Koloretako mundua zuritzen ari da

Konrado Mugertzak portuetako paisaiaren eraldaketari buruzko proiektu bat aurkeztu du, argazkigintza eta literatura batuz: 'Zura eta ura'

Zura eta ura erakusketaren irekiera eta liburuaren aurkezpena egin zuten atzo, Bilboko Itsasmuseumen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
«Nortasunik gabeko zuritasun antzu batek estali du itsas portuetako mendeetako paisaia kromatiko joria». Horrela deskribatu du Konrado Mugertzak (Eibar, Gipuzkoa, 1955), Zura eta ura proiektuko zuzendariak, gaur egungo itsas portuetako egoera. Ontzien eraikuntzan material sintetikoek egurra ordeztu duten neurrian, kolorea ere aldatuz joan da pixkanaka. Euskal Herriko itsas portuek horren berezkoak izan dituzten urdin, gorri eta berdeak desagertu dira, eta, horien ordez, kolore zuria ari da gailentzen. Hala ere, hori ez da ondorio bakarra. Urteetan sendotuz joan den «identitatearen galera» ere ekarri du material sintetikoaren erabilerak: «Itsasoko hondarra bezala, atzamarren artetik ihesean doa gure nortasuna».

Zura eta ura izenburupean, artea, literatura, tradizioa eta nortasuna uztartu dira bi adarreko egitasmo honetan: erakusketa ibiltari bat eta liburu argitalpen bat. Bilboko Itsasmuseumen eman zitzaion atzo hasiera, eta erakusketa abiatzeko «leku aproposagorik» ez dagoela azpimarratu du proiektuko zuzendariak: «Egia esan, munduan ez dut ikusten hau baino leku egokiagorik. Itsas museoa izateaz gainera, itsas zurgintzari eta arotzeriari erreparatzen diolako».Uda ondoren, berriz, Donostiako Aquariumera lekualdatuko dute ibilbide «luzea» izango duena.

Egitasmo «korala»

Azken hogei urteetan Mugertzak berak egindako argazkiak dira erakusketaren oinarri. «Gainditzeke neukan ikasgaia izan da proiektu hau, buruan jiraka eta biraka nuen ideia bat zen». Gehienbat, argazki artistikoak eta dokumentalak dira, eta egurrezko, burdinazko eta harrizko ehunduren kolorea irudikatzen dute. Hala ere, argazkiez gainera, «ibilbide handiko» egileen literatura testuak ere tartekatzen dira proiektuan; besteak beste, Itxaro Bordaren, Kirmen Uriberen, Anjel Lertxundiren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Miren Agur Meaberen saiakera labur batzuk. Uribek, esaterako, tanka-k (Japoniako poesia molde oso laburrak) idatzi ditu, txikitako oroitzapenekin bat eginez: «Gure aita arrantzalea zen, hitz gutxikoa, ematen zuen bere arima itsasoan geratu zela». Hortaz, haren aitaren oroitzapenekin eta koloreekin bat eginez, hitz gutxiko poemak idatzi ditu: «Beltza iparra / berdea mendebala / hegoa gori... / Haizeen koloreak / erabat ahaztuak».

Idazleez gainera, Jesus Mari Lazkano artista plastikoak, Humberto Astibia irakasleak eta Felipe Murelaga Lekeitioko erriberako arotz eta irakasleak ere hartu dute parte egitasmoan. Bi diziplinaren arteko batura eman da, azken batean: argazkigintzarena eta literaturarena, eta «proiektu koral bat» da emaitza: «Argazkia eta testua ez dira bata bestearen jantzi eder, biak dira proiektuaren gorputz».

Bestalde, liburu argitalpenak erakusketan ikusgai dauden irudi eta testu guztiak biltzen ditu. Gainera, arrantza portuetan bereizgarri diren hiru koloreei (urdina, gorria eta berdea) erreferentzia eginez, kolore horietako bakoitzean argitaratu dute liburua, Itsasmuseumeko dendan eskuratu ahal izango dena.

Galtzear dagoen ofizio bat

Proiektu honen bitartez, Bizkaiko Erriberako azken arotzak ere omendu nahi dituzte. Izan ere, ibaiertzeko arotzeriaren sektorea galduz doa pixkanaka. Itsasontziak eraikitzeko joera aldaketa horren beste ondorioetako bat da. Erriberako arotzeria, artisau ontziola txikiak, eta zurezko ontzien eraikuntza, konponketa, eta mantentze lanekin lotutako industria osoa desagertuz doa apurka-apurka. Bilboko Itsasmuseuma hauspo hori ez galtzeko saiakerak egiten ari da, halako erakusketen bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.