Komunak, praktikari lotuta

'Gurea dena: komuna' argitaratu du Pablo Sastrek. Komunari buruzko saiakera bat da, eta sexualitateari buruzko atal batekin osatu du

Miren Garate.
Donostia
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Kapitalismoa saihestu beharreko saioek eta haren aurkako matxinadek alkantzerik izango badute, komunaren instituzioak asmatu behar dira; egun, munduan, bera da joko nagusia», dio Pablo Sastrek (Madril, 1958) Gurea dena: komuna liburuko pasarteetako batean. Komunei buruzko saiakera bat da liburua, ondasun komunen edo komunalei buruz baino gehiago, finkatu beharreko komunei buruz ari dena; izan ere, egilearen esanetan, deus ez da berez edo naturaz komuna, «soilik praktika kolektiboek erabakitzen ahal dute gauza baten edo gauza multzo baten komun izatea».

Pamielak argitaratu du, Upaingoa sailean. Eta, Jose Angel Irigarai editorearen esanetan, bilduma horren helburua hasieratik izan da eztabaidagarriak diren edo puri-purian dauden lanak argitaratzea; alegia, sozialki eragina izan dezaketen lanak argitaratzea. Alde horretatik, Sastreren saiakera erabat egokitzen dela azaldu du. «Eztabaidagarriak diren gaiak jorratzen ditu, eta hori ona da; eztabaida ona da, eztabaidetatik, diskurtsoetatik, elkarrizketetatik eta tirabiretatik etortzen baitira biderik osasungarrienak».

Aurkezpenean adierazi duenez, Sastrek «praktikarekin» lotzen du komuna. «Nik uste dut praktikarik gabe ez dagoela komuna zer den ulertzerik». Nabarmendu du ez duela zerikusirik ideologiarekin.«Halako gaiek beti kezkatu naute, komunismo tradizio batetik natorrelako, bai familian, bai sozialki. Baina komunismoari -ismoa erortzen zaionean, geratzen da soila, lehen zena, ideologia sortu baino lehenagokoa». Gaineratu du komuna ez dela lehenalditik ekarri behar den edo berreskuratu behar den zerbait, nahiz eta lehenaldira jo daitekeen gaur egun aurkitzeko zailak diren praktiken pistak topatzeko.

Halaber, Sastrek aitortu du ez dela ideal bat, komunaren praktika «gogorra» delako. Horregatik, taldeek edo komunan ari direnek baliabideak bilatu behar dituztela dio, elkarrekin eztabaidatzeko edo sortzen diren gorabeherei aurre egiteko, «ez bakarrik mundu etsaiari edo botere handiei aurre egiteko; elkarrekin bizitzeko eta elkarren artean sortzen diren gatazkei aurre egiteko ere behar dira arauak».

Euskal Herriaren historian ohikoak izan dira mendi komunalak eta halakoak, baina, egilearen ustez, hor bukatzen da iruditeria. «Bestela ulertzea gustatuko litzaidake, hau da, lurralde baten edo jarduera baten ardura hartu nahi dutenek osatzen dutela komuna bat». Hala, komuna bat oso txikia izan daitekeela azaldu du; esate baterako, amak eta seme-alabek osatutakoa ere izan daitekeela hazkuntza komuna bat.

Orain bizpahiru urte idatzi zuen liburua, eta , besteak beste, komuna bat osatzen duten adibideak aipatu ditu testuan. Kurdistango Rojava eremuari buruzkoa da jaso duenetako bat. «Han badago praktika oso interesgarri bat, mundu bisio bat duena baina praktika komunitarioetatik abiatzen dena». Bretainiako ZAD esperientziarena da beste bat. Notre-Dame-des-Landes herritik gertu dago eskualde hori, eta estatuak aireportu bat egin nahi zuen han. Biztanleak ez zeuden ados, eta okupatu egin zuten eremua. 250 lagun inguru bizi dira han gaur egun, eta antolakuntzarako ez diete jarraitzen estatuak ezarritako arauei.

«Isildutako» esperientziak

«Gizonezkoen sexualitateaz» diharduen atal batek osatzen du liburua. «Galdetu dezake irakurleak zer pintatzen duen komunaren liburu batean sexualitateari buruzko sail batek, eta ez daukat azalpen handirik». Sasoi bertsuan idatzitakoak dira biak, eta Sastrek aitortu du saiatu dela aldizkari batzuetan argitaratzen, baina ezetz esan diotela, eta erantzun zakarrak ere jaso dituela. «Genero eztabaida gai oso polemikoa da, eta nik zintzotasunetik hurbildu nahi izan dut. Eztabaida sortzen bada, sortu dadila, baina nik esan nahi izan dut nola bizi izan dudan nire sexualitatea, zintzotasunez». Egilearen ustez, ahots batzuk, bai emakumeenak eta bai gizonenak, oso isilarazita daude, esperientzia batzuk bakarrik hartzen direlako zuzentzat eta beste asko isilarazi egiten direlako.

Hain zuzen, Sastreren «zintzotasun» hori nabarmendu du Irigarai editoreak ere. «Aipatutako gaien inguruan eztabaida latzak daude, eta ideologikoki oso baldintzatuak; baina Sastreren liburuetan zintzotasun bat ikusten da».

Gurea dena: komuna-ren aurretik beste lau saiakera liburu zituen argitaratuta idazleak: Gauzen presentzia (2007), Gizajendearen ahitzea (2010), Batzarra, gure gobernua (2013) eta Errekuperatzaileak (2015). Narratiban ere uzta oparoa du; harenak dira, esate baterako, Leuropa (2002), Elurretan hotsak (2004) eta Albaren irudiak (2009) liburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.