Joan den mendearen hasieran, Ricardo de Bastida arkitekto bilbotarrak Gernika-Lumon lantegi bat eraikitzeko agindua jaso zuenean, ziur asko ez zuen espero Astra eraikina horren famatua bihurtzea. Bilbotarrak arma lantegi baten eraikina diseinatu zuen, baina munduak bira asko eman ditu ordutik. Izan ere, 1997ra arte arma lantegi bat izandakoa sormen lantegi bihurtu dute Gernika-Lumoko herritarrek.
Udalak duela gutxi amaitu zituen eraikinaren egokitzapen lanak, eta Astrari itxura berritzaile bat ematea erabaki du. Horretarako, gainera, nazioarteko artista garaikide garrantzitsuenetako baten laguntza izan dute gernikarrek: Liam Gillick-ena (Aylesbury, Ingalaterra, 1964).
Gillicken hitzetan, «zaharraren eta berriaren arteko kontrastean» oinarritu du Faceted Revision Structure artelana. Hala, eraikinak iragana eta oraina batzen ditu, gaur egun. «Eraikinaren alde batek arma lantegiaren itxura du, baina, bestaldera joanez gero, arma lantegia desagertu egiten da, gune berri bat sortuta».
Artistak Kulturen, Bakearen eta Askatasunaren urtearen harira egin du artelana, baina, aitortu duenez, ez du kontuan izan. Dioenez, Astrakoa «artelan soil bat» da, interpretazio jakinik bilatzen ez duena. Hala, jendeak eraikina lehenengo biderrez ikusitakoan iritzi desberdinak egongo direla deritzo.
Artistaren ustez, garrantzitsuena da islatzea eraikinaren barruan zerbait gertatzen dabilela. Gillickek azaldu duenez, eraikinak «bizia» duela erakutsi nahi zuen, eta lortu duelakoan dago. «Seinale baten antzekoa da artelana; hemen zerbait gertatzen dabilela esaten du». Hala, pozarren azaldu da Astraren itxuraz galdetuta: «Ez nekien asmatuko nuen, baina egia esan, gustuko dut».
Astra sormen lantegiak lehen begiratuan deitzen du arreta, eta, artistaren ustez, «oso positiboa» da hori. Eraikina ikusten dutenek barruan zer gertatzen den jakiteko gogoa izango dute, eta horrela Astraren historia zabalduko dela deritzo. «Astraren aurrealdeak erakarrita etorriko dira bisitariak, baina arma lantegiaren historia ezagutzeko aukera izango dute». Hala, artelana iraganaren eta orainaren artean dagoen zubi bat da.
Emaitza ikusita, pozik
Gillickek azaldu duenez, diseinuaren eta artelan amaituaren artean «ez dago alderik». Ez du ezusteko txarrik hartu, eta horrenbestez, pozik dago emaitza ikusita.
Batez ere, gauza bat gustatu zaio obraren autoreari: «Urrunetik ikusita, eraikin artifizial baten itxura du, baina hurbiltzerakoan, ikuspegia bestelakoa da». Eskuz egindako panel koloredunek «erabilgarritasuna eta bizitzeko gogoa» islatzen dituztela deritzo. Astra eraikina bezala, bestalde, proiektua diseinatzeko modua ere ezberdina izan da. Normalean, maketak erabiltzen ditu arkitektura lanetan, baina Astraren kasuan bestelakoa izan da artistaren sortze prozesua. «Ordenagailuak egin du lan guztia», Gillickek dioenez, barre artean.
Eraikin lau baten aurrealdea egitearen antzekoa izan da Astraren aurrealdea diseinatzea, Gillicken iritziz. Hala, puzzlearen pieza guztiak ondo kokatzea izan da lanik garrantzitsuena.
Panelen ordena, hala ere, ausaz erabaki zuen. Hala, uste du panel koloredunen ordenak ez duela ematen interpretaziorako aukerarik. «Ez dut mezu jakin bat zabaldu nahi; eraikinak bizirik jarraitzen duela erakutsi nahi dut».
Kontrastearen arma lantegia
Liam Gillick artista ingelesak Gernika-Lumoko Astra lantegiaren aurrealdeko horma diseinatu du. «Zaharraren eta berriaren arteko kontrastean» oinarritu da artelana egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu