Durangoko 48. Azoka. Eneritz Artetxe. Aktorea

«'Konpota'-k gai asko lantzen ditu, eta denak sakontasun handiz»

DANEL LAUZIRIKA.
Juan Luis Zabala
Durango
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Pablo Ibarluzeak zuzenduta, Dxusturi konpainiak Konpota bakarrizketa estreinatuko du gaur, 19:00etan, San Agustin kulturgunean. Eneritz Artetxe aktoreak (Gernika-Lumo, 1972) sortutako egitasmoa da. Hainbat konpainiak sortutako Zubi proiekturako hautatua izan da, eta, horrenbestez, gaurko estreinaldiaren ondoren, abenduan eta 2014ko lehen hilabeteetan gutxienez beste bederatzi herritara iritsiko da, Lezora (Gipuzkoa) eta Baigorrira (Nafarroa Beherea), besteak beste.

Zergatik aurkeztu zenuen Philippe Gaulierren Konpota taularatzeko asmoa Zubi proiektura?

Gaulierren ikasle izan nintzen urtebetez, eta obra hau oso gustukoa izan dut beti. Zubi proiektura aurkezteko, testua neuk euskaratu nuen, baina neure erara, ez oholtzara horrela eramateko asmoz. Zubi proiektua nori eman erabaki behar zutenei obra nolakoa zen erakusteko baino ez.

Eta zure proiektua hautatu zuten...

Bai. Orduan hasi nintzen dena martxan jartzen. Gaulierri baimena eskatu beharra zegoen, eta ez du erraz ematen baiezkoa. Baina arazorik gabe eman zidan. Euskaraz egiteko izatea lagungarri izan zela pentsatzen dut, gaztelaniaz emateko eskubideak erosiak daudelako lehendik. Baldintza bakarra jarri zidan: bere testuaren itzulpena zuzenean frantsesetik egina izatea.

Lukuk egina da itzulpena.

Itzulpena egiteko eskatu nionean, argi esan zidan bera ez dela itzultzailea eta horrelako lanik ezduela hartzen testua benetan gogoko ez baldin badu. Baina irakurri zuen, eta asko gustatu zitzaion. Jaso nuen bere hurrengo mezuan itzulpena egina bidali zidan.

Testua Lukuk itzuli duen bezala emango duzu, ala zeure erara moldatuta?

Neure erara moldatuta. Lukuk Nafarroa Behereko euskara darabil, eta nik testu osoa horrela ematea ez zitzaidan naturala egiten. Komentatu nuen hori Lukurekin, eta esan zidan ez zegoela arazorik, neure erara egiteko, eta halaxe egingo dut. Dena den, ondo gordea daukat Lukuk bidali zidan testua. Oso ederra da, oso aberatsa. Harribitxi bat.

Zer kontatzen du Konpota-k?

Pertsonaia bakarra dago agertokian, emakume bat. Nahiko ezaguna da, baina ez dago inondik ere ados berari buruz esaten direnekin, eta bere ikuspuntua ematen du.

Nahiko ezaguna dela diozu. Nor da?

Ezin dut esan. Obrak aurrera egin ahala, zantzu batzuk agertzen dira, pentsarazten dutenak nor den, baina hasieran ikusleak ez daki. Eta hobe da horrela.

Zer gai nagusi jorratzen ditu obrak?

Gai asko lantzen ditu, eta denak sakontasun handiz. Une honetan nik ezingo nuke esan zein den gai nagusia, hain nago obran sartua.

Bakarrizketa bat da, baina Dxusturi Teatroa sortu duzue obra emateko.

Oso gustura nago denen lanekin. Bakoitzak askatasun osoz eta modu pertsonalean egin du bere lana, eta lan horietako bakoitzak sekulako indarra eta nortasuna du berak bakarrik ere: zuzendaritza, jantziak, eszenografia… dena. Hori ere oso polita izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.