Durangoko 51. Azoka. Azokako beteranoak. Izaskun Ellakuriaga eta Julen Azpitarte. Gerediaga elkarteko prentsa arduraduna eta Ahotsenea guneko aurkezlea

«Komunera joateko ere ez dut denborarik izaten»

Kazetariak dira biak; lotura estua izan du bien jarduerak Durangoko Azokarekin azken urteetan, nahiz eta egiteko desberdinak izan.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Durango
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Goizean goiz esnatuak dira biak, azokaren estreinaldirako prest izateko; Izaskun Ellakuriaga (Iurreta, Bizkaia 1972) eta Julen Azpitarte (Bermeo, Bizkaia, 1971). Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteko prentsa arduraduna da azken hamabost urtean Ellakuriaga, eta Ahotsenea guneko aurkezleetako bat izan da Azpitarte, 2008an sortu zenetik.

Nola oroitzen duzu azokan izan zineneko lehen aldia?

IZASKUN ELLAKURIAGA: Ikastolatik etorri nintzen aurrenekoz, 12 bat urte nituela. Herriko merkatu azokan egiten zen orduan Durangoko Azoka. Ipuin lehiaketa bat antolatu zuen Gerediaga elkarteak. Sarituetako bat izan nintzen,eta saria jasotzen gogoratzen dut neure burua.

JULEN AZPITARTE: Neu ere ikaskideekin etorri nintzen; diskoez eta liburuez baino arduratuago geunden bihurrikeriak egitearekin. Ikaskide bat errekara erori zen.

Esperientziaren talaiatik: azoka da ala elkargune da?

I. E.: Niretzat, biak dira, eta biak izatea nahi dut aurrerantzean ere. Azokak elkargunea elikatzen du,eta alderantziz.

J. A.: Niretzat, elkargunea da gehiago, nahiz eta ez dakidan non dagoen muga.

Norekin izan duzu solasaldi interesgarriena urteotan?

I. E.: Maria Elena Etcheverry argentinarra pare bat aldiz izan da gurean. Ekin argitaletxeko burua eta Andres Irujo zenaren alarguna da. Harrera egitea egokitu zitzaidan, eta hiru bat egun igaro nituen harekin.

J. A.: Nik Iñigo Aranbarri idazlearekin duela hiru bat urte izandako elkarrizketa gogoratzen dut, gauez garagardo batzuk hartzen; udak Bermeon pasatzen zituen azkoitiar baten eta jatorri gipuzkoarreko bermeotar baten artekoa.

Norekin duzu pendiente trago batzuk hartzea?

I. E.: Nik nire kuadrillakoekin, Azokak irauten duen artean ezin izaten baitut hartu.

J. A.: Nik zurekin daukat pendiente!

Azokan bizi izan duzun une desatseginena zein da?

I. E.: Gauzak nola egin direnjakin ez, eta kexaka modu txarrean etorri izan zait jendea... Horiexek.

J. A.: Gogoratzen dut Ahotseneko kontzertu bat kaotiko samarra, duela lau bat urte; Bizardunak taldeak eman zuen. Ordu erdiko epea zuten, gutxi iruditu zitzaien, eta ez zuten oholtzatik jaitsi nahi. Hurrengo ekitaldia Pirritx eta Porrotxena zen. Sartu ziren ume eta gurasoak, eta kaos bat izan zen. Bizardunak taldekoek kanpoan, kalean, jarraitu zuten kontzertua. Kaos hutsa izan zen... baina gozatu ere egin nuen [barreak].

Durangoko azokako bihotzeko txokoa?

I. E.: Komuna. Ez dut ia denborarik ere izaten komunera joateko. Ez da bihotzeko txokoa, baina bai gehien behar izaten dudana.

J. A.: El Palentino taberna. Horko bilgunea ederra izaten da.

I. E.: Beste leku bat bilatzen hasi beharko duzue postmodernook [barreak ]. Hainbeste aipatzen duzue, orain bete-beteta egoten baita, eta ez dago lekurik besteentzat.

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

I. E.:Hator, hator kantua. Urte askotan azoka amaitzeko jartzen zuten, eta astuna bihurtu zen. Zorionez, ohitura hori amaitu zen! Joseba Sarrionandiaren edozein liburu aukeratuko nuke, gustatuko bailitzaidake bere sinadura izatea. Ea datorren urtean...

J. A.: Azoka Balerdi Balerdiren lehen diskoarekin lotzen dut... baina sekula ez nuelako lortu eskuratzerik, nahiz eta urtero saiatu. Azkenean, Interneten erosi nuen. Eta, liburua ere, berdintsu. Koldo Izagirrek euskaratutako Vladimir Maiakovskiren Poemak erostear egon nintzen, baina alboan Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik zegoen, eta hura hartu nuen. Gerora ere ez nuen erosi, eta arantzatxoa daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.