Donostiako 68. Zinemaldia. Zinemira

«Konfinamendu aurretik ez nuen uste proiektua egingo nuenik»

Pablo Azkueren 'Ur' ipuinetik abiatuta, Telmo Esnal zinemagileak izatearen inguruko saiakera lan bat ondu du: 'Urtzen'

Gaur aurkeztuko du Telmo Esnalek Urtzen filma, zinemira sailean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Donostia
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Telmo Esnal zinemagileak (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) abandonatua zuen proiektu bat biziberritu du konfinamenduan. Aitzinetik filmatutako irudiak, artxibokoak eta Esnalek berak konfinamenduan grabatutakoak bildu ditu collage batean: Urtzen. «Argi dago ez dela fikzioa, dokumentalaren antzeko saiakera bat da»; hala definitu du Esnalek bere lana. «Itxialdi aurretik ez nuen pentsatzen sekula egingo nuenik ere. Nire buruan bazegoen zerbait egin nahi nuela kontzeptu horrekin, baina itxialdian piztu zitzaidan txinparta».

Esnalek aspalditik zeukan gogoa Pablo Azkue zarauztarraren Ur ipuinaren inguruko zerbait sortzeko. Dantza filmatzen ari zela eman zion Azkuek ipuina Esnali, eta Azkuerekin berarekin filmaketa lan batzuk ere egin zituen. «Kanpora joaten nintzenean, beti eramaten nuen kamera, eta itsasoa ere grabatzen nuen». Irudi horiei forma ematea falta zitzaion. «Pabloren ipuina jaso nuenean bere filosofia, itsasoaren kontzientzia eta itsasoaren lotura interesatzen zitzaizkidan. Nola munduaren %70 itsasoa den, eta gorputzaren %70 ura. Antzekotasunak badaude. Mundua zaintzen ez badugu, ez dugu babes hori jasoko».Itxialdiak eman dio kontatu nahi zuen hori kontatzeko bidea: «Bertan otu zitzaidan nola kontatzen ahal nuen hori, gelditu egin behar dugula, arnasa hartu behar dugula, lehiakortasuna utzi behar dugula».

Bilaketa bat da filma, gizakiaren eta existentziaren inguruko galderen erantzunak bilatzen dituen lana. Horretarako, zinemagilea, Esnal bera, azaltzen da «gidari» gisa, eta ikusleak ere berarekin batera jasotzen ditu erantzunakbilaketa prozesu horretan. Eguneroko ekintza soilak eta Skypez egindako elkarrizketak jaso ditu, sarean zeuden hitzaldien artxiboak ere bai, baina baita espresuki filmerako jasotako lekukotzak ere. Horiek denak berak aitzinetik zituen irudiekin eta lagunei eskatutako irudiekin konbinatu ditu: «Itsasoaren irudiak eskatu nizkien, eta ekaitza izan zen batean ekaitza filmatzeko ere eskatu nien» Konfinamendua bukatzerako, material ia dena zuen, eta kanpoko plano gutxi batzuk bakarrik grabatu behar izan zituen. Irudi horiek guztiak eta Iraia Eliasek egindako Ur ipuinaren kontaketa elkartuta, collage moduko bat osatu du Esnalek.

Konfinamenduak bete-betean baldintzatu du filma, lana abiatzeko txinparta izateaz gain filmaketa prozesua konfinamenduan bertan izan zelako. Hala, Esnalek berak bakarrik egin du prozesu guztia: «Etxean bakar-bakarrik nengoen, eta neure buruarekin hausnarketan hasi nintzen. Jolasean hasi nintzen jakin gabe zer izango zen. Azkenerako, bi ordu neuzkan grabatuta». Filmaketa bakarrik eginagatik ere, lana bukatzeko muntatzaileen laguntza ere izan zuen amaieran.

Publikoaren babesa

Bakarrik grabatu zuen dena etxean, eta materiala jendearekin konpartitzean konturatu zen egindakoak «mamia» zuela.Hor hartu zuen, ekoizlearekin batera, proiektua Zinemaldira aurkezteko erabakia. Eta hautatu izanarekin oso pozik da: «Berezia da, pelikula guztiak hemen aurkeztu ditudalako». Egindako lana erakusteko gogotsu dago, baina, batez ere, publikoaren erreakzioa jasotzeko: «Pelikulak guk egiten ditugu eta gureak izaten dira pantailan erakutsi arte. Pantailan, publikoarenak dira. Espero dut publikoak gozatu eta babestea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.