Galeanoren lan guztietan bezala, botereak baztertutako gertakizun, ikuspuntu edo protagonistetan dago jarrita begirada, uruguaitarrak ohikoa duen ikusmolde kritiko, tonu umoretsu eta zehaztasun zientifikoarekin». Eduardo Galeanoren Ispiluak. Mundu ia ororen historia liburua argitaratu zuen Txalaparta argitaletxeak 2013an, Xabier Alegriak itzulita. Liburu horren kontrazalean ageri da idazlearen jarduera literario eta intelektualaren ezaugarriak laburbiltzen dituen esaldia. Latinoamerikako errealitate sozial eta politikoa ulertzeko, eta hango elite ekonomiko nahiz militarren eta herritarren arteko desberdintasun eta gatazkak ulertzeko begirada eta luma ezinbesteetakoa izan da Galeanorena. Konpromisoa eta elkartasuna, anbiguetaterik gabe landu zituen. Konpromisoa hitz bilakatu zuen, eta hitza konpromisorako tresna gisara erabili zuen. 2012ko maiatzaren hondarrean Bilbon eta Donostian izan zen Los hijos de los días liburua aurkezten. Hitzei zer-nolako garrantzia ematen zien garbi azaldu zuen orduko hartan. «Oso larria da hitzen inflazioa; horregatik, neure burua akusatzen dut, batzuetan ezer gutxi esanda berba gehiegi egiten dudalako, eta hori oso gaixotasun larria da, bai munduarentzat, bai hizkuntzarentzat». Atzo hil zen Eduardo Galeano idazle eta kazetaria, Montevideoko Casmu ospitalean, 74 urte zituela eta biriketako minbiziari aurre egin izanda.
2007an artatu zioten biriketako minbizia. Iragan astean gaitzaren egoera larritu, eta ospitalera eraman zuten. Hil aurretik obra zabala utzi du, 40 lanetik gorakoa, eta horietako hiru irakur litezke euskaraz. Xabier Alegriak euskaraturikoaz gain, Gerardo Markuleta poeta eta itzultzaileak euskaratuak dira beste biak: Hitz ibiltariak (Txalaparta, 2000) eta Istorio hiperlaburrak (Erein, 1995).
Kazetaritza izan du muinean beti Eduardo Galeanoren literatur lanak. 14 urterekin marrazki eta karikatura politikoak egiten hasi zen El Sol astekari sozialistan. Gius ezizenarekin sinatzen zituen lanok. Marcha astekariko erredakzio burua eta Época egunkariko zuzendari izan zen, harik eta 1973ko ekainaren 27ko estatu kolpean espetxeratu zuten arte. Argentinara atzerriratu zen aurrena, eta Crisis aldizkaria sortu zuen. Espainiara joan zen hurrena, 1976an, eta 1985era arte ez zen itzuli Uruguaira, Julio Maria Sanguinettik lehendakaritza hauteskunde demokratiko bidez irabazi zuenean. Ordurako idatzia zuen bere lanik enblematikoena: Las venas abiertas de Ámerica Latina. 1971n argitaratu zuen, eta ordudanik 30etik gora edizio izan ditu eta 20 hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli da. Kolonen garaitik ordura arte Latinoamerikak pairaturiko azpiratzeen analisia egiten du lan nabarmen horretan.
Bi aldiz eskuratu zuen Casa de las Américas saria: 1978an La canción de nosotros nobelarekin eta 1978an Días y noches de amor y de guerra lekukotasun eta kroniken arteko lanarekin. Lehenak borroka armatuaren konplexutasuna eta herriko kultura adierazpideen eta burgesia txikiaren ezkerreko militantziaren arteko harremanak lantzen ditu. Bigarrena, Argentina eta Uruguaiko diktaduren kronika nobelatua da: «Hemen kontatzen den guztia gertatu egin zen. Idazleak idatzi du bere oroimenak gogoratzen duen moduan. Izen batzuk, gutxi, aldatu dira», ohartarazten zen lehen orritik. Gertaerak lazgarriak eta gordinak izanagatik, soiltasunez eta neurritasunez kontatuak dira, autokonpasio edo atseginkeriarik gabe.
Memoria del fuego trilogia da aditu eta zaleek nabarmentzen duten Galeanoren beste obretako bat. Poesia, ipuingintza eta historia uztartzen ditu Los nacimientos (1982), Las caras y las máscaras (1984) eta El siglo del viento lanek osatzen duten obra horretan. Generoen arteko nahasketa ausart eta argiarengatik eta duen ikuspegi kritikoarengatik nabarmendu izan dute batik bat. Latinoamerikako historiaren berrikuste bat egiten du; «memoriaren lapurretaren aurka» egin ere.
Inpartzialtasunetik ihesi
Galeanoren obra Latinoamerikako historia eta errealitatearen etengabeko interpretazio eta berrirakurketa kritikoa da, zorrotza eta polemikoa aldika. Asko eta askorentzat Hego Amerikako errealitatearen erradiografia beharrezkoa da Galeanorena, eta bera da kronikari argi eta zorrotzenetakoa.Haren lan nagusiek espainolaren eremuetan izan dute oihartzuna batez ere, baina mundu osoko hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira, aurrez aipaturiko bi lan nagusiak batez ere.
Hitza ahalik eta zehatz eta zorrotzen erabiltzea du xede; inpartzialtasunetik ihes egiten du, ez du diskurtso aseptikorik eratu nahi, ez du ustezko begirada objektiborik erabili nahi, jendea eta gertakariak berdintzen dituen begirada. Haren helburua, eta lorpena kasurik gehienetan, Amerikaren drama bere osotasun eta adierazpide guztietan islatzea da: boterearen jokoa; zapalduen borroka emantzipaziorako bidean; mimetismo kolonialetik haragoko arte eta literatura baten sorkuntza; eraldaketa ekonomiko eta sozialak...
Latinoamerikako unibertsitate askotan honoris causa doktore izendatu zuten, eta hamaika sari eskuratu zituen, azkenetako bat Suedian jaso zuen, 2010ean. Stig Dagerman saria hitzaren askatasunaren bidez kulturen arteko elkartasuna sustatzen duen idazle bati ematen diote.
Orain arteko azken liburua 2011n plazaratu zuen: Los hijos de los días. Baina hainbat hedabidek jakitera eman dutenez aste honetan bertan beste liburu bat plazaratuko diote: Mujeres (Antologia), pertsonaia emakumezkoak dituzten haren hainbat lanez osatua: Xerezade, Marilyn Monroe edo Rigoberta Menchutik hasi eta hainbat emakume anonimotara. Beste liburu bat ere osorik idatzita utzi omen du.
Konpromisoa hitz eta hitza konpromiso
Eduardo Galeano idazle uruguaitarra hil da, 74 urte zituela.Latinoamerikako errealitatearen eta desberdintasunen kronikari zorrotz eta kritikoenetakoa izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu