorako kontzertua obraren estreinaldiarekin. Christoph Sietzen austriarra ariko da lan hori interpretatzen, zeina Europako hiru orkestraren arteko enkargu bat den —Norvegiako Arctic Philharmonic, Alemaniako Hessischer Rundfunk eta Euskadiko Orkestra—.

Halaber, Euskadiko Orkestrak aurrez jo izan dituen eta lehen aldiz interpretatuko dituen obren arteko kontrastea ere eraman dute programaziora. Batetik, Alexander Nikolaievitx Scriabinen nahiz Karol Maciej Szymanowskiren 2. sinfoniei eta Pelleas et Melisande obrari —Gabriel Faureren konposizioari lehenik, eta Arnold Schonbergenari ondoren— aurrenekoz egin beharko diete aurre musikariek, besteak beste —denera, 11 lan gehitu dizkio orkestrak bere ohiko errepertorioari—. Eta, bestetik, aurrez jo izan dituzten eta berriro taularatuko dituzten piezen artean daude, besteak beste, Franz Schuberten Handia nahiz Gustav Mahlerren Zazpigarrena eta Bederatzigarrena sinfoniak. Mahlerren obrei dagokienez, iragarri dute Musikeneko zenbait musikari ariko direla Zazpigarrena jotzen, eta EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrako beste zenbait, berriz, Bederatzigarrena interpretatzen.

Aldabe, Arzamendi eta gonbidatuak

Araoa da programazioa ardazten duen beste argumentua, eta bi euskal konpositoreren obrarekin lotu du Rochek: Pascual Aldaberen Akelarre-rekin eta Beatriz Arzamendiren Sorginen soinua-rekin. Aurten beteko dira ehun urte Aldabe jaio zenetik, eta konpositore nafarrak 1986an Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz idatzi zuen ballet sinfonikoarekin ekarriko du gogora Euskadiko Orkestrak. Lau rapsodia ditu Akelarre-k, eta bigarrenak irekiko du, hain justu ere, denboraldi berria Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan; ondoren, 3. eta 4. rapsodiak ere interpretatuko ditu orkestrak Iruñeko Baluarten, Iruñeko Orfeoiarekin batera.

Arzamendik, berriz, «Euskal Herrian horren errotuta dagoen sorginen mitoari buruzko bere begirada» eraman du Sorginen soinua lanera, eta hori ere zuzenean entzunaraziko du orkestrak.

Mahlerren hitzak ekarri ditu gogora Rochek, araoaren ideia borobiltzeko: «Hark esaten zuen tradizioa ez dela errautsak gurtzea, suaren defendatzea baizik, galdu ez gaitezen. Aldarri horri eutsi, eta aniztasuna defendatzeko geure arao edo konjurura gonbidatu nahi dugu publikoa. Gure lanaren parte ere bada kultua, plurala eta kritikoa den gizarte bat mantentzea; horretarako ere balio du orkestra batek».

Horretarako, hainbat gonbidatu izango ditu lagun denboraldi berriko kontzertuetan. Euskal Herrikoak izango dira horietako batzuk —Juanjo Mena zuzendaria eta Suhar korua zein Iruñeko Orfeoia, esaterako—, baina nazioartetik ere beste asko helduko dira, hala nola Stanislav Kochanovsky, Christoph-Mathias Mueller, Dinis Sousa, Lukasz Borowicz eta Kristiina Poska orkestra zuzendariak, nahiz Kari Kriikku (klarinetea), Denis Kozhukhin (pianoa), Christoph Sietzen (perkusioa), Pinchas Zukerman (biolina), Baiba Skride (biolina) eta Daniel Mueller-Schott (biolontxeloa) bakarlariak.

Grabazio berriak bidean

Zortzigarren denboraldia izango du Robert Treviñok zuzendari titular gisa, zeinak lau programa zuzenduko dituen. Haren hitzetan, Euskadiko Orkestra nazioartean «ezaguna da soinu mota bat eta musika interpretatzeko molde bat izateagatik; profil bat dauka, marka bat». Hala, pozik agertu da orkestrarekin lan egiten duten atzerriko musikariei dagokienean, eta elkarlan horien bidetik segituko dutela ziurtatu du.

Halaber, grabaketa diskografikoek duten garrantzia ere nabarmendu du Treviñok. Heldu den ekainaren 7an Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarrari eskainitako grabazio bat kaleratuko dute, Ondine diskoetxearen eskutik. Americascapes bildumako bigarren diskoa ere, iazko udazkenean grabatua, hilabete batzuen buruan izango da kalean. Bada, iragarri dutenez, Euskadiko Orkestrak Richard Straussen bi partitura ezagun grabatuko ditu irailean, Ondineren eskutik horiek ere: Macbeth, poema sinfonikoa eta Sinfonia domestikoa.

Hain zuzen, orkestraren bidez euskal kultura nazioartean zabaltzeko egindako lana nabarmendu du Bingen Zupiriak, eta, horretarako, Euskal Herrian bertan, Eresbil, Musikene eta beste hainbat elkarte eta erakunderekin lantzen duen elkarlana goraipatu du. «Horrek guztiak egiten du Euskadiko Orkestraren proiektua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.