Aretoko horma zuriek are nabarmenago egiten dute piezen kolore horia. Hori da, hain zuzen, Irati Urrestarazuren Albo batera utziz erakusketaren intentzioa: lehen begi kolpetik agerikoa izatea kontrastea. Egoera «deserosoak» sortzea «gustuko» du egileak, eta, oraingoan ere, koloretik bertatik hasi da helburu horren bila, osagarriak ez diren horiak elkarrengandik gertu kokatuz: «Nire lanean, kolorea beti izan da garrantzitsua tentsioa sortzeko beste elementu baten moduan. Gehigarri bat da». Bilbo Arten egongo da ikusgai, azaroaren 20ra bitarte, tentsioa eragiteko prest.
Kolorearena lehen abisua baino ez da, ordea, kontrasteak erabat blaitzen baitu Urrestarazuren lana, agerikotik harago. Badago, artistaren ustetan, objektuaren eta haren subjektibotasunaren artean ikusezina baina nabaria den prozesu bat, eta hori landu du bere azken obra honetan. Prozesu «dialektikoa» da; hala definitu du artistak hasierako ideiaren eta haren gauzatzearen artean gertatzen dena: «Nire indarraren eta materialaren gaitasunaren arteko elkarrizketa edo elkarreragina dago, eta horrek beste egoera bat eragiten du». Erakusketan nagusi den osagaiak, erretxinak, aise lagundu dio hori irudikatzen: materiala malgu zegoen bitartean landutako piezek artistak emandako forma galdu dute gogortzerakoan. «Inoiz ezin dut jakin nola geratuko den amaieran».
Zoriaren araberakoak izan dira, halaber, gainontzeko materialez eginiko piezak. Aretoa bitan banatzen duen errezel horia goitik eutsita dago, baina ez alboetatik: «Nire kontroletik kanpo geratu dira errezelak duen erortzeko modua, tolesturak eta tentsioak». Bestalde, hormako egur xaflez ondutako koadroa ez zen, printzipioz, erakusketan sartzekoa. Erretxina lantzeko erabili zuen egurra, eta, botatzeko hautsi zuenean, xaflekin ere konposizio bat egin zezakeela otu zitzaion: «Egur zatiak paretan pilatu nituen, eta hor zeozer interesgarria zegoela iruditu zitzaidan». Zintzilik uztea erabaki zuen, erretxinaren arrasto eta guzti.
Elementu horiek guztiak harremanetan jarri nahi izan ditu Urrestarazuk, haiekin «pieza bakar bat» sortzeko: «Lagun batek esan zidan akuarela batean sartzea bezala dela. Piezak bata bestearen atzean ikusi eta erlazionatzeak erakusketan zehar bidaiatzera zaramatza». Horiek horrela, pieza sortzerakoan agertutako talkak piezen artean ere gertatzen dira, eta, kasu honetan ere, batasuna dute emaitza. «Atmosfera bat sortu dut. Kolore horien arteko kontrastea ere apaldu egiten da gero».
Prozesua helburu
Urrestarazu ez da aldez aurretik ideia finko bat izan eta bide horri zuzen jarraitzen dion artista horietakoa, agerikoa da. Prozesuan korapilatzea du gustuko. «Osagaien arteko harremanak sortzen eta apurtzen ibiltzen naiz. Berregiten dut, eta hortik zer ateratzen den ikusten. Prozesuan beti galtzen naiz». Oraingoan ere, elementu batzuk ezinbestekoak zirela erabakita zeukan hasieratik: erretxinazko xaflak eta errezela, esaterako; baina prozesuan murgildu arte ez du erabat argi izan erakusketaren muina. Ezustekoak izan ditu aretoarekin berarekin ere. «Nahi ez nituen lau pareta mugikor daude, hiru zutabe, entxufe pila, argi artifiziala...».
Hori izan du joko zelaia, eta oztopo horiek balio izan zaizkio, ikuslea ez ezik bere burua ere egoera deserosoetan kokatzea gustuko duelako: «Prozesurako lagungarri zait horrela lan egitea. Erakusketa batean esan nuen gaizki lan egitea gustuko dudala, kontrolatu ezin ditudan guneak sortzeko, eta hala da». Bilbo Arteko aretoaren ezaugarriek eman diote gune horiek arakatzeko parada: «Halako baldintzetan lan egin dezakedan lehen aldi izan da, piezak jartzen joan eta zer sortzen den ikusiz. Eroso aritu naiz hemen».
Behin eta berriro proba egitearen emaitzak dira piezok. Eta, oroz gain, hori dira: forma hutsak. Izan ere, Urrestarazuk bereizi egin ditu, beste behin, ideiak eta emaitzak: «Gauza bat da nire ideiek nondik edaten duten, eta beste bat emaitzak horiekin erlaziorik duen. Egiten dudana formala da. Ez dut inoiz eramaten planteamendu kritiko edo ideologikorik lanera; ez, behintzat, bukaerako lanera».
Kontrasteek eragindako artea
Irati Urrestarazuren 'Albo batera utziz' erakusketak indar ezberdinen arteko talka ageri du. Pieza bakartzat har daiteke lan osoa, baina artistak prozesuari eman dio garrantzia. Azaroaren 20ra arte ikusi ahalko da, Bilbo Arten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu