Kontalaritza eskola bat sortu dute, ahozko transmisioa sustatzeko

Hiru ikasturtetan kontzeptu teoriko-praktikoak landu eta antzezlanak eta ikuskizunak sortuko dituzte. Itziar Rekaldek, Juan Kruz Igerabidek, Jose Campanarik eta Oihana Ameskuak emango dituzte eskolak. Azaroan irekiko dute, Ozetako Garaion Sorgingunean.

Arantxa Ibañez de Opakua eta Itziar Rekalde, gaurko agerraldian. VITAL FUNDAZIOA
Arantxa Ibañez de Opakua eta Itziar Rekalde, gaurko agerraldian. VITAL FUNDAZIOA
edurne begiristain
2024ko irailaren 19a
13:21
Entzun

Arabazan elkarteak eta Vital Fundazioak gaur jakinarazi dute kontalaritza eskola bat sortu dutela Ozetako (Araba) Garaion Sorgingunean. Ahozko transmisioaren garrantzia berreskuratzea eta profesionalen «kalitate artistikoa» sustatzea izango du xede. Azaroan hasiko dira lehen prestakuntza saioak eskaintzen.

Proiektuaren nondik norakoen berri eman dute prentsaurrekoan Itziar Rekalde aktore, idazle eta Arabazaneko ordezkariak, eta Arantxa Ibañez de Opakua Vital Fundazioko zuzendariak. «Kontalaritza istorioak kontatzeko, komunikatzeko eta adierazteko artea da. Ofizio bat da, egitura, arau, tresna eta lengoaia propioak dituena, eta horrek prestakuntza espezifiko bat eskatzen du», azaldu dute. Haatik, urteen joan-etorriarekin ahozko transmisioa apalduz joan dela ohartarazi dute, batez ere euskaraz. «Gure hizkuntza bizirik mantentzea lortu dugu, baina komunikatzeko eta geure burua eta inguratzen gaituen mundua zuzenean eta ahots argiz azaltzeko gaitasuna galtzen ari gara».

Azpimarratu dutenez, ahozko adierazpena, ahozko jarioa eta hizkuntzaren erabilera egokia nahiz komunikazio sozial eraginkorra galtzen ari dira, eta, hain justu, hori berreskuratzeko asmoz jarriko dute abian kontalaritza eskola. Hala, eskolaren eginkizunak hauek izango dira, besteak beste: narratzaileak prestatzea, beste arte batzuekin bat datozen arloak lantzea —hala nola eremu eszenikoaren erabilera eta gorputzaren ezagutza—, ahots narratiboa eta estiloa garatzea, adierazpen teknikak ezagutzea eta transmisioa sustatzea. Kontalaritza ofizioari buruzko jakintzak eskuratu ostean, kontakizunaren sorkuntza bera landuko dute, «ikuskizun bat eszenaratzeko beharrezkoa den dramaturgia eraikitzeraino».

Horretarako, hiru ikasturteko trebakuntza eskainiko du eskolak. Lehenengoan eta bigarrenean, kontzeptu teoriko-praktikoak landuko dituzte, eta hirugarrenean antzezlanak eta ikuskizunak sortuko dituzte. Denetariko gaiak irakatsiko dituzte: mitologia, komunikazio kodeak, sinbologia, genero ikuspegia, hiri kondairak, ahozkotasunaren idazketa, eremu eszenikoen sorkuntza...

Lau irakasle arituko dira eskolak ematen: Itziar Rekalde bera, Juan Kruz Igerabide idazlea, Jose Campanari aktore eta antzerki zuzendaria, eta Oihana Ameskua Filosofia irakaslea eta Agora filosofia elkarteko kidea.

Ahozko kontakizunen zortzi emanaldi

Kontalaritza Eskolarekin batera, ahozko kontakizunarekin lotutako zortzi emanaldi programatu ditu Vital Fundazioak hurrengo hilabeteetarako. Ofizioa sustatzeko, lan aukerak emateko eta publikoa zaletzeko helburua izango dute saioek, eta euskaraz eta gaztelaniaz emango dira. Dorleta Kortazar Alkoz, Boniface Ofogo Nkama, Ainara Iñiguez, Ane Arrugaeta, Jose Campanari, Aitor Vinagret, Carolina Rueda, Odei Arregi eta May Gorostiagak eskainiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.