Sartu orduko, kontrasteak ematen du atentzioa. Batetik, Donostiako Santa Maria elizaren handitasun eta isiltasun maiestatikoa; bestetik, obraren kolore indarra, eta abstrakziorako joera. Elizako basilikan Eduardo Txillidak egindako gurutze formako eskultura dago, eta haren aurrean paratu dituzte Xavier Alvarez de Eulateren (1919, Donostia-2012, Bermeo) 11 margolan; Agerkunderako espazioak sailekoak dira guztiak, Arantzazuko santutegitik ekarriak. Arantzazuko Adiskideak elkartearen eta Arantzazu Gaur Fundazioaren ekimenez hirugarren urtez jarraian atondu dute Alvarez de Eulateren obrez osaturiko erakusketa Donostiako alde zaharreko elizan. Apirilaren 3ra arte egongo da ikusteko moduan.
Eta ez da harritzekoa kontrastearen indarra, ez baitzen alferrik izan Alvarez de Eulate artista frantziskotarra lehenetarikoa Euskal Herriko pintura erlijiosoan forma figuratiboak alboratu eta abstrakziorako bidea hartzen. «Aitzindaria izan zen, gure inguruan, jainkozaletasuna eta espiritualtasuna irudikatzeko, ezin ikusezinagoa dena, abstrakzioa baliatzen», azaldu du Edorta Kortadi erakusketako komisarioak. Abstrakziorako apustua egitea «ausarta» izan zela nabarmendu du arte kritikariak: «Eliza katolikoaren barrutik aritu zen, autoritate erlijiosoak abstrakzioak osagai erlijiosorik ez zuelako ustea zuen garaian. Abstrakzioa agnostikotzat edo ateotzat zuten orduan».
Alvarez de Eulateren obrari erreparatuz ere nabari da haren bizi eta fede bilakaera zein artistikoa. Aurpegi Santuak eta Sasia sutan serieetan, agerikoagoa zen figuratibismoa, santu erlijiosoek aurpegiak zituzten eta. Aurpegi eta figurazio oro desagertu egiten da Agerkunderako espazioak sailean: «Espazio abstraktu batzuk ageri dira, gogoetarako eta kontzentraziorako eremu gisa pintatzen diren kolore-plano zabalekin, hau da, kontenplaziorako espazioak bezala». Eite erlijiosoa du serieak eta izenburuak berak, baina izan liteke berdin sinestun otoizgilearentzako obra, nola gogoeta egin nahi duen behatzaile hutsarentzako ere.
Frantziskotar debozioduna zen Xavier Alvarez de Eulate. Erriberriko (Nafarroa) komentuan bizi izan zen, «modu umilean», eta han margotu zituen obrarik gehienak, baina «beregana iritsi ziren AEBetako espresionista abstraktu batzuen haizeak ere», Kortadik zehaztu duenez. Jackson Pollocken «dripping berritzailea» eta Mark Rothkoren «kolore eremu zabalei zerien mistizismoa» jaso zituen, eta «egile horien lanetan aurkitu zuen Jainkoa agertzeko espazioa», Kortadiren hitzetan: «Horren aldeko apustua egin zuen, ordenaren barruan zein kanpoan, errespetua lortu edo ez».
Erakusketan ikusgai dauden obren artean zaharrena 1956koa da, Arantzazuko absiderako egin zuen proposamena, hain zuzen ere, «obra ederra eta oso modu egokian egituratutakoa, azkenean lehiaketara aurkeztu ez zuena». Beste lan bat 1974koa da, eta gainerako gehienak, 1990eko hamarkada hasierakoak; baita sailaren barrenean kolorearen eztanda —gorria, horia, urdina, zuria eta beltza— irudikatzen duten bost koadroak ere.
Donostiarra izanagatik, batez ere Nafarroan egin zen ezagun Alvarez de Eulate. Gaztetatik izan zuen artearekiko mira, baina hasieratik saihestu zuen sentsibilitate artistikoa profesionalizatzeko saiakera txikiena ere. 1950eko hamarkadan Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademian hasitako ikasketak bertan behera laga zituen Jorge Oteizaren adiskide handi izandakoaren gomendioz.
Kontenplaziorako espazioa
Xavier Alvarez de Eulateren piezaz osatu dute 'Agerkunderako espazioak' erakusketa, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu