Artea. 'Going Public-Telling it as it is?' sinposioa

Kontaketa, artearen hondar

Arte publikoa eta istorio kontaketa aztertuko dituzte Bilbon; Euskal Herriko eta nazioarteko artistek parte hartuko dutePhil Collinsek bere argazkilari lanaren inguruko gogoeta egin du BERRIAn

Bilbo
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Gaurtik hasita eta hiru egunez, artearen publikotasunaren eta istorio kontaketaren inguruko hausnarketa egingo dute Going Public-Telling it as it is? sinposioan, Bilbon. Performance bidezko hitzaldiak eta esku hartze artistikoak antolatuko dituzte hiriko zenbait leku eta hainbat hedabidetan. Beste askoren artean, parte hartuko dute Itziar Barrio, Alex Reynolds, Maria Ruido, Martha Rosler, Asier Mendizabal, Olof Olssoneta Falke Pisano artistek. Phil Collins artistak ere parte hartuko du gaurko BERRIAn egindako esku hartze artistikoarekin. ENPAPek (Europako Arte Ekoizleen Sarea) antolatu du egitasmoa. Sinposioko azken eguna Gasteizko Artium museoan egingo dute.

Euskal Herriko eta atzerriko artistak hautatu dituzte, zenbait herrialdetan istorio kontaketa eraikitzeko dauden formak alderatuz. Lengoaiak eta hizkuntzak berebiziko garrantzia izango dute artista guztien lanetan; izan ere, istorio kontaketaren gaia aukeratu dute arte publikoan duen eraginagatik: «Arlo publikoan landu behar den heinean, arte publikoan oso garrantzitsua da jendea egotea eta ideia horiek konpartitzea. Hor dira, berriro ere, lengoaia eta hizkuntza. Horregatik erabaki genuen formatu hori erabiltzea eta ez izatea ohiko sinposio bat, baizik eta istorio kontaketa oinarri hartuz, artistei hitza ematea eta ez hasi gu (ekoizle eta komisarioak) dena kontatzen», azaldu dute Bilboko Conssoni arte ekoizpen etxeko kide eta sinposioaren antolatzaileek.

Sinposioa hiru bloketan antolatuko dute. Lehenengo biak nahi duen ororentzat izango dira. Artisten lanak izango dira horietan ikusgai, kalean zein Bilboko zenbait aretotan. Hirugarrena, berriz, ateak itxita egingo dute, eta artearen munduko profesionalek baino ez dute parte hartuko. Gasteizko Artium museoan egingo dute eta hogei bat elkartetako ordezkariek ENPAP erakundearen etorkizunaz eta arte publikoaren inguruan eztabaidatuko dute. ENPAP orain dela urte bi sortu zen, arte publikoaren inguruan eztabaidatzeko Europa osoan. Bilboko Conssoni arte ekoizpen etxearekin batera, Europako beste zenbait arte ekoizpen etxek osatzen dute; besteak beste, Herbehereetako, Erresuma Batuko, Errumaniako eta Suediako elkarteek osatzen dute erakundea.

PHIL COLLINS

Izengabekoa.Bere argazkilari lanaren inguruko hausnarketa egin du Phil Collinsek Berrian egindako esku hartze artistikoan. Normalean, bere lanetarako argazkia erabiltzen badu ere, beste argazki batek egunkariari ekarri handirik egingo ez ziolakoan, gutun baten bidezko gogoeta bat aurkeztu du. Orain dela hamar urte Donostian izan zen lan bat egiten, DAE Donostiako Arte Ekinbideak proiekturako, eta egun haiek gogora ekarri ditu euskarazko testu baten bidez. Pribatutasunaren eta publikotasunaren formatuekin jokatu du, halaber, eta fikzioa erabili du, egunkariak printzipioz pribatua izan beharko lukeen gutun bat publiko egiten duen sentipena sortaraziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.