Kritika. Antzerkia

Koltesen ildo beretik

'Tan solo el fin del mundo' antzezlana. Eneko Sagardoi mahai baten gainean, gainerako aktoreak inguruan dituela. VANESA RABADE
'Tan solo el fin del mundo' antzezlana. Eneko Sagardoi mahai baten gainean, gainerako aktoreak inguruan dituela. VANESA RABADE
Agus Perez.
2024ko maiatzaren 19a
05:20
Entzun

'tan solo el fin del mundo'

Ekoizpena: Teatro Kamikaze eta Teatro Español. Egilea: Jean-Luc Lagarce. Zuzendaritza: Israel Elejalde. Eszenografia: Monica Boromello. Musika: Alberto Torres. Jantziak: Sandra Espinosa. Argiak: Paloma Parra. Bideoa: Pedro Chamizo. Antzezleak: Irene Arcos, Yune Nogueiras, Raul Prieto, Maria Pujalte, Eneko Sagardoi, Gilbert Jackson. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 17.

Eremu eszeniko hotz batean eta hoztasun nabarmenez hasi da Tan solo el fin del mundo (Munduaren amaiera besterik ez) obraren antzezpena. Zuri koloreko mahai huts bat eta haren inguruko zazpi aulkiak izan dira eszenografiaren elementu zentralak, eta inguruko panel handiek etxe bateko disposizio eskematiko bezain surrealistak irudikatu dituzte, beren gris eta beltz arteko tonuekin. Atzeko aldean horma bertikal handi batek presiditu du guztia bere beheko atearekin, eta haren gainean proiektatu dira maiz garai bateko argazkiak eta filmak —gehienak zuri-beltzean—, protagonisten umezaroa era batean edo bestean irudikatuz.

Ikusten denez, eremu eszenikoaren diseinuak protagonismo handia eduki du muntaiaren planteamenduan, eta haren garrantzi bera emango nioke argiztapen diseinu psikologikoari, beti-beti jardun duena zuri tonuetan, baina unean uneko pertsonaien protagonismoan zentratuta. Soinu-banda dotore eta diskretuak ere rol erabakigarria jokatu du ikusleen atentzioa bizirik mantentzeko eta emanaldiaren erritmo sostengatuari eusteko zereginetan.

Esan bezala, hotz hasi da guztia, beharbada antzezleen adore faltagatik, edo beharbada, testuak berak hoztasunaren lurraldera eraman nahi izan gaituelako hasiera-hasierarik. Kontua da Louis, familiako seme nagusia, etxera itzuli dela bisitan, urteetan sendiarekin harremanik izan gabe egon ostean, eta horrek sendiarekin dituen ez-komunikazioaren arazoak azaleratu eta areagotuko dituela. Breakdance estiloko dantzari isil batek interpretatu ditu protagonistaren egoerak, baina benetako pertsonaia Eneko Sagardoik jokatu du.

Jean-Luc Lagarce (Frantzia, 1957-1995) dugu maisulan horren egile, eta seguruenik, gazte hil izanak eragotzi zitzaion ezagunagoa izatea. Obra ikusten nuen bitartean saihestezina egin zait Bernard-Marie Koltesekin (Frantzia, 1948-1989) gogoratzea, bien arteko paralelismoa nabaria delako bai arlo pertsonalean, bai aurreko belaunaldiekin apurtzeko hartu zuten estiloan. Koltesenetan bezala, Lagarceren testuan ez dago ia progresiorik argumentuan, dena trabatuta bezala geratzen baita pertsonaien barne gogoetetan. Izan ere, beren hitzaldi luzeekin nolabaiteko elkarreragina antzeman daitekeen arren, ikusleen arreta gehiago zentratzen da testuaren mami existentzialistan, psikologiatik eta filosofiatik erdibana edanez.

Planteamendu aurreratu eta garaikide horretan, nor Eneko Sagardoi baino egokiago misantropiaren isolamenduan babestuta sentitzen den pertsonaia gorpuzteko? Espero bezala, bikain eraiki du batez ere isiluneetan eta jarreran oinarritutako rola, baina gutxien espero genuenean ezustean harrapatu gaitu Raul Prieto valentziarrak, anaia minduaren antzezpena ñabardura guztiekin hornituz, eta bere pertsonaia ustez ezjakina aspaldi ikusi gabeko mailarik gorenera eramanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.