«Asko kezkatzen nau ahozko memoriak; jendea desagertuz joatea eta, haiekin batera, baita guri esateko zutena ere. Kezka bizia da, dibertigarria, baina hein batean apur bat tragikoa bilakatzen da galtzen ari dela konturatzen naizenean». Herri kulturarekiko zaletasunak eta ondare hori galtzeko beldurrak zinemari eta komikiari lotutako ale, argitalpen eta era guztietako agiriak biltzera eraman zuten Luis Gasca (Donostia, 1933-2021). Bildumazale handia izan zen, eta bere jakituria hainbat liburutan islatu zuen, eta Donostiako Zinemaldia ere zuzendu zuen bi alditan, jaialdiaren garai ezegonkorrenetan: 1977an eta 1981-1983 tartean. Gasca atzo hil zen, azkeneko asteak erietxean igaro ondoren.
Ehunka liburu idatzi zituen Gascak, batez ere komikiari buruzkoak. Euskonews-i emandako elkarrizketa batean horrela arrazoitu zuen bederatzigarren artea izendatu izan dutenak piztutako grina: «Komikia arte osoa iruditzen zitzaidan, bai bisualki, baita semantikoki ere: irudiak, testuak, horren guztiaren bat egitea, hizkera herrikoia, slang-a... zinemak edo eleberriak ematen ez zidaten irakurketa eskaintzen zidan». Bere bizitzan milaka komiki bildu zituen, eta 2011n Gipuzkoako Foru Aldundiari saldu zizkion. Funts horiek guztiak Koldo Mitxelena kulturuneko Komikigunean daude bilduta.
Komikia izan zuen arte kuttuna, baina zinemarekiko maitasunak Donostiako Zinemaldia zuzentzera eraman zuen 1977an. Hain zuzen ere, George Lucasek Star Wars Donostiara ekartzea lortu zuen urte hartan. «Garai hartan, pentsaezina zen zientzia fikziozko film bat festibal batean ematea».
HILBERRIA. Luis Gasca
Komikia eta zinema erraietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu