Harriet argitaletxeari esker, mangak aparteko tokia hartu du azken urteotan, eta zer esanik ez haren barruko fantasia generoak. Aurreko urteetako ildoari jarraikiz, beste lau liburu plazaratu berri dira Gregorio Muroren zigilupean: Girls Last Tour4 eta 5 (Tsukumizu), Dinosaurs Sanctuari 4 (Itaro Kinosita) eta Otaku bat jainko lanetan 2 (Rootsport, Tomomi Usui).
Gaien eta generoen ugaritasuna, baina, eleberri grafikoek eman diote euskarazko komikiari. Paco Rocaren Ahanzturaren leizea, Asier Iturralde Gaston-en Egun bat Beti Berdin tabernan, Gregorio Muroren Mugako dragoiak. AzoteetaJulen Ribasen eta Iban Zalduaren Botere handi batekalbumez gain,honako hauek ere aztertu ditu BERRIAk, udazkenean argitaratu diren guztien lagin gisa:
'Fun Home. Familia istorio tragikomiko bat'
Egilea: Alison Bechdel. Itzultzailea: Danele Sarriugarte Mochales. Argitaletxea: Txalaparta.
Alison Bechdel komikilari estatubatuarraren lanik estimatuenetako bat da Fun Home. Familia istorio tragikomiko bat, bai eta nazioartean sonatuena ere. 2006an argitaratu zen estreinakoz, ingelesez, eta jatorrizko hizkuntzatik euskaratu du Danele Sarriugarte Mochalesek.
Fun Home. Familia istorio tragikomiko bat autobiografikoa da hein handi batean, aita zenarekin izandako harreman zailaz mintzo baita egilea. Bruce Bechdel, Alison Bechdelen aita, ingeles literaturako irakaslea izan zen ofizioz, eta herriko ehorztetxea ere zuzendu zuen —senideek poz etxea deitzen omen zioten tokiari—.
Aita-alaben arteko tirabirez haragokoak ere badarakutsa Bechdelek, besteak beste, lesbiana dela deskubritu zuenekoa edo aita gay zela konturatu zenekoa. Toki berezia daukate, halaber, AEBetan 1970eko hamarraldian jazotako zenbait gertaerak ere, adibidez Watergate aferak eta Stonewalleko istiluek.
'Niretzat bedi zu hildakoan'
Egilea: ZeroCalcare. Itzulpena: David Zapirain. Argitaletxea: Farmazia Beltza.
Ohi bezala, Niretzat bedi zu hildakoan komikian ere bere bizipenetatik abiatu da ZeroCalcare komikilari italiarra: Alison Bechdelek bezala, aitari lotutako istorio autobiografiko bat dakar kasu honetan.
Eleberri grafiko mardul honek —300 orrialde ditu— Dolomitetara darama irakurlea, eta, zehatzago, ZeroCalcareren aitaren sorterrira. Aita-semeek elkarrekin pasatuko duten oporraldiak gurasoa hobeki ezagutzeko parada emango diolakoan dago ZeroCalcare. Zein baino zein traketsagoak dira, ordea, elkarrekin jarduteko, gai esanguratsuez hitz egiteko eta, are, bizitzan erabakigarri izan zaizkien gertaerak gogoratzeko.
Farmazia Beltza argitaletxeko editore eta komikiaren itzultzaile David Zapirainen hitzetan, «aitak seme bakarra maitatzeko duen era berezia eta ZeroCalcareren beraren izaera inkomunikazio perfektuan nahasten dira elkarri esan gabekoetan». Herriko giroak eta bertakoen hizkerak —ZeroCalcarek ulertzen ez duen dialektoan mintzo dira— eta marrazkilariaren familiari erakusten dioten gorrotoak katramila handitu besterik ez dute egingo, gainera. Marrazkilariak «alderdi askotako minak» azaleratu dituela azaldu du Zapirainek. ZeroCalcareren gainontzeko argitalpenetan bezala, oraingoan ere Koldo Izagirre idazlea izan da hizkuntza aholkularia, eta oroitzapenen planora jotzerakoan, zuberera hobetsi dute.
'Itsaso gaziaren balada bat'
Egilea: Hugo Pratt. Itzultzailea: Irene Hurtado de Saratxo. Argitaletxea: Astiberri.
Itsaso gaziaren balada bat komikiak Lehen Mundu Gerraren bezperatara darama irakurlea. Corto Maltese marinelarekin osatutako liburu sortaren lehen abentura da komiki hau (hamalau dira guztira), eta, halaber, hura mundu osoan mito bilakatu zuena.
Irene Hurtado de Saratxo itzultzaileak, komikizalea izanik, Corto Malteseren istorio bat baino gehiago du lehendik irakurria. Honi, ostera, berezi deritzo, besteak beste, garbi ez dagoelako pertsonaia nagusia Corto Maltese den edo nor den: «Beharbada itsasoa bera da protagonista, Ozeano Barea, eta gai asko astintzen ditu uhinen artean». Gai horien artean aipagarri dira, adibidez, gerra, kolonialismoa eta herri indigena azpiratuenganako begirunea. Besterik ere nabarmendu du itzultzaileak: «Gai politiko eta moralak jorratzen ditu, eta etengabe zalantzan jartzen ditu ontasunaren eta gaiztotasunaren balioak pertsonaia guztien jokaeren bidez».
Itsaso gaziaren balada bat iritsi den arte, Corto Malteseren liburu bakarra izan da euskaraz: Ethiopikoak (Antxeta, 1988).
'goizero'
Egilea: Javier de Isusi. Itzultzailea: Nekane Gonzalez Gerriko. Argitaletxea: Astiberri.
Harrera espezializatuan parte hartzen duten bi familia dira ardatza Goizero-n. Hortaz, kalte emozional larriak dituzten haurrak eta haien zaintzarako gai diren helduak bihurtu ditu protagonista Javier Isusi marrazkilari bilbotarrak; esate baterako, Ana eta Laia, elkarren lagun izateaz gainera etxean haur bana hartu duten bi emakume.
Gizatasun handiz landutako komikia dela dio Astiberri argitaletxeak, baita errealismoz ere: «Egiaz betetako pertsonaia biziak erakusten ditu, eta esan daiteke errealitatearekin edozein antz izanez gero... errealitate hutsa dela».
'ihes plana'
- Egilea: Agustin Ferrer Casas. Itzultzailea: Miel A. Elustondo. Argitaletxea: Harriet.
Eleberri grafiko historiko honek 36ko gerrara darama irakurlea, eta lapurretaren eta antzeko ekintzen zilegitasuna ditu mintzagai, besteak beste.
Altxatuen bonbardaketek Madril txikituko duten beldurrez, Valentziara joko du Espainiako gobernu errepublikanoak, baita Prado museoko artelanek ere. Baina egoera larria da Valentzian ere (Herrialde Katalanak): Jende askorentzat itsasoz harago alde egitea da bizirik irauteko aukera bakarra. Horretarako, ordea, dirua behar erruz, eta errepublikano talde bati Padrotik Valentziara kamioiz aldatuko dituzten margolanetako bat lapurtzea otuko zaio. Margolan hori, zein, eta Mona Lisa da, Leonardo da Vinciren tailerrean egindako Giocondaren bertsio bat, hain zuzen.
'Argia iraungi zen tokia'
Egileak: Mikel Begoña (gidoia), Igor Sarralde (marrazkia). Argitaletxea: Harriet.
Argia iraungi zen tokia eleberri grafikoaren egileek Argien Garaira jo dute, XVIII. mendera alegia, ilustratuen kontraesan nabarmen bat azaleratze alde: «Aurrerapenaren eta askatasunaren alde egin arren, esklabotza beharrezkotzat eta naturaltzat jotzen zuten», azaldu du Mikel Begoñak.
Joseph Tribiñu esklabo trafikatzaile bizkaitarra eta Nanny esklabo matxinatuen buruzagi iraultzailea dira komikiaren ardatzak. Horiez gain, zimarroiak, Karibeko hegaztien entziklopedia bat ilustratzeko aitzakian barrandan dabilen espioia eta beste hamaika pertsonaia ere jarri dituzte dantzan, ingelesen menpe dagoen uharte batean. Komikia fikzioa da, baina badu alde historikorik ere, besteak beste, Nanny benetan bizi izan zelako. Begoña: «Plentziako historiagile baten bidez jakin nuen New Orleanseko emakume batek —Jennifer Morris— gutun bat igorri zuela Plentziara, Joseph Tribiñuri buruzko informazioa eskatuz. Arbasoa omen zuen».
'Amaiur 1522. Inperioak berriz erasotzen du'
Egilea: Cesar Oroz. Itzultzailea: Andrea Gantxegi Sorabilla. Argitaletxea: Mintzoa.
Cesar Oroz marrazkilari eta zinta-egileak historian murgiltzeko joera izaten du bere lanetan, eta, horretarako, umoreari heltzen dio sarri. Halakoxea da Amaiur. Inperioak berriz erasotzen du. 1522. urtera jo, eta Amaiurko gazteluan kokatu du istorio historikoa. 100 nafar ausart daude bertan itxita, Jaime Velaz de Medrano kapitain nafarraren gidaritzapean, 500 soldaduz osaturiko gudaroste gaztelarraren setioari aurre egin beharrean, Nafarroako Erresuma defendatzearren. Bederatzi egunetan gertatutakoa dakar liburuak, eta Zirt-zart Nafarroan!! Noaingo Bataila, 1521 eleberri grafikoaren jarraipen gisa har liteke.
'Gerra gazan'
Egilea: Joe Sacco. Itzultzailea: Julen Gabiria. Argitaletxea: Astiberri.
Julen Gabiria itzultzaileak «fanzinearen tankera» hartu zion Gerra Gazan-i lehendabizikoz irakurri zuenean: «Niretzat erreakzio urgente bat da; egileak egoera ikusita izan duen premiazko erantzuna». Kritika gordina dakar komikiak, eta, bereziki, AEBak izaten ari diren jarrerari egin dio arbuioa Saccok. Izen-abizenak aipatuz, eta ezer mozorrotu gabe, gauza sendoak esaten dituela dio Gabiriak: «AEBetako ahotsen artean ez dut ikusi orain arte berak komiki honetan planteatzen duen moduko kritikarik. Benetan latza da bere kritika».
Egileak ez ezik, argitaratze prozesuko beste eremuek ere sentitu dute premia larri hori. Itzulpena, esate baterako, astebetean egin behar izan zuen Gabiriak, baldin eta Durangora iritsiko bazen: «Urriaren amaieran lortu ziren eskubideak, eta urgentziazko lan moduan heldu nion». Liburua inprentarako bidean jarri zuten maketagileek ere ez zuten tarte hori baino luzeagorik izan. Premia horrek eta arin erreakzionatu izanak emaitza ona izan du, Gabiriaren ustez: «Euskarazko bertsioa gaztelaniazkoa baino lehenago plazaratuko da».