Komiki hizkuntza beti oinarrian

Antton Olariaga komikigilearen hainbat lan bildu dituzte 'Marra eta hitza' erakusketan, Donostiako Komikigunean. Sortzean, «gutxienez hogei segundoz» gozatzea du lege

Maialen Unanue
Donostia
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«[Koldo Mitxelena liburutegiko] Ganbarako erakusketa handiagoa zen; hau pintxo-potea da». Umore jario etengabea du Antton Olariaga marrazkilariak (Usurbil, Gipuzkoa, 1946). Haren lanen bilduma bat egin dute Marra eta hitza erakusketan, Donostiako Komikigunean. Bisita gidatua egin zuen atzo marrazkilariak berak, eta datorren asteazkenean, martxoaren 1ean, Koldo Izagirrerekin solasean arituko da erakusketan bertan, 19:00etan.

Erakusketa xumea da, baina badu non arakatu. Paparrean III. Komiki Egunetarako prestatutako panelak, askotariko argitalpenetarako egindako lanak —Ipurbeltz, Anaitasuna, Zeruko Argia, Euskaldunon Egunkaria, BERRIA— eta beste diziplina zenbaitekin lotutako lanak daude ikusgai —Hamaseigarrenean aidanez, Altza Porru edo Itzal zaunka, adibidez—.

Olariagak bi arau ditu. Batetik, marrazten duenak «komiki hizkuntza izatea beti oinarrian». Komiki egitura ez duten edo liburuetarako erabili dituen ilustrazio hainbat daude erakusketan: «Pentsa daiteke horiek ez direla komikiak, zentzu itxian; baina, nire ustez, interesgarria da ikustea komiki hizkuntza erabili dela».

Kontatzea, eta irakurtzea

Bestetik, sortze prozesuan, «gutxienez hogei segundoz» egiten ari denarekin gozatzea du lege—irakurleek zintak irakurtzeari eskaintzen dioten denbora, haren arabera—. Beraz, jolasari heltzen dio lanean aritu arren: «Adibidez, Jakoba Errekondok eskatu zidan zortzi orriko istorio bat egitea Altza Porru-rako; zortzi orri zortziko txikian egingo nituela erabaki nuen, zazpi eta sei binetakoak tartekatuz». Gainera, kontatu du «baratzearen eta Errekondoren aurkako» protagonista —satorra— sortu zuela, irribarrea ahoan.

Sortze prozesuan, ezertan hasi aurretik, marrazten duena kontakizun osoago baten barruan doala kontuan hartu behar da, Olariagaren arabera: «Beraz, nire marrazkiek ere zerbait kontatu behar dute». Baina, gainera, kontuan du zeinentzat marrazten ari den, eta bi multzo egin ditu: haur eta gazte literaturari lotutakoak, eta helduentzat egindakoak. Baina haurrentzat sortutakoak helduentzat ere irakurgarri izatea lortu nahi izaten du. Ipurbeltz-entzat egindako marrazki bat jarri du horren lekuko, erakusketaren hasieran dagoena: ehiztari bat ikusten da, eskopeta eskuan, eta itzala erbi batena da. «Haur batek pentsa dezake jolas bat egin duzula; heldu batek, berriz, irakurketa politiko bat egin dezake».

Paperean hasten ditu Olariagak lan guztiak. Eta adarra ere jotzen diote horregatik: «Oraindik ere borragoma erabiltzen ote dudan galdetzen didate, eta nik baietz, koska eginez gero, goxoa dagoela». Azken emaitzara horrela gerturatzen da gehien; testua, kolorea eta azken ukituak uzten ditu ordenagailurako.

Irudi oso estatikoetatik edo zentzu dekoratiboa dutenetatik ihes egin ohi du, «geldoak» iruditzen zaizkiolako. «Nahiago ditut intriga pitin bat duten irudiak: pixka bat lehenago gertatu dena eta gero datorrena iradokitzea». Esaterako, korrika ari den pertsona bat irudikatzean, osorik erakutsi baino, nahiago du hanka bat erakutsi, eta marrazkitik kanpo utzi gainontzekoa: «Irakurlea konplize bihurtzea inportantea da». Marrazkian, «mugimendua duten beste diziplinetan bezala», egileek esanahiaren «erdia baino gehiago» jartzen dute, baina irakurleek eman behar diote gainontzekoa: «Nik sua piztuko dut, baina eztanda egingo du irakurleak nahi badu».

Zakilixutek, 40 urte

Pertsonaiak sortzeko, hiru alderdi hartzen ditu kontuan. Batetik, pertsonaiaren profila: zein ezaugarri fisiko, zein janzkera eta zein izaera izango duen. Hori guztia, gainera, kontuan hartuz zer espaziotara mugatu behar dituen istorioak eta pertsonaiak; zinta batean, esaterako, formatu horizontalaren menpe legoke. Hizkera eta izena ere erabaki behar dira.

Zakilixutekin ere prozesu hori pasatu zuen. Aurten, 40 urte beteko ditu Olariagaren pertsonaia ezagunenak; Egin egunkariarekin batera jaio zen. Benetako pertsona bat da dagoeneko marrazkilariarentzat: «Astean bitan edo hirutan ikusten dugu elkar; gero bakoitzak bere bidea egiten du. Inportantea da, marrazki hauek guztiak kajoian sartzea den bezala: ahaztu, ireki, eta sorpresa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.