Kongresu akademiko batekin amaituko dute Flandria-Euskadi programa

Artearen eta historiaren bidez, bi herrialdeen arteko harremanez arituko dira kongresuan. Bi urteko programaren itxiera izango da: hamahiru egitasmo eta 43 ekitaldi egin dituzte guztira.

Flandria-Euskadi truke kulturalaren balorazioa egin dute gaur Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Flandria-Euskadi truke kulturalaren balorazioa egin dute gaur Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko urriaren 14a
16:40
Entzun

Bi herrialde eta bi kultura, biak itsaso bidez lotuak. XV. eta XVI. mendeetan, Flandriaren eta Euskal Herriaren artean arte merkataritza ibilbide garrantzitsu bat sortu zen, salgaiekin batera artelanak eramaten zituztelako itsasontzietan. Gaur egun, pieza horiek euskal artearen ondarearen parte dira. Horregatik, elkarren arteko kultur trukea sortu zen duela bi urte, Etxepare Euskal Institutuak eta Flandriako Artearen Institutuak bultzatuta: Flandria-Euskadi programa. Orain, bi urteren, 43 ekitaldiren eta 100 artisten parte hartzearen ondoren, zikloa ixteko garaia iritsi da, eta kultur programari amaiera emateko, kongresu akademiko bat egingo dute ostegunean eta ostiralean, Lovainan. 

Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Irene Larrazak, azaldu du trukea itxi egingo dutela orain, baina horrek ez duela amaitutzat emango bi herrialdeen arteko harremana. Larraza: «Bi herrialdeen arteko loturak artearen bitartez aztertuko dituen kongresu akademiko bat egitea aukera paregabea da trukea amaitzeko». Bi eguneko programazioa Lovainako Unibertsitatean egingo dute. Kongresuko koordinatzaile moduan aritu da Aintzane Erkizia EHUko irakasle eta ikerlaria. Erkiziak argi dauka: artea aitzakiatzat hartuz Euskal Herriaren historia ikasteko aukera paregabea dela biltzarra.

Koordinatzaile lanak egiteaz gain, hitzaldi bat emango du Erkiziak lehenengo egunean; hain zuzen, kongresua irekiko duen hitzaldia. Maite Barriorekin batera arituko da Erkizia jendaurrean, eta Flandriatik Euskal Herrira XV. mendean ekarritako pieza artistikoez mintzatuko dira. «Flandriako artea oso miretsia izan zen Euskal Herrian XV. mendean inguruan, eta hainbat jendek bertako artelanak ekarri zituzten hona. Orain gure ondarearen pieza bikainak dira», azaldu du Erkiziak. 

Haizea Barcenilla kultur ikerlariak eskainiko du bigarren hitzaldia. Euskal arteaz hitz egingo du, zehazki XX. mendean lortutako arrakastaz. Urrezko garai horiek genero ikuspegitik jorratuko ditu Barcenillak, emakumeak izandako protagonismoa ikertu baitu. Lehen eguna amaitzeko, Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek proiektu artistiko bat aurkeztuko dute. Diego Velazquezen Bredako errendizioa lana izan da ikerketaren oinarria. Pieza originala Prado museoan dago, Madrilen, baina Bredan hiru kopia daude. Kopien esanahi eta balio artistikoa ikertu dute biek, eta hori bera azalduko dute beren hitzaldian.

Ostiralean, 09:30ean hasiko da kongresua. Paul Vandenbroeck doktoreak Jan Karel Steppe historialariaren bizitzari erreparatuko dio. Steppek Euskal Herrian dauden arte flandriarraren hainbat pieza aztertu zituen, eta Vandenbroeck harekin aritu zen. 2009an hil zen Steppe, 91 urte zituelarik, eta haren lanari jarraituz, Vandenbroeckek ikerketa osatzen dihardu. Erkizia: «Steppek bere lana nederlanderaz argitaratu zuen, bertako aldizkari txikietan. Beraz, gure historiaren zati txiki bat nederlanderaz dago, eta orain aukera izango dugu hori bera ezagutzeko».

Ondoren, Marjan Debaenek Borman familiak egindako arte esportazioei buruz hitz egingo du, pieza batzuk Euskal Herrira iritsi ziren eta. «Bruselan tailer bat zuen Borman familiak, eta han egindako artelan asko atzerrian saldu zituzten. Eskultura batzuk Gasteizera iritsi ziren, eta horiek euskal ondarearen benetako altxortzat hartu ditugu hemen», azaldu du Erkiziak. Amaitzeko, Justin Kroesen Berlingo Unibertsitateko ikerlariak emango du azken hitzaldia. «Hitzaldi guztietan Flandria eta Euskal Herria lotzen dituzten harremanak izango dira hizpide, baina Kroesen harremanen testuinguru orokorraz ariko da, Atlantikoaz». Biak elkartzen dituen bidea da Atlantikoa, eta koordinatzailearen ustez, harremana ulertzeko, merkataritzaren nondik norakoak ere ulertu behar dira.

Balorazioa

Programaren balorazioa egin du Larrazak. Hiru «geruzatan» oinarritutako programa izan da Flandria-Euskadi trukea, Etxepare Institutuko zuzendariaren ustez. Lehena: sortzaileak. Euskal eta flandriar sortzaileen artean sortutako elkarlana. Bigarrena: erakunde eta eragileak. Funtsezkoa izan da hainbat eragilek emandako laguntza, artistek haien lanak garatzeko eta erakusteko. «Euskal Herrian, besteak beste, Azkuna zentroa, Tabakalera eta Zirkozaurre nabarmendu nahi ditut, eta Flandrian, berriz, Morpho, M Museum eta Zirkuszentrum». Eta azken geruza: gobernuen arteko lankidetza. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak trukearen garrantzia nabarmendu du: «Beste herrialdeekin harreman kulturalak egitea funtsezkoa da gure herriaren etorkizunerako».

Bi herrialdeen arteko arte trukeak hamahiru egitasmo izan ditu. Larrazak azpimarratu du diziplina asko landu direla programan: hala nola musika, literatura, zirkua, arte eszenikoak, zinema eta ostegun eta ostiralean jorratuko den arlo akademikoa. Bengoetxeak argi dauka bi lurraldeen arteko harremana sendotu egin dela, eta oso garrantzitsua dela loturarekin jarraitzea: «Herrialde aurreratu bat da Flandria, eta Euskaditik bat egiten dugu haien historia, kultura eta hizkuntza propioaren alde egiten duten apustuarekin». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.