THE DARKNESS
'Dreams on Toast'
Diskoetxea: Cooking Vinyl.
Jatorrizko hiru partaideekin jarraitzen dute britainiarrek: Justin Hawkins frontman-a, bere anaia Dan Hawkins gitarra jolea eta Frankie Poullain baxu jolea. Bestalde, Rufus Tiger Taylor bateria joleak hamar urte daramatza jada taldean, beraz, azken lau diskoetan grabatu du eta taldean guztiz sartuta dago. 2003an taularatu zen The Darkness rocka eta hard-rock eszena hankaz gora jartzeko. Arrakasta handia izan zen ia berehala, eta proposamenaren ausardiak eta berezitasunak aldeko eta kontrako iritziak sortu zituen, batez ere hard eta heavy munduan. Gizarte anglo-saxoiaren erraietan sartu ziren ordea, rockzaleak eta ez hain rockzaleak konkistatu baitzituzten. Gorabeherak izan dituen taldea da, eta taldea bananduta egon zen bost urtetan. 2011n, aldiz, martxa berriro hartu zuten, eta gaur arte iraun duen olatura igo dira.
Zaleak maite dituen bitxikeriak topatuko ditu disko honetan ere, eta, nahiz eta goi erregistro operazale gutxi dauden, egon, badaude. Rock and Roll Party Cowboy asmo deklarazio hutsa da: rock gogorra, pizgarria, stadium-rock izpiritua daukan pieza, eta ze arraio, hair-metalaren edo glam-metalaren garai onenen (80ko hamarkada) estilora egindakoa! Abiadura bizian datorren I Hate Myself benetako (eta 70etako) glam-rock estimulatzailea da, ehuneko ehun rock and rollzalea. Aipatu bi kantetan Justinen goi erregistroak oso neurtuak dira, baina erabiltzen dituenean zoragarri gelditzen dira. Hot on my Tail-ek askotxo jaisten du erritmoa, eta bere country izpiritua nahiko deserosoa suertatu liteke entzule batzuentzat, betiere hard-rockaren testuingurua kontuan hartzen badugu, noski.
Mortal Dread ehuneko ehun AC/DC da, ordea. Errepika eta erritmo garbia dauzka, ia estandarra, nahiz eta ahots altu batzuek nortasun apur bat ematen dioten. Don’t Need Sunshine-k erritmoa geratzen du berriz ere; nahiz eta suabe hasten den, power-ballad nahiko borobila lortu dute. Biziki eskertzen da, gainera, The Longest Kiss kurioso eta kabareteroak daukan gitarra soloa, baita gero lortzen duten soinu zikin eta gogorragoa ere. Bidaia honen momenturik onenetakoak zain dauzkagu gero The Battle for Gadget Land bizkorrarekin. Bateria jotzeko modu tematia ere adierazgarria da oso, eta hori gutxi balitz bezala, zati instrumental oso ederra dakar, bide batez. Cold Hearted Woman” geldoa beste WTF? bat dugu, kanta osoan biolina entzun baitaiteke! Country sonoritatea bueltan da, beraz, nahiz eta laster Walking Through Fire-ren leherketak gauzak bere lekuan uzten dituen: gitarra leun eta garbiaren ondoren, Justinen goi erregistro zirraragarriak datozkigu, 80etako errepika hardrockero, gitarra solo zorroztu eta festarako beste gonbit batekin.
Weekend in Romeoutro aztoratzailea da: suabea da, leuna, eta Hollywoodeko film baten soinu bandaren kutsua dauka. Hotsandiko amaiera orkestrazio intentsu batek ematen dio: biolinak, biolontxeloak, haizezko instrumentuak... Finean, sorpresa handia ematen duen amaiera da. Betiko The Darkness goraipatzen dugunontzat lauzpabost harribitxi dauzkan diskoa dugu, eta sorpresak ongi etorriak diren arren, akaso diskoak behar duen erritmoa mozten dute. Ez genuen, bestalde, gutxiagorik espero, eta, argi eta garbi, kalitatezko diskoa dugu.