Kontraesanez jositako istorioa

Fito Rodriguez idazleak 'Mort aux rois' narrazio laburra aurkeztu du. XIX. mendean girotuta dago

Fito Rodriguez, Mort aux rois liburua eskuan duela, Donostiako Tabakalera zentroan. JON URBE / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Inguruan, liburu andana; eskuan, Mort aux rois liburua. Horrela egin zuen bere lan berriaren aurkezpena Fito Rodriguez (Gasteiz, 1955) idazle eta EHUko irakasleak. Donostiako Tabakalera zentroan aurkeztu zuen, herenegun, Tobacco Days liburu dendan. Narrazio labur bat da, eta, izenburua frantsesez idatzita egon arren, argitalpena hiru hizkuntzatan idatzita dago: euskaraz, katalanez eta gazteleraz. Ez zuen bakarrik aurkeztu; izan ere, alboan izan zituen Elena Martinez Besatariko editorea, Maite Arrese aktorea eta Aritz Branton Booktegiko sortzailea.

Martinezen hitzekin hasi zen aurkezpena: «Euskaraz idatzi zuen, baina lehen aldiz katalanez argitaratu zen. Hau da lehen aldia hiru hizkuntzetan argitaratzen dena». Heriotza erregeei: hori esan nahi du izenburuak, eta XIX. mendean girotuta dago, Napoleonen agintaldian. «Pertsonaia nagusia Jean-Baptiste Bernardotte izeneko militar bat da. Napoleonen garaikidea zen, baita laguna eta etsaia ere», azaldu zuen editoreak. Bernardotte noblea zen, eta zailtasunak izan zituen militarren hierarkian gorantz egiteko. Iraultzarekin batera, ordea, aldatu egin zen premisa hori: «Aukera izan zuen nor zen erakusteko eta hierarkian gora egiteko».

Protagonistaren tatuaje batean du jatorria izenburuak: «Argi zuen erregearen aurka zegoela; beraz, tatuaje bat egin zuen bularrean, eta heriotzaerregeei jartzen zuen». Paradoxikoa badirudi ere, «ibilbide gorabeheratsua» izan zuen pertsonaiak; izan ere, Martinezen arabera, kontraesan ugaritan jausi zen Bernardotte. Aktualitatearekin lotu ditu: «Erregearen irudiaren eta monarkiaren aurka egon arren, Suediako errege bilakatu zen. Gauza asko esan daitezke horri buruz; batez ere, ikusita nola funtzionatzen duten gauzek politikaren arloan. Pentsaera batekin hasi, eta gero bilakaera bat izaten da».

Zuzentasunetik ihesi

Kontraesan horien inguruan mintzatu zen idazlea ere. Rodriguezen hitzetan, ezin da kontraesanik gabe bizi: «Kontraesanik gabe, dialektikarik gabe... ezin daiteke aurrera egin, ezin daiteke bizi, eta ezin daiteke aldatu. Kontraesanen bidez eraldatu egiten gara, eta mundua ere eraldatzen dugu». Zuzentasun politikotik gutxi duen narrazio labur gisa definitu du lana, eta kontzeptuaren inguruko gogoeta egin du: «Politikoki zuzena baino, esango nuke gizartea gero eta zurrunagoa dela, eta diskurtso ia guztiak, testu literarioak barne, gero eta zurrunagoak direla. Gehiago begiratzen zaio gizarteari testuari berari baino».

Kontakizunaren protagonista militar bat den arren, beste pertsonaia baten talaiatik jasotzen du edukia irakurleak. «Istorioaren narratzailea bere neskamea da», argitu zuen Rodriguezek. Hain justu, bi pertsonaia horiek biltzen dituen eszena batekin hasten da liburua: Bernardottek neskamea bortxatzen du. Editorearen aburuz, neskamearen pertsonaiak herri xehea ordezkatzen du: «Herri xehea gorpuzten du, garai hartako herri xehea; hots, gerrak mugiarazten duen herria». Hala, neskamearen ikuspuntutik idatzita dago kontakizuna, eta, egilearen iritziz, egoeraren interprete gisa baliatu du pertsonaia hori.

«Hizkuntza asko sartzen dira, istorio asko daude, eta historia ere ageri da», esplikatu zuen Rodriguezek. Haren esanetan, liburuak oinarri historiko bat du, baina, azken finean, fikzio bat da: «Pertsonaia benetakoa da, baina nik fikzionatu egin dut; hain zuzen ere, narratzailearen ikuspegia erabilita». Gainera, lana «Norvegiako independentziari eskainia» dagoela nabarmendu du liburuan: «Gertakizun hau dela eta, gaur egun Norvegia independente da. Kanpotik errege bat inportatu behar izan zuten; suedieraz ere ez zekien, eta norvegiarrek independentzia izendatzeko aprobetxatu zuten, 1905ean». Martinezen ustez, narrazio «laburra eta trinkoa» da, baina «mereziko luke luzatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.