KRITIKA. Literatura

Konstelazioaren besarkada

'Tupust! Gu' komiki bildumaren azala.
'Tupust! Gu' komiki bildumaren azala.
2024ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun

'TUPUST! GU'

Egilea: Askoren artean. Argitaratzailea: Egilea editore.

 «Gu», dio Tupust kolektibo feministak kaleratu berri duen hirugarren eta azken komiki-bilduman. Lehenengoa nitasunaren ingurumarietan eraiki zuten; hurrengoak, ordea, fokua bigarren pertsonara aldatu, eta izkinetan daudenei, subalternoei ahotsa eman zien. Trilogia ixten duen hirugarren hau berriz bueltatu da lehenengo pertsonara, oraingoan pluralean hitz egiteko, egungo agenda feministetan bizkarrezurra den ahizpatasunari begira dagoen heinean. Hala, lehenengo orrialdetik bertatik, horiz eta morez margotutako paisaietan zehar, kolektibitate horren isla diren hainbat sinbolo dakartza liburuak, erre zituzten haien suak, eta suak utzitako errautsetatik hazitako ondorengoak; ispiluak han-hemenka, geure buruari begiratzeko eta nondik gatozen, norekin sortu garen ikusteko eta hausnartzeko pausagune; hainbat aurpegi, azal eta bizitza, emakumeok askotarikoak garela erakusteko; intersekzioa, heteroarauaren aurkako aldarria eta loturak, zuhaitzak, «ni ez naiz ni, gu gara» esateko.

Sinbologia eta iruditeria hori guztia eraikitzeko, 21 konposizio labur baina trinko aurkituko ditu irakurleak, guztiak ere esku desberdinek eginak. Badira aurreko serieetatik ezagun egingo zaizkigun izenak, hala nola Maite Gurrutxaga eta Irati Jimenez, Maitane Gartziandia, edo Ainara Azpiazu Axpi bera ere; baina, bada kolaboratzaile berririk ere artisten artean, Jone Taberna, Ainize Sarasola, Higinia Garai, edo Ander Peretz, esate baterako. Batzuek estilo narratiboagoaren alde egin dute, hizkuntza figuratiboa erabili zein ez; horien adibide dira Islada, Kanpoan, Loturak edo Momoka konposizioak. Beste batzuk, ordea, hitzen eta marrazkien ekonomiaren peskizan, minimalismorantz lerratu dira, eta baliabide linguistiko eta piktoriko oso gutxirekin kontatzen saiatu. Irati Egurenen, Idoia Beratarbideren, Sandra Garaioaren edo Ander Peretzen Gu izenburudunak izan dira ia hitzik eta marrazkirik gabeko konposizio sotil horietako batzuk.

Esango nuke batasun bat osatzen duen aniztasun horrek ematen diola, hain zuzen ere, indarra obrari berari, bai eta feminismoaren aldarri kolektiboari ere, hots, mezuari. Izan ere, konposizio bakoitza independenteki irakur eta uler daiteke, baina, ipuin-zikloetan gertatu legez, petits récits guztiek grand récit bat bera elikatzen eta osatzen dute, puskaz puska konstelazio bat eraikitzen. Alde horretatik, esan daiteke komiki-ziklo baten aurrean egon gaitezkeela, zeina komiki-seriea baino haratago doan esanahi aldetik. Modu batera, autoreek aukeratutako genero literarioak feminismoen gorputzen eta agenden izaera antzeratzen du: puska guztiak dira buruaskiak, baina guztiak elkartzen direnean hauspotzen da benetan mezua eta kolektiboaren indarra.

Genero literarioak ez dira ausaz aukeratzen, baina igartzen (eta eskertzen) da aukeraketa hori ondo egiten denean, formak eta edukiak bat egiten dutenean. Eta Tupust kolektiboaren azken obra honek hori berori transmititzea lortzen duela iruditu zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.