Donostiako 68. Zinemaldia. Donostia saria

Kontatzen dutenen lekura

Viggo Mortensen aktore ezagunak Donostia saria jaso du, Zinemaldiak aurten banatuko duen bakarra. Zuzendu duen lehen lana aurkeztu du jaialdian: 'Falling', zeinetan protagonista lanak ere egin dituen

Viggo Mortensen aktore eta zinemagilea prentsaren aurrean agertu aurretik, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun

«Pertsonalki, eskertuta nago aitortzagatik, zoriontsu egiten nau; ni, nire familia, nire lagunak. Baina hori baino inportanteagoa da, agian, sari honek zinemaren historiaren parte kontsideratzen nauela, eta horrek egiten nau oso zoriontsu». Aurtengo Donostiako Zinemaldi atipikoan banatuko den Donostia sari bakarra jaso zuen atzo arratsaldean Viggo Mortensen aktore eta zinemagileak (New York, AEB, 1958), eta jarrera horrekin agertu zen prentsaren aurrean ordu gutxi lehenago, bere burua «zinemaren historiako izen handi askoren ondoan» jarri izanagatik eskertuta. Kontatzen dutenen lekuan: «13 urterekin amak lehenengoz zinemara eraman ninduenetik nahi izan dut kontatzearen parte izan».

Aurrez Donostiako Zinemaldian egona bazen ere, fokuak inoiz ez bezala bereganatu ditu aurten Mortensenek. Zuzendu duen estreinako filma aurkeztera ere etorri da, Falling, baina, horretatik haratago, orain arteko ibilbide oparoa aitortu nahi izan dio jaialdiak. Antzerkigintzako lehen urratsetatik, rol gero eta handiagoetara egindako bidea, denera 50 film baino gehiagotan aritzeraino: Carlito's Way (Brian de Palma, 1993), A History of Violence (David Cronenberg, 2005), Easter Promise (Cronenberg, 2007), Captain Fantastic (Matt Ross, 2016), Green Book (Peter Farrelly, 2018) eta ikur bilakatu zuen The Lord of the Rings (Peter Jackson) trilogia, besteak beste, zeinetan Aragornen pertsonaia jokatu zuen. Bide horri begira, «zortea» izan duela aitortu zuen aktoreak, baina ñabartu norberak ere baduela zerikusirik horretan. «Gidoilari, zuzendari eta argazkilari oso garrantzitsuekin lan egin ahal izan dut. Rol oso onak jokatzeko zortea izan dut. Baina zortea... zorte kolpe baterako gertu egon behar du batek. Ez baduzu burua ongi fokuratzeko moduan, ez duzu ikusten zerbaiten potentzialitatea, istorio edo gidoi batena».

Interpretazio lanak egin du ezagun Mortensen, baina bestelako arteak ere landu izan ditu, pintura, musika, argazkigintza eta literatura bera. Nabari zaio ikuspegi zabal hori hizketarakoan, baita zinema jartzen duela jardun horren guztiaren erdigunean ere. «Nire bizitza...», eta segundo batzuetako isilunea hartu zuen kalkulatzeko. «Nire bizitza duela 38 urtetatik dago zinemari lotuta. Ez dut besterik ezagutu. Baina pixkanaka ikasten joateko desioa ez dut inoiz galdu. Kuriositatea izaten jarraitzen dut: nolakoa den gidoi bat pantailara eramateko jolas buru hausgarri hori». Azpimarratu zuen alor askotako profesionalen lana eskatzen duela horrek. «Ikusi ditut gidoi zoragarriak pantailan negargarri, eta alderantziz».

Zuzendari modura debuta

Argi esan zuen: «Lehenago zuzendu ez badut, ez da izan saiatu ez naizelako. Ezin izan dut diru nahikorik bildu». Trukean, denbora eta eskarmentua irabazi dituela aipatu zuen, duela 20-30 urte egin ahal izango zituen akats batzuk hobetzeko balio izan diotenak. Zuzendu egin du Falling, baina aktore lanak, ekoizlearenak eta musikari dagozkionak ere egin ditu. Bera eta Lance Henriksen dira protagonistak filmean: Willis eta John aita-semeak, mundu ikuskera guztiz ezberdina dutenak, bata Los Angelesen eta bestea Kalifornian bizi direnak.

Ama hil zitzaionean hasi zen Mortensen gidoia idazten, eta ez du ezkutatu filma zeharkatzen duen hari autobiografikoa. «Hiletan entzundakoetatik oharrak hartu nituen, nire oroitzapenen bestelako bertsioak, irudiak... Hortik sortu zen gidoirako ideia». Bi planotan eraiki zuen, kontakizunean oraina litzatekeena, eta aldiro tartekatutako iraganeko akorduena, non haurtzaroko etxe giroa azaltzen den. Bigarren horretan metatu du zinemagileak material biografikoena. «Helburua nire gurasoekiko sentimenduak esploratzea izan da. Eta, hala ere, fikziozko lan bat da».

Ez zuen hasieran filmean agertzeko asmorik. Diru kontuek eragin zuten erabakian. Baita Henriksenekin aurretik zuen harremanak ere. «Berarentzat garrantzi handia zuen pertsonaiak, eta uste dut seguruago zegoela ni aurrean izanda». Filmatzen hasi aurretik dena ongi prestatzeko aukera izan zutela azaldu zuen, eta horrek erraztu zizkiola interpretatze eta zuzentze lanak bateratzea. «Gauza eder bat ere izan du: besaulkirik onena izan dut Henriksenen interpretazioa ikusteko, aurrelanean, berekin filmatzean, eta ondoren, muntatzean. Ikaragarria da egin duena».

Konplexua da hark jokatu duen pertsonaia, Willisena. Adineko gizon kontserbadore bat da, misoginoa, arrazista, homofoboa —homosexuala da John—. Gizon belaunaldi bateko ordezkari izan daitekeela onartu zuen aktoreak, baina «karikaturatik» urrun eraiki duela. «Nire aita ere izan zitekeen belaunaldi horren parte; Danimarkan izandako okupazio alemanaren produktu, nekazari familia batekoa, etxean gizonak agintzen duen eredukoa. Horrek eragina izan zuen nire amarekin izan zuen jarreran». Haurren heziketa guztiz amaren esku (Hannah Gross) uzten duen gizon bat da filmean ageri dena, umeen aurrean ama zapaltzen duena.

Eta, hala ere, urteetara, zaintzeko prest du semea. «Zerbait ondo ere egingo zuen ondoren semeak bera zaintzeko ardura sentitzeko, ez?», galdetu zuten kazetarien artetik. «Ez», erantzuna Mortensenek. «Zerbait ondo egin zuena ama izan zen. Bera da niretzat pelikulako ardatz morala. Isilean, bera da niretzat protagonista nagusia». Komunikazioa aldarrikatuz borobildu zuen: «Errazena halako jarreren aurrean harremana moztea da; zailena, saiatzea. Baina egiten ez bada, ez goaz inora. Gizakiak gara, eta handiagoak izan behar dugu, zentzu guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.