Erritmo arinean, saltoka eta jauzika irten da Pierrot oholtza gainera. Koloretako jantzien artean galdu da, badirudi ezkutaketan jolasten ari dela. Galdutako maskara berreskuratu nahi du, eta oholtzako kideek ez diote lan horretan gehiegi laguntzen. Eskerrak ikusle diren haurrek esaten dioten non dabilen maskara. «Hor, hor!», oihukatzen dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Donostiako egoitzan bildutako 2 eta 5 urteko 150 haurrek estalkia non dagoen hatzez erakusten dioten bitartean. Dantzarien koloretako jantzi artean ezkutatu da berriz aurpegi zuria. Eta ohartarazpen intziriak Cristina Vertizen biolin doinuen eta Pedro Jose Rodriguezen piano artean nahasi dira, harik eta Pierrotek maskara janztea lortu duen arte. EOSek antolatutako Musika Gela saioko Pierrot ikuskizunaz gozatzen ari dira han bildutakoak.
Txalo egin dute entzuleek, Anthony Lafargueren perkusioaren erritmoan. Pierrotek lortu du aurpegia jartzea, eta horri esker ikusi ahal izan du lehen aldiz adi- adi dituela Beasaingo, Donostiako, Zeraingo eta Orioko haurrak. Jolasean eta dantzan jarraitu dute, musikaren erritmoan mugitzen, belarriz entzundakoari kolorea jartzen.
Horretarako, lan abila egin dute Dantzertiko 3. mailako ikasleek. Lehen aldia da EOSekin elkarlanean aritzen direla. Ekaitz Gonzalez Dantzertiko zuzendariaren ustez, «ezinbestekoak» dira horrelako lankidetzak: «Beharrezkoa da horrelako formatuak sortzea eta hainbat esparrutan lanean ari garen kideen artean harremana sustatzea». Horregatik, hitzarmena sinatu dute orkestrak eta antzerki eta dantza eskolak.
Ez da alferrikakoa izan egindako lana; haurrek adi entzuten dute EOSeko kideek jotako musika, eta begiak zabal-zabal eginda jarraitu dituzte dantzarien mugimenduak. Musikaren doinu jolastien erritmoan dantzariek amarru egin diote Pierroti. Pertsonaia nagusiak ilargia besoetan hartu nahi du. Badaki ia ezinezkoa dela, baina temati heldu dio hasierako asmoari.
Didier Bousqueten tronpetak ohartarazi die haurrei Pierrot erortzear dela. «Kontuz!», abisu eman nahi izan diote, baina, beranduegi izan da ordurako. Lurrean da pertsonaia, dantzarien jantzi koloredunez inguratuta.
Ez du berehalakoan etsi, ordea. Xostakovitxen, Brittenen eta Bethovenen sinfonia ezagunen erritmoan, eta haurren txaloek lagunduta, etengabe saiatu da Pierrot ilargia hartzen. Ez EOSeko laukotearen musikak, ez Dantzertiko dantzarien mugimenduek, eta ezta haurren abisuek ere ez dute lortu pertsonaiak objektu preziatua eskuratzea. Edonola, amaierarako ohartu da guztiaren gainetik, politena izan dela egindako bidaia, lagun artean egindako saiakera, kolorez jantzitako bidea eta bildutako haurrak ezagutzea.
Entzuleak ere pozez zoratzen daude. «Agur, Pierrot!», esan diote emanaldiaren amaieran. Eta, inor gutxik pentsatuko zukeen moduan, musika klasikorako beste pieza bat eskatu du aho batez publikoak: «Beste bat, beste bat!» esanaz altxatu dira oraindik haur hezkuntza amaitu gabe duten dozenaka ume.
Gogoa eta musika klasikoarekiko interesa piztea da, hain justu, EOSek Musika Gela zikloarekin lortu nahi duena: «Musikarekin jolastea eta gertuko bizipena bermatzea da geure apustua», azaldu du Mikel Cañada egitasmoaren zuzendariak. Orkestraren lehentasun nagusienetakoa da, hain zuzen, haurrei musika klasikoa gerturatzea. Horretarako, bederatzigarren aldiz aurkeztu dute Musika Gela. Guztira, lau emanaldirekin egingo dute lan, eta 2 urtetatik 18 urtera arteko haur eta gazteek aukera izango dute bertatik bertara musika klasikoaz gozatzeko.
«Pentsa nolako garrantzia duen guretzat, ezen Robert Treviño zuzendariak ere saio baten gidaritza hartuko baitu», azpimarratu du Oriol Roch EOSeko zuzendariak. Era berean azpimarratu du lanean ari direla musika inklusiboaren alde: «Ez dugu inor baztertu nahi, guztiontzako musika nahi dugu».
Datozen emanaldiak
Horregatik, familiek eta haurrek aukera izango dute aurrerantzean ere horrelako saioez gozatzeko. Besteak beste Soinuekin Jolasean kontzertua, Pierrot ikuskizuna eta Xostakovitxen 5. Sinfonia zein Bethovenen Pastorala ikusteko aukera izango du nahi duen orok.
Eskolentzat eskainitako emanaldietan 7.000 lagunetik gora bilduko dira, baina Donostiako Kursaalean eta Gasteizko Principal Antzokian zein Federico Garcia Lorca aretoan ere aukera izango da kontzertuez gozatzeko. Lehenengoa datorren otsailaren 3an izango da Kursaalean.
Koloretako musika haurrentzat
'Pierrot' haurrentzako ikuskizuna aurkeztu dute EOSek eta Dantzertik. Lehen aldiz arituko dira bi erakundeak elkarlanean. Musika Gela zikloaren baitan 40 emanaldi antolatu ditu orkestrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu