Donostiako 70. Zinemaldia. Zinemira. Ander Iriarte. Zinemagilea eta ekoizlea

«Konbentzituak ez daudenek begiak irekitzea nahiko nuke»

Torturaren inguruko dokumental bat ondu du Iriartek, 'Karpeta urdinak' izenekoa, Pako Etxeberriak Eusko Jaurlaritzarentzat zuzendu zuen txostenean oinarrituta. Gaur estreinatuko dute, Zinemira sailean.

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hainbat film labur eta dokumental zuzendu eta ekoitzi ditu Ander Iriartek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986), eta orain arteko erronkarik handienari heldu dio Karpeta urdinak 113 minutuko lanean. Mirokutanarekin ekoitzi du, Gastibeltza Filmak-ekin batera. Gaurko estreinaldira zenbait alderdi politiko eta erakundetako ordezkariak joango dira.

Zein izan zen Karpeta urdinak lanaren hazia?

Eusko Jaurlaritzarentzat egin zuten tortura eta tratu txarren ikerketaren ondorioak azaltzeko aurkezpenera joateko gonbidapen bat lortu nuen. Ikerketa hori bera da hazia. Etxean presente izan dugu tortura, baina nire irudimenean izan nezakeen okerrena ere ez zen hurbiltzen egun horretan entzun nuenera. Torturaren dimentsioak, tamainak eta sofistikazioak harritu egin ninduten, eta ikusezintasunera nola eraman den, horrek ere bai. Konturatu nintzen distantzia handia dagoela ikerketa eta publikazio munduaren eta zabalkunde munduaren artean. Handik gutxira, gainera, ikusten duzu ez dela ezer pasatzen.

Zer datu nabarmenduko zenuke Pako Etxeberriak eta Laura Pegok zuzendutako ikerketen ondorioetatik?

Datuei begiratuta, su-eten eta geldiune bakoitzaren ostean tortura kasuen beherakada bat dago —beraz, tresna politiko bat da tortura—, eta, ondoren, gailur handi baten ostean, ETAren desmuntatze handiak iritsi ziren.

Torturatuei elkarrizketak egiten aritu diren batzuen laguntza izan duzu; esaterako, Olatz Retegi ikerlariarena.

Profanoentzako atea izan zen Olatz Retegi niretzat. Torturaren inguruan egiten ari zirena ikustera gonbidatu ninduen. Gidoiaren lehen bertsioa elkarrekin osatu genuen: nik narratibaren partea, eta berak ikerketa irakurtzen erakutsi zidan. Hainbat kontaktu ere eman zizkidan; adibidez, gakoa izan da Olatz Barrenetxea psikologoa, mundu horrekin lotu nauelako. Ateak ireki zizkidaten Istanbulgo Protokoloak ikusteko. Laura Pegoren figura ere garrantzitsua da, berak mantentzen baitu oraindik bizirik ikerketaren proiektua. Pau Perez Sales nazioarteko aditua aipatu behar dut [filmean ageri da], hark trebatu baititu Euskal Herriko psikologo guztiak.

Filma estreinatu ahal izateko, zer beste bidelagun izan duzu?

Finantzaketa aldetik, filma ez da erraza izan, ez baita erosoa. Katti Pochelu Gastibeltza Filmak-eko ekoizleak asko lagundu gaitu, baita Kanaldudek ere. Gakoa izan da, bestalde, Amaia Merino [Non dago Mikel?] etaLaurent Dufreche [Handia] muntatzean alboan izatea.

Krask soinua zen dokumentalaren lehen izenburua. Zergatik Karpeta urdinak?

Karpeta urdinak dira egiaren sinboloa, hemen pasatu denaren froga, eta inork auzitan jarri ezin dezakeena. Filma ikustera gonbidatuko nituzke karpeta urdinak zehatzago zer diren ezagutzeko jakin-mina duten guztiak.

Torturatuen lekukotza asko entzun dituzu filma egiteko. Zer sentimendu izan dituzu?

Ehun protokolo baino gehiago irakurri eta ikusi ditut. Hasierako gatzidura, haserre, amorru, nazka eta ezinegon guztiak bide eman dio desesperantzari. Gero, barneratzen hasten zara, eta, sekula ohitzen ez bazara ere, kapaz zara gaia informazio bezala tratatzeko. Ondotik hasi ahal nintzen erabakitzen protokoloetatik zein parte aukeratu nahi nituen, eta zergatik. Guk ez dugu zuzenean torturaturik elkarrizketatu, baizik eta ikerketaren material originala erabili dugu. Elkarrizketa horiek psikologoek, psikiatrek, antropologoek eta auzi medikuek egin dituzte. Dokumentaleko zati bakoitzak zentzu bat dauka.

Milaka torturatu egon dira Euskal Herrian. Baina zu lan zientifiko bat ulertarazten saiatu zara funtsean, ezta?

Gu liburu zientifiko batean oinarritzen gara, baina liburuaren datuetan eta lekukotzetan sentimenduak daude. Ikerketaren datuak eman ditugu, eta bihotza landu dugu gero: burua eta bihotza.

Dokumentalean, Ertzaintzako agenteek egindako torturak aipatzen dira. Ez al da gai hori orain arte ikusezina izan ikus-entzunezko lanetan?

Ez da asko hitz egin, herri ekimenetik egin diren lan batzuetan salbu. Ikonografiaren aldetik, Ertzaintzaren tortura kasuek ez dute Unai Romano, Iratxe Sorzabal edo Mikel Zabalza bezalako torturatu ikonikorik. Niri Ertzaintzarena garrantzitsua iruditzen zait: batetik, nire autonomia erkidegoko polizia delako, eta beste maila batean izan beharko luke horren ikerketak; bestetik, Istanbulgo Protokoloak dituen ikerketa ofizial batek jasotzen du hori gertatu dela. Zer bizefalia politiko-sozial da ikerketari aitortza ofiziala ematen dion gobernu berak ez egitea Ertzaintzaren aitorpen ofizial bat torturaren inguruan? Hipokrisia politikoa dagoela ikusten dut hor.

Torturatuek jasandako sexu indarkeriaz zer esango zenuke?

Torturetan hegemonia batzuk egon dira, gehien salatu izan direnak. Periferian daudenak baztertuak gelditzen dira; homosexualek eta transexualek oso tortura gogorrak pairatu dituzte, eta oso gutxi hitz egiten da horretaz. Emakumeek jasandako torturak ere bazterrean gelditu izan dira sarri.

Zure aita ere torturatua izan zen, eta horretaz hizketan agertzen da filmean. Ikusi al du lana?

Bai, duela egun batzuk ikusi zuen. Aitak torturarena ulertzeko bere logika propioa du. Familiako beste kide batzuentzat gogorragoa izan da filma ikustea.

Pozik gaurko Zinemaldiko estreinaldiarekin?

Bai, guretzat mugarria da hemen estreinatzea. Konbentzituek ikustea garrantzitsua da, txostenean dauden gauza asko deskubritu ditzakete eta. Baina are garrantzitsuagoa da konbentzituta ez daudenek ikustea, hor zirrikitu bat aurki dezakegu-eta egunen batean egia, justizia eta erreparaziora eramango gaituena. Konbentzituak ez daudenek begiak irekitzea nahiko nuke, nahitaezkoa da, eta Zinemaldiak halako gauzak baliatu ditzake.

Zinemaldiaren ostean, non ikusi ahalko da filma?

Ari gara beste jaialdi batzuetara bidaltzen. Gero, bi data dauzkagu buruan: otsailaren 13ko astean Euskal Herriko estreinaldia egin nahiko genuke. Nazioarteko estreinaldia ekainean izango da. Helburua da etorkizunean jende guztiak erraz ikusi ahal izatea.

Echevarriatik Etxeberriara dokumentala 2013an estreinatu zenuenetik nolakoa izan da zure bilakaera istorioak pantailan kontatzeari dagokionez?

Dokumentalak planteatzen ditudanean, kostatzen zait gauzak perspektibarik gabe kontatzea. Handitasun batetik kontatu nahi ditut, eta horrek zailtasunak sorrarazten ditu. Denbora asko eskatzen dit proiektuak prestatzeak; lekukotza asko grabatzen ditut. Tratamenduaren aldetik izan dut bilakaera, baina logikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.