Ugutz Robles-Arangiz

Konpromisoa eta umorea

Umoregile, dantzari eta musikaria, Euskal kantagintza berriaren sorreraren parte ere izan zen Ugutz Robles-Arangiz, 1960ko hamarkadan Soroak laukoteko kide izan baitzen. 83 urterekin hil da.

ISABELLE MIKELESTORENA.
Inigo Astiz
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Haren umore ona nabarmendu dute ezagutu zutenek. Manu Robles-Arangiz ELA sindikatuaren sortzaile eta EAJko diputatu izandakoaren eta Luisa Bernaolaren bederatzigarren semea izan zen Ugutz Robles-Arangiz (Bidarte, Lapurdi, 1939 - Beskoitze, Lapurdi, 2022). Umoregilea, kantaria, dantzaria, eta, oro har, kulturgilea. Soroak laukoteko kide izan zen 1960ko hamarkadan, eta baita nolabaiteko grabitaziogune bat ere Ipar Euskal Herriko kulturgintzan. Joan den astean, iktus bat izan zuen, eta atzo hil zen, 83 urterekin.

Francoren altxamenduaren ostean, Bilbo utzita, Lapurdira jo zuten seme-alabekin Robles-Arangizen gurasoek, eta, ondorioz, Bidarten jaio zen bera. 13 urterekin itzuli zen Bilbora familia, Ugutzek 13 urte inguru zituela. Arte eta Lanbide eskolan egin zituen ikasketak. Txinparta antzerki taldean aritu zen. Olaeta dantza taldean parte hartu zuen, eta Soroak laukoteko kide ere izan zen. 1960an ihes egin behar izan zuen Bilbotik, anaia Iker Roblesekin batera. Beskoitzera itzuli, eta Beskoiztarrak antzerki taldea sortu zuten bi anaiek. Sona handikoa izan zen Sorginak Etxaburun antzezlana eman zuten, eta Piarres Larzabalek idatzitako eta Telesforo Monzonek zuzendutako Matalas antzezlanean eta Zazpiribai ikuskizunean ere parte hartu zuten. Euskal Antzerkilarien Biltzarreko kide izan zen hasieratik. Txiste kontalari iaioa izanik, ETBn ere ibili zen.

Heriotzaren berri jakitean, «atsekabea» azaldu zuen Kike Amonarriz umoregile, telebista aurkezle eta soziolinguistak. «Bi urtez aritu ginen elkarrekin Txiskola-n. Umoregile aparta, gozoa, euskaltzalea eta abertzale sutsua, kulturgile konprometitua, txistegintzan maisu... Zenbat barre eta une eder! Galera handia Euskal Irrian!».

Kantagintza berria

Badira kasik kantuan soilik ahoska daitezkeen abizen batzuk, eta Robles-Arangiz sendiarena da horietako bat. Bederatzi anai-arreba ziren etxean; guztiak musikari, eta sona handia lortu zuten, gainera, haietako batzuek. Soroak taldea osatu zuten lau anaiek, eta Ainarak taldea beste lau ahizpek, eta Euskal Herritik kanpo ere oihartzuna lortu zuen familiako gazteenak: Estibaliz Robles Arangizek.

Esanguratsua da 1960ko hamarkadan Soroak taldeak egindako bidea. Haren kide izan zen Ugutz, Alatz, Iker eta Irkus anaiekin eta Txabi Villaverderekin batera, eta aitzindari izan ziren. Euskal kantagintza berriaren hasiera ekarri zuen taldeak, bat baino gehiagoren iritziz. Aire berria eman zieten herri kantuei, gitarra espainolaz eta ahotsaz baliatuz. Mixel Labegeriek berak aitortu zien ekarpena. Sona handia lortu zuten Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian, eta Parisen ere behin baino gehiagotan abestu zuten, baita Frantziako telebistan agertu ere.

Ugutzek berak, ordea, BERRIA egunkariari esan bezala, ez zen guztien gustukoa izan proposamena: «Baziren gure musikaren alde zirenak, eta baziren kontra zirenak. Enbata-ren zenbaki bat horretaz mintzo da. Erran zuten: 'Soroak laukotea heretikoa da'. Jendeari arraro egiten zitzaion gitarra espainol batekin kantatzea, ez baitziren ohituak. Eztabaida izan zen, eta Mixel Labegerie zutitu zen, eta erran zuen: 'Hau da nire betiko ametsa'. Zenbait urte geroago, bazkari batean, dedikatua eman zidan disko bat. 'Euskaldunek badute zure beharra', idatzi zidan».

Kulturgintzan ez ezik, bestelako hamaika lanbide ere izan zituen bizialdian. Rotschild baroiaren mutil izan zen, esaterako, hargin, eta Baionako Le Chaho ostatua atxiki zuen 1968tik 1971ra. Baina, oroz gainetik, Leku Eder etxean Amalur jatetxe ospetsua antolatu eta atxiki zuen 1975etik 1988ra, eta jende ezagun franko iragan zen handik. Emanaldiak ere antolatzen zituzten. Han bizi izan da ostatua itxiz geroztik ere, anai-arreba zenbaitekin.

Argia aldizkarian Sustrai Colina bertsolariari eskainitako elkarrizketan gogoratu zuen Bilbotik ihes egin behar izan zuenekoa. «Nahiko gaitza egin zitzaidan. Egun batez, Polizia etorri, eta bi anaia zaharrenak preso eraman zituzten. Fite ohartu nintzen horretaz. Irkus armadan zen, eta gure baitan biek pentsatu genuen norbaitek salatu gintuela eta bi anaia zaharrenak eraman zituztela ezjakinean bi gazteenak zirela saltsan ari. Orduan, biek egin genuen eskapu».

Euskara eta aberria

Euskara izan zuen bere jardunaren bizkarrezurretako bat, eta hari lotuta bizi zuen abertzaletasuna ere. Hori azaldu zion BERRIAri Irkus Robles-Arangiz anaiarekin batera emandako elkarrizketan. «Herria maite dugu, baina euskara ororen gainetik. Euskal Herri ez-euskalduna ez dut nahi. Horretarako, izan gaitezen frantses edota ingeles. Euskara galtzen baldin bada, zer zentzu du abertzaletasunak?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.