Sortzaile batek bere proiektua garatuko du, urtebetez, Donostiako San Telmo museoan. Beste artista bati pasatuko dio lekukoa ondoren, eta hurrengo sortzaile gonbidatuak emango dio segida hariari. Museoaren ondareaz eta aurkezten dituen kontakizunez gogoeta egingo dute artistek beren esku hartzeetan, eta, lan horren emaitzak erakusteaz gain, museoaren bildumaren parte bihurtuko dira. Museoaren kontakizunari jarraipena emango diote modu horretan. Hori da Museo bikoitza proiektuaren funtsa, Asier Mendizabal artistaren ekimenez San Telmok martxan jarri duen egitasmo berria. Lehen artista gonbidatua Ibon Aranberri izango da.
Mendizabalek zentroari egindako proposamen batetik jaio da Museo bikoitza. Susana Soto zuzendariak azaldu duenez, 2014an Soft Focus izeneko lana aurkeztu zuen bertan sortzaileak, zeinetan, Sigfrido Kochek 70eko urteetan bildumaren gainean eginiko argazki inbentarioa nahiz bilduma horretako zenbait objektu oinarri hartuta, gogoeta bat egiten zuen museo bateko ondareak sortzen dituen kontakizun eta interpretazio ezberdinen inguruan. Gogoeta hartan du abiapuntua Mendizabalen proposamenak, eta helburu bikoitza: «Museoari eta bere ondareari buruzko berrirakurketak eta berrinterpretazioak ahalbidetzea, eta, aldi berean, bilduma handitzea, museoan lan egingo duen artista gonbidatu baten obra bere eginez». Horregatik, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziaren hitzetan, bi ildotan egingo du ekarpena proiektu berriak: sorkuntza sustatuko du, eta hausnarketa bultzatu.
Ideiaren abiapuntua azaltzean, San Telmoren ezaugarri nagusietako bat nabarmendu du Mendizabalek, hots, bere «izaera bikoitza», aldi berean gizarte museoa eta arte ederren bilduma bat baita. «Dikotomia bat bazegoen hor lantzeko: batetik, museoak bere funtzioagatik egin beharreko kontakizuna dago, eta, bestetik, narrazio hori egiteko oinarria den corpusa, ondarea». San Telmok, beste zenbait museorekin batera, «euskal artearen kontakizunak oinarri duen corpusa» biltzen duela iritzi dio sortzaileak, eta zentroen ardura dela corpus horri jarraipena ematea. Bestalde, kontakizun hori agertzeko moduei ikuspegi kritiko bat txertatzeko balio behar du, haren ustez, arte garaikidearen praktikak. «Bilduma bat ez da soilik objektu horiek guztiak gordetzea; objektu horiek bildumaren parte bihurtu direneko historia ere bada. Historia horretatik abiatuta egiten dira interpretazioak». Gaurtik bertatik lan berriak gehitzeari jarraipena eta balioa eman nahi dio, hortaz, haren proposamenak, «horiek ahalbidetzen baitute historia horrek jarraipena izatea».
Obra berriak hartzeko moduek museo baten kontakizunean duten eraginaz ere ohartarazi du artistak, garai kolonialean museo askoren bildumetara gehitutakoak adibidetzat jarrita. «Gogoeta horrek edozein museorentzat balio badu ere, are nabarmenagoa da museo horren ondareak funtzio jakin batzuei erantzuten dienean; arazo horren eredu paradigmatikoa da museo etnografikoen eredua». Edozein bilduma da baliagarria, Mendizabalen ustez, zentro baten autoanalisirako.
Artistaren begiradatik
Kezka zein gogoeta horiei guztiei erantzun nahi die Museo bikoitza proposamenak, «artearen begiradatik» erantzun ere, Mendizabalen hitzetan. Inguru hurbileko artistek, aldiro, museoaren ondarearen eta funtzioaren irakurketa berriak egingo dituztela azaldu du. Eta hori nola egingo duten ere zehaztu du. Batetik, urtebeteko epea izango dute artista gonbidatuek, koordinatzaile baten laguntzaz, beren proposamena lantzeko. Amaitzean, emaitza museoan ikusgai jarriko dute urtebetez, eta ondoren, museoaren bildumaren parte bihurtuko da. Bere lana ikusgai dagoen urtebeteko epe horretan, egileak koordinatzaile gisa lagunduko dio hurrengo sortzaile gonbidatuari. Hala, «metatutako gogoeta horien guztien lekukoa» elkarri pasatuz joango direla nabarmendu du Mendizabalek. «Era horretan, narratiba edo hari horien aukeraketa ez da soilik pertsona baten subjektibitateari lotuta egongo; artistek nolabaiteko ardura partekatu bat pasatuko diote elkarri, eta metatutako corpus bat sortuz joango dira. Ikuspegi ezberdin eta subjektiboak agertuko dira, baina era berean, ñabartuak, alderatuak».
Ibon Aranberriren begiradarekin jarriko da abian proiektua, eta «abenturatxo hau hasteko izan duen eskuzabaltasunagatik», esker oneko agertu zen Mendizabal harekin: «Ez zait programa hasteko modu hoberik bururatzen». Aranberrik arduraz hartu du bere egitekoa: «Erronka bat da, batez ere, hutsetik abiatuta urtebetean aldez aurretik kontratuz sinatutako promesa bat betetzea». Lan esparru zabala duela, eta hamabi hilabeteko prozesuaren emaitza ere edozein modutakoa izan daitekeela uste du artistak.
Haren ustez, arte garaikideko zentro askok arazo jakin batzuk agertzen dituzte lanerako, «ezlekuak direlako» nolabait, eta, oro har, arte zentroekin lan egitea ez zaiola erraza aitortu du, «kontesturik eza ohikoa izaten delako. Hau, aldiz, beste muturra litzateke, nolabaiteko hiperkontestu bat, geruzaz betea».
Kontakizuna eraikitzen jarraitzeko
'Museo bikoitza' proiektua martxan jarri du Donostiako San Telmo museoak. Urtero, artista batek esku hartze bat garatuko du bertan, eta emaitza zentroaren bildumara pasatuko da. Ibon Aranberri izango da lehen gonbidatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu