«Galdetzen badidazue nire poesia zer den, ez dakit erantzuten; baina nire poesiari galdetzen badiozue, hark jakinen du ni nor naizen». 1943ko poesia errezital baten hasieran nabarmendu zuen Pablo Nerudak bere obra zer neurritan den haren ispilu. Autoerreferentziez josiak dira haren olerki asko, berdin lehenbiziko pertsona baliatuta edo hirugarrena ibilita, eta maitasunari zein politikari loturiko ideiei franko egin zien tokia haietan. 40tik gora poema bilduma eman zituen bizirik zen artean, eta Literaturako Nobel saria jaso zuen 1971n. Ondorengoei utziko zien arrastoaz hausnartu zuen, besteak beste, garaikurra jaso ondoko hitzaldian. «Liburuetan ez nuen aurkitu poemak nola konposatu azaltzen zidan inolako errezetarik, eta nik ere ez dut inprimaturik utziko inongo aholku, modu edo estilorik poeta berriek niregandik jasotzeko neronek omen dudan jakinduriaren izpirik». Irailaren 23an beteko da mende erdi zendu zenez geroztik.
1904an jaio zen, Parralen, Txilen, eta, sortzez, Ricardo Eliecer Neftali Reyes Basoalto zuen izena. Oso gazte hasi zen idazten; artean adingabe zelarik argitaratu zioten lehenbiziko olerkia, 1917an, La mañana egunkarian. Dena dela, etxean ez zuen babesik jaso. Haren aitak ez zuen nahi semea poeta izatea, eta hainbat eskuizkribu hautsi zizkion, kontra egiteko. Horregatik, ezizen bat baliatzeari ekin zion, 1946an izen ofizial bilakatuko zuena: Pablo Neruda. Poetak ez zuen sekula esplikatu zergatik hautatu zuen izen hori, baina askok iritzi diote Jan Neruda idazle txekiarraren omenez hartu zuela. Beste teoria batzuen arabera, Wilma Norman-Neruda biolinistarengatik aukeratu zuen.
Parralen sortu arren, Nerudak Temucon eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Bertan idatzi zuen lehenbiziko poema liburua: Crepusculario (1923). Sentimentalismoa eta erromantizismoa gailentzen ziren obra horretan, eta gai horiek harilkatzen dute bere bigarren liburua ere: Amodiozko hogei poema eta kanta bat bakar-mindua (1924). Lan horri esker egin zen Nerudaren poesia sonatu.
Helduaroan murgildu ahala, diplomazian eta politikan hasi zen Neruda, Txileko ezkerreko mugimenduekin eta Alderdi Komunistarekin konprometiturik. Hark aitortu gisara, garaiko kezka politikoak sarri azaldu zituen olerkietan. «Politika nire bizitzarekin nahasi zen, eta olerkiei ezin nizkien kalerako ateak itxi, ezin itxi nizkien bezala maitasunerako atea, bizitzarakoa, alegriarakoa edo tristurarakoa».
1927tik, kontsul izan zen hainbat herrialdetan, hala nola Birmanian, Sri Lankan, Singapurren eta Espainian. 1943an Txilera itzuli zen, eta senatari izendatu zuten 1945ean. Ordea, gatazka gogorrak izan zituen Gabriel Gonzalez Videlaren gobernuarekin, eta erbestera egin zuen 1949an. 1952an itzuli zen. Hil artean izan zen Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiko kide, eta, izatez, lehendakarigai izateko hautagai izan zen 1969an. Azkenik, uko egin zion hautagaitzari, Salvador Allenderi bidea ireki eta hura izan zedin Unidad Popularreko lehendakarigai bakarra.
Urteek aurrera egin ahala, gero eta ageriago dira Nerudaren figurak besteak beste genero ikuspegitik sortzen dituen dudak. Gainera, jokabide matxistak artistaren bizitzako pasarteetan zein obran dira bistakoak. Hainbat feministak adierazi dute Nerudak bere poemetan zabaltzen zituen mezuak sarri zirela misoginoak. Horren adibide, XV poema nabarmendu ohi da: «Laket zaitut bestetan ez bezala isila/ zaudelako bertan ez bazina bezala». Halere, olerkietakoak bainoago, bizialdian eginikoak kritikatu zaizkio: alaba abandonatzea eta andre bat bortxatzea, besteak beste. Olerkariak berak aitortu zuen bortxatu izana, hil ondotik plazaratutako Confieso que he vivido (1974) memoria liburuan.
Pozoitua hil omen
Augusto Pinochetek Allende presidentearen kontrako estatu kolpea eman eta hamabi egunera zendu zen Neruda. Prostatako minbizia zuen, eta esan zen eritasun horren ondorioz hil zela. Ordea, bertsio hori gezurtatutzat eman dute aurten. Familiaren arabera, auzitegi medikuen ikerketak ondorioztatu du poeta clostridium botulinum germenaren toxina injektatu ziotelako hil zela.
2011z geroztik dago piztuta Nerudaren heriotzaren kausari buruzko auzia. Nerudaren txofer Manuel Arayak Mexikoko Proceso aldizkarian adierazi zuen idazlea diktadura militarraren aginduz pozoituta hil zela. «Santiagora berehala itzultzeko eskatu zigun, oso gaizki zegoelako. Esan zuenez, erdi lokarturik zegoelarik, mediku bat gelara sartu zitzaion, eta injekzio bat jarri zion».
Kontraesanezko poeta
Poemagintzan zein politikan, bietan eginikoengatik lortu zuen mundu mailako sona Pablo Nerudak. Haren itzalak ere franko bistaratu dira aspaldi. 50 urte dira hil zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu