Imajinatu uhartedi bat, milaka lur zati txikiz osatua, itsasoaren erdian. Tartean-tartean zubiak eraikitzen dituzte elkarren artean, baina, uharte bat itsasoak irensten duenero, zubia ere berarekin eramaten du. Halaxe ikusten zuen euskal komunitatea Antton Lukuk Ipar Euskal Herrian, gazte zenean: askotan jakiterik ere ez zegoen auzokoek euskaraz ba ote zekiten. Eta, jakinez gero, hildakoan beraiekin eramaten zuten euskara ere. Gogoan du Ezponda bertsotara herrira iristen zenean nola uhartetxo guztiak elkartzen zituen bere inguruan, saioa hasi aurretik tabernan egiten zuen sartu-irtenean.
Dirurik gabeko euskal kultura, antzerki eta dantza amateurra ezagutu zituen garai hartan. Euskara etxeko sutondoan transmititzen zen, eta antzerki ezberdinetan erakusten ziren jakin beharreko erregistro guztiak. Antzerkia, dantza eta bertsoa osotasun baten parte ziren; jauziek eta bertsoek, hitzek eta pausuek esanahi handiago bat osatzen zuten. Gaur egun aldatu dira gauzak. Gaur diru-laguntzak jasotzen ditu kulturak, profesionalizaziora jo du antzerkiak, antzokietarako jauzia emana du. Baina, Antton Lukuren iritziz, Ipar Euskal Herriko euskaldunek ez dute euskal kulturarik kontsumitzen, ez delako haientzat egina. Osotasuna zatikatu egin da, folklorizatu: etengabe justifikatu behar du izatea bera. Dantzaren pausurik dotoreenak soilik aukeratzen dira, testuingurutik erabat aterata, Frantziatik iritsitako ikusleen gozagarri. Zertarako nahi dugu kultura: saltzeko edo gure pentsamendua egituratzeko?
Amateurra txarrarekin parekatzen dugun garaiotan, herritik osatutako kulturaren alde egingo luke apustua Antton Lukuk. Antzokitik atera eta herrian euskararenak diren guneetan txertatu beharko litzateke kultura. Haurrek dantza, antzerkia eta bertsoaren bidez ere jaso beharko lukete euskara. XXI mendean gaude; hizkuntzaren etxeko transmisio naturala aldatua dago, ikastoletara doaz haurrak euskaraz ikastera. Baina non jasoko dituzte bizitzan behar dituzten erregistro guztiak?
Euskal kultura lubaki bat da kultura frantsesaren eta espainiarraren erdian. Kolore bat babesten du, Globalizazioak dakarren Disneyren koloreko homogeneizazioaren aurrean. Porrotx etorri zen Antton Lukuren ondoren, sudur gorria jantzita, koloretako mundua aldarrikatuz. Hainbeste dantza eta irriren ondoren, publikoarengana jaisten dira Pirritx eta bera. Eta banan-banan ematen diete muxu bana haurrei. Eta hauek pozarren itzultzen dira gurasoengana, masailean transmisio-marka banarekin.
Arbelari begira
Koloreen transmisioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu