Asier Iturralde Gaston marrazkilariak (Donostia, 1972) ez du abentura handien beharrik istorioak taxutzeko. Horretarako, erakargarriagoa izan zaio beti egunerokoa. Ohiko tokietan suertatzen diren egoerak, esanak eta jendea abiapuntutzat hartu, eta hainbat pertsonaia asmatu ditu urteetan, eta gero zintetan argitara eman. Solte jaiotako pertsonaia horiek harremanetan jarri ditu orain bere lehen eleberri grafikoan, eta mundu txiki bat osatu dute elkarrekin, haien neurrira sortutako Beti Berdin tabernan, bertako tabernariaren begiradapean.
Jose Mari tabernaria da narratzailea. Haren itxurari erreparatu, eta ekidinezina da konparazioa. Nor dago tankera horren atzean?
Pedro Subijanaren aurpegia izan dut beti gogoan, baina bada sukaldari gehiago ere itxura hori duenik, batez ere Donostiako gastronomiaren inguruan. Eta biboteagatik ari bazara, sukaldariak ez ezik, idazleak ere badira: Jorge Gimenez zena datorkit akordura.
Pedro Subijana etsenplu hartuta, goi mailako sukaldaritzara goratu nahi zenuen zure tabernaria?
Jatun ona naiz, eta aspalditik interesatzen zait sukaldaritza. Subijana telebistan ateratzen zenean gozatu egiten nuen. Makarroiak tomatearekin egin behar, eta makarroiak fabrikatzeari ekiten zion lehendabizi. Liluragarria egiten zitzaidan hori. Umea nintzen, baina, horri esker, beste begi batzuez begiratu nion sukaldaritzari. Nerabe nintzela El País Semanal aldizkaria heldu zen nire eskuetara. Hor, Juan Mari Arzak sukaldariak artikulutxo bat idazten zuen astero. Sukaldaritzaren kulturaz aritzen zen beti, eta oso gustukoa nuen. Nire kabuz ikastea eta irakurtzea etorri zen gero.
Nire tabernaria jakintsua eta pasio handikoa izatea nahi nuen, sukalde eta taberna kontuez asko jakitea. Horretan saiatu naiz.
«Nire tabernaria jakintsua eta pasio handikoa izatea nahi nuen, sukalde eta taberna kontuez asko jakitea. Horretan saiatu naiz»
Egunerokoaren xarma ekarri duzu liburura; eleberri grafikoetan ez da ohikoena. Zein duzu eredua?
Lehengo komikietan joera nagusiak abentura, fantasia eta antzekoak ziren arren, bestelakoak ere izan dira. Bruguera argitaletxeak plazaratzen zituenak komikoak ziren, baina egunerokotik asko zuten. Zintetan, berriz, egile askok heldu izan dio egunerokoari, Calvin eta Hobbs-ek adibidez; beharbada filosofikoagoak dira zintak, baina oso gustukoak ditut, pentsatzeko pilulak izaten dira askotan.
Zeintzuk dituzu maisu-maistrak komikiaren munduan?
Nire maisu-maistren artean Seth kanadarra dago, eta, zehazki, bere Clyde Fan Book komikia. Horko narratzailea gizon zahar bat da, Clyde haizagailu enpresako kudeatzailea. Bere bizitzaz eta urteetan egindako lanaz hitz egiten du bertan, baina, era berean, kapitalismoaz, maitasunaz, eta abarrez. Jon McNaught ere oso gustukoa dut; eguneroko txikikerietatik abiatu, eta komiki poetikoak egiten ditu. Komikiaren hizkuntza zabaldu egin duela ematen du, bai formaz, bai eta edukiz ere. Oso ona da McNaught: soinuak irudi bihurtzen ere badaki.
Chris Ware ere aipatuko nuke, xarma handiz kontatzen baititu gauzak; baita Yaro Abe japoniarra ere, eta, jakina, Jean Jacques Sempe frantsesa. Horixe bera dut kutunenetakoa, batez ere marrazkeragatik. Taberna batean biltzen diren pertsonaien istorioak ere marraztu zituen Sempek.
Jendeak tabernan egiten dituen pausen arabera antolatu duzu bizitza komikian: goizeko kafea, bermuta, bazkalordua... Bakoitzak du bere tempoa eta bere aldartea. Kurioski, aldarte zakarrekoek eman diote hasiera komikiari. Zer dela eta?
Orain dela ez aspaldi, iratzargailuaren inguruko komiki bat egin nahi izan nuen. Ez dut ezer egin, baina orduko galderak hor jarraitzen du: Zergatik da gizakia iratzargailua behar duen animalia bakarra? Zergatik behar dugu guk halako tortura? Izan ere, zenbat eta goizago jaiki behar izan, orduan eta lan prekarioagoa duzun seinale da. Bada, horixe islatu nahi izan dut liburu honen hasierako orrietan.
«Zergatik da gizakia iratzargailua behar duen animalia bakarra? Zergatik behar dugu guk halako tortura? Izan ere, zenbat eta goizago jaiki behar izan, orduan eta lan prekarioagoa duzun seinale da. Bada, horixe islatu nahi izan dut liburu honen hasierako orrietan»
Marrazkilari gisa egiten den prozesuan, zein duzu zereginik gustukoena?
Gehien gustatzen zaidana pertsonaiak asmatzea da. Noiznahi aritzen naiz horretan, baita bezeroren batekin hizketan ari naizenean ere. Esate baterako, urte mordoa eman dut neska eder ilemotz bat egin nahian. Nire estiloa oso soila da, eta denbora asko eman dut horretan tematuta, ile apaindegietan begira, eta abar. Prozesu hori asko gustatzen zait.
Bestalde, komikiaren baliabide narratiboekin jolastea ikaragarri maite dut, erronka bat da niretzat. Adibide bat ematearren, tabernatik ageri den ilunabarra nahi nuen grafikoki kontatu, sinpleki eta erraz ulertzeko moduan. Hor, garrantzitsua da zer eta nola agertu, denboraren joana, jendearen joan-etorriak, argi-itzalen bilakaera... Kontatzeko tresnak gardena izan behar du, ezin du agerikoa izan.
Zure pertsonaiak arruntak dira, eta, era berean, bereziak. Umorez deskribatzen dituzu, baita enpatiaz ere. Beharrezkoa ote da enpatia pertsonaia sinesgarriak sortzeko?
Kalean ikusitako pertsonek ez didate gauza handirik iradokitzen berez, baina hizketan entzunez gero, burua lanean hasten da berehala. Behin tipo batekin egin nuen topo: enpresariaren arketipoa, ilea urdindua, atzerantz orraztua. Halaxe esan zion bere aldamenekoari, harroxko: «Begira, hor doa epailea, dei iezaiozu, prebarikatu egin behar dugu eta!». Ziztu batean koadernoa atera, eta dena apuntatu nuen berehala, bai esandakoa, bai eta testuingurua ere, kontu hura ez ahazteko.
Enpresari horren ideiatik abiatuta pertsonaia bat sortu nuen; ez dut liburu honetan sartu, baina hurrengo batean ziur aterako da.
Denok oso antzekoak garela esango nuke. Batzuek eta besteek har ditzakegun bideak berberak ez izan arren, mugiarazten gaituzten grinak berdinak dira. Besterena ulertzen duzu, eta enpatia erakusten duzu, zu zeu ere horrelakoa izan zaitezkeelako, finean. Enpresariaren kasuan, familia aberatsekoa banintz eta dirutza izango banu, batek daki nola jokatuko nukeen nik ere.
Zu zeu ere pertsonaietako bat zara liburuan. Diseinu lanetan aritzen zinen garaiko matrakak atera dituzu komikian. Gogorra al da lanbide hori?
Ez da batere atsegina. Baditu gauza ederrak, baina kanpotik ageri dena eta ofizioak daukana ezin dira parekatu, ez dute ikusteko handirik. Erakargarria dirudi, erraza, sormenari lotua, sakontasunik gabea; baina barruan zaudenean zamatu egiten zara, asko eman behar duzulako, ez teknikoki soilik, pertsonalki ere gogotik inplikatu behar duzu. Hasierakoa momentu polita da beharbada, baina hortik aurrerakoa kudeaketa da dena: proiektua kudeatu behar duzu, baina baita bezeroa ere; psikologoa izan behar duzu, zentzugabekeria asko jasan behar dituzu, eta oso nekagarria da. Diseinu mundua tortura bat da: inplikaziorik gabe, kaka tzarra da, eta, buru-belarri inplikatuz gero, sufritu egiten duzu.
«Diseinu mundua tortura bat da: inplikaziorik gabe, kaka tzarra da, eta, buru-belarri inplikatuz gero, sufritu egiten duzu»
Liburua osatzeko bultzada beka batek eman zizun. Bekarik gabe zein izango zatekeen panorama?
Epea erabat bestelakoa izango zatekeen. Batzuk mendira joaten diren bezala, nik marrazten gelditu beharko nukeen, eta beharbada urteak eman beharko nituzkeen komikia bukatzeko. Komiki bat egitea apustu pertsonal gogorra da, eta jasotako bekak modu profesionalean egiteko aukera eman dit.
«Komiki bat egitea apustu pertsonal gogorra da, eta jasotako bekak modu profesionalean egiteko aukera eman dit»
Zein izango da zure hurrengo proiektua?
Banuen beste komiki bat esku artean, baina liburu honek jarraipenik izango ote duen galdezka hasi zait jendea, eta, gainera, pertsonaia bakoitzarentzat material mordoa dut gordea. Sail bat egitea gustatuko litzaidake, eta ziur da hurrengoa egingo dudala, baina ez dut gauza handirik esan nahi. Hori baino lehen, buruan ditudan ideiak harilkatu beharko ditut.
Zer litzateke zure ametsa?
Komikigintza ogibide bihurtu, eta horretatik bizi ahal izatea. Betidanik izan dut amets hori. Gerturatzen ari ote naiz? Ez dakit, apurtxo bat, beharbada.