Maskara aurpegian duela, ezker-eskuin dabil Mikel Martinez aktorea Basauriko Social antzokiko agertokian (Bizkaia), gorputz osoa estaltzen dion barruko arropa pieza zuri bat jantzita; eskuekin keinuak marrazten ditu airean, orain lurra eta gero airea seinalatzen ditu, kiribil moduko bat irudikatzen du gero, dena hitz bakar bat ere ahoskatu gabe, eta bere barruan soilik entzuten duen testu bat errepasatuz. Jokin Oregi zuzendaria azaldu da agertokian, oraingoz berak bakarrikikusten dituen elementu batzuei buruz hizketan, eta aireari begira. «Hau dena liburuz beteta egongo da, aulki hori ez da hor egotekoa, eta hemen gauza gehiago egongo dira... Ongi egongo litzateke esatea, agian, hau entsegu bat dela». Patxo Telleria dator orduan, murmurioka bera, eta tarteka ahotsa garbitzen, Martinezek keinuka eta Oregik azalpenekin jarraitzen duten bitartean. «Ma! Ma! Me, mi, mu. Ma!». Minutu erdira dator hasteko agindua, eta hasi da entsegua. Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko du Tartean konpainiak antzezlanak irakurtzearen irakurtzez burua galtzen duten bi aktoreri buruzko Ez dok ero komedia, baina azaroaren 10ean eta 11n izango da hori, eta orain azken ukituak moldatzendabiltza.
Telleriak idatzi du testua, eta, azaldu duenaren arabera, hasieratik da autoparodikoa pieza.«Emanaldiaren abiapuntua da gu erretiratu egin garela, gure estiloa gastatuta dagoelako, jendea gutaz kokoteraino dagoelako, eta belaunaldi gazteagoak etorri behar direlako». Eta orduan dator pieza osoa martxan jarriko duen baina. «Gertatzen dena da Mikel [Martinez] zoratu egiten dela, eta agertzen zaiola gure antzezlan zahar bateko pertsonaia bat bisitan, eta leporatzen diola gure herriaren historiari eta kulturari kalte handia egin diogula, herri honek arazo handiak dituelako, eta euskal antzerkiak arazo horiei erantzuna eman behar dielako».
Eta konbentzitu egingo du.
Misio bat izango du une horretatik aurrera Martinezek: herriak behar duen antzerki «sakon» eta «esanguratsua» sortzea. Telleria ere konbentzitu nahiko du horretarako, eta hor hasiko da On Kixote eta Santxo Panzaren modura ibiliko diren bi pertsonaiaren bidaia, geldialdi bakoitzean euskarari, Euskal Herriari eta euskal kulturari buruzko adarjotze sorta bat utziz.
Road movie baten kutsua ere badu antzezlanak, eta Euskal Herriko hainbat herri eta kultur ekitaldiri buruzkoak entzun ahalko ditu ikusleak. Durangoko Azokara egiten dute lehen bisita bi antzezle ibiltariek, Arantzazuko santutegian ematen dute Aste Santua Oteizaren apostoluekin, pastoralak ikusten dituzte Zuberoan, Haizearen orrazia eta danborrada bisitatzen dituzte Donostian, Iruñeko kantu txapelketan hartzen dute parte, Martuteneko kartzelan ere sartzen dituzte bitan, Lekeitioko Antzara Eguna ere ezagutzen dute...
Bikotearen jarduna hasieratik izan da autoerreferentziala, Martinezek gogora ekarri duenez, eta 2003an bikote formulan estreinatu zuten Euskara sencilloaren manifestua antzezlana aipatu du adibidetzat. «Beti landu izan dugu autoparodia; aspaldi hasi ginen munduko euskaldun berririk zaharrenak ginela esanez, eta horretan segitzen dugu». Lehen lan haren ondotik heldu ziren gero Larru haizetara,Euskarazetamol,Lingua Nabajorum eta Ez dok hiru, besteak beste, guztiak euskaraz, eta beti euskara eta euskal kultura ardatz hartuta. Baina koska bat egin du gora autoparodiak oraingoan, Martinezek dioenez. «Geure buruaz, euskaraz eta euskal kulturaz barre egiten dugu, eta, Ez dok hiru formularen barruan, inoiz baino gehiago egiten dugu barre geure buruaz».
Handira zein txikira
Telleriaren hitzetan, orain arteko lanik sakonena ere bada oraingoa, halere. «Alde horretatik, beharbada, etsigarriagoa ere bada», azaldu du, irribarrez.
Bikoteak egindako ibilbidearen arrastoa igartzen du piezan Oregik ere. Bera dabil zuzendari lanetan, eta, kanpotik ikusita, muino moduko batean ikusten ditu Telleria eta Martinez, bertatik egin duten guztiari begira. «Noraino iritsi diren eta zer egin duten galdetzen diote beren buruari lan honetan». Eta pandemia aurretik ere «arrisku taldean» sartuta zeudela dio zuzendariak txantxetan: «Bai adinez, bai antzerkian sartuta geundelako ere».
Oregik maiz zuzendu ditu Telleria eta Martinez, eta, dioenez, eszenografiari buruzko erabakiak hartzea eta emanaldiaren formatua hautatzea izan ditu lan nagusiak oraingoan. «Arriaga antzokian egingo dugu estreinaldia, eta han duintasunez aurkezteko moduko lan bat egin nahi dugu, baina jakinda gero oso leku txikietatik ere helduko zaizkigula eskariak, eta bietarako egokitu behar da saioa». Hogei emanalditik gora dituzte jadanik itxita, estreinaldiaren osterako.
Eta jarraitzen du entseguak. Donostiako danborrada ulertu nahi —eta ezinean— dabiltza bi pertsonaiak orain. Bromati. Barre batzuk ikusleen artean, eta eten egin du saioa Oregik. Oharra orduan Martinezek, pertsonaiatik atera berri: «Bilborekin ere sartzen gara, e». Segundo pare bat, eta orduan Telleriak: «Gutxiago».
Komeriak behingoz utzita
Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek 'Ez dok ero' lana estreinatuko dute azaroaren 10ean eta 11n, Bilboko Arriaga antzokian. Bikotearen ohiko formulan, euskal kultura izango du jomuga komediak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu