Komikia eta argazkia elkarren eskutik Zarauzko Photomuseumen

Luis Gascak berrehun irudi baino gehiago bildu ditu erakusketan.Euskarazko lan bat jaso dute

Argazkigintzak azken mendean komikietan izandako agerpenak bildu dituzte. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Zarautz
2015eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Komikiak eta argazkiak bat egin dute Zarauzko Photomuseumen. Argazkigintzak azken mendean biñetetan izan dituen agerpenak erakutsi dituzte, komikigintzan aitzindari direnetatik hasi eta oraintsu arteko irudiak bilduta. Komikien irudiak koadroetan sartuta eta komiki originalak dira ikusgai. Zabalik da Argazkigintza komikigintzan izeneko erakusketa.

Luis Gascak (Donostia, 1933) prestatu du. Komikiaren harrak harrapatuta, urteak daramatza haren historia aztertzen. Hala, gaian aditua bilakatu da. Photomuseumerako erakusketa abian jartzeko, Koldo Mitxelena Kulturuneko Komikigunea zerbitzuan duen materialaz baliatu da. Komikigintza arlo zabala bada ere, mundu horrek hartu duen bide bat jorratu du: argazkilariek eta argazkiek komikietan izan duten agerpena, hain zuzen.

Argazkigintzak eta komikigintzak bat egiten duten mundu zabal horren ikuspegi panoramikoa eskaintzen du erakusketak. Izan ere, argazkigintzan aritzeko mila modu daude: besteak beste, afizionatuak, profesionalak, gerra argazkilariak eta kale argazkilariak daude. Gascak komikien berrehun irudi baino gehiago bildu ditu erakusketan, eta hamar ataletan sailkatuditu, lantzen duten gaiaren arabera.

Hamar atal

Museoko lehenengo solairuan dago Gascaren komikiak biltzen dituen erakusketa. Hormek komiki itxura hartu dute, elkarren ondoan pilatu diren irudiak direla eta. Hamar atal bereiz daitezke, irudien ondoan dauden txarteltxoen bidez: argazkiak, kale argazkilariak, paparazzi-ak, modeloak, argazkilari amateurrak, profesionalak, berriemaileak, estudioa, aitzindariak eta argazkilari apartak.

Komikiek istorioak biltzen dituzte, eta istorioek, sarritan, argazkiak. Istorioz gainezka dago museoa. Argazkiek jendearen bizitzetan nola eragiten duten erakusten da. Funtsean, argazkigintzaren inguruko hausnarketa bultzatu dute komikiei erreparatuz. Berriemaileek lanabes dute argazkia; sarritan, hil edo bizi aritzen dira une egokian behar den lekuan egoteko. Robert Capa gerra argazkilari ezaguna da horren adibide. Beste batzuek ez dute euren burua hainbesteko arriskuan jartzen, eta nahiago dute estudioetan lan egin. Zeluloidea, zuri-beltzeko argazki zaharrak eta egungo komiki ezagunenak bildu dira, atalez atal. Historia eta istorioak ez daude elkarrengandik hain urrun.

Mundu osoko lanak

Mundu zabaleko komikiak daude Zarautzen. Dena den, atzerrikoak dira nagusi: besteak beste, presente daude Japoniako Towa Oshimaren manga estiloko komikiak, Spiderman edota Superman superheroiak eta Tintin abenturazalea. Horien artean, euskarazko lan bati ere egin diote lekua: Fermin Muguruzaren, Harkaitz Canoren eta Dr. Aldereteren Black is beltza obra jaso dute, hain zuzen .

Historian garrantzitsuak izan diren argazkiak ere bildu dituzte. Che Guevararen ohiko irudia da adibide argietako bat. Une historiko garrantzitsuek ere badute lekua museoan: besteak beste, Irakeko gerrak eta Gernikako bonbardaketak.

Komikia bizi-bizirik dago mundu zabalean, bai eta Zarautzen ere. Gascaren afizioa tarteko, euskaraz nahiz ingelesez, atzerrikoak eta bertakoak, kolorez ala gabe; mota guztietako komikiak jaso dituzte Photomuseumen. Oraingo honetan, marrazkia eta argazkia eskutik hartuta datoz. Irailaren 13ra arte egongo da zabalik erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.