Menchu Gal: kolorearekiko pasioa izenburua jarri diote egunotan Irungo Gal Aretoan ikusgai dagoen erakusketari. Menchu Galek (Irun, 1918-2008) margolaritza lanean jorratu zituen esparruetako bat laburbiltzen baitute erakusketan jarri dituzten 27 olioek: paisaiari eta bodegoiei lotutakoa. Eta horiek kolore festa bat proposatzen dute.
Ez da Gal Aretoak azkenaldian artistari eskaini dion lehenengo erakusketa. Aurretik, erretratuaren alorrean egindako lanak jaso zituen, eta Eduardo Txillidarekin nahiz Jorge Oteizarekin izan zuen harremana ere erakutsi zuen erakusketa banak.
Erakusketan bildu dituzten margo gehienak (18) Menchu Gal Fundazioarenak dira, eta orain arte ez dituzte inoiz erakutsi Irunen. Lanetako bat jabego pribatukoa da, eta gainerakoak, berriz, Irungo Udalarenak. Aurreko hilabeteetan Iruñean, Malagan eta Marbellan (Espainia) eta Tolosan (Gipuzkoa) egon dira ikusgai, baita Valentziako IVAM museoan ere. Fundazioko arduradunek jakinarazi dutenez, abuztuan artista irundarraren gaineko mostra irekiko du New Yorkeko Cervantes Institutuak, eta, abenduan, Bilbon ikusi ahalko dira haren lanak.
Koadroen artean, bere jaioterriaren eta ingurunearen gaineko irudikatzeak nabarmentzen dira. Hala, Irungo Zabaltza plazaren gaineko bi margolan daude, eta beste bi Txingudiko badiakoak; bata Hendaiatik eta bestea Hondarribitik hartuak.
Erakusketa Menchu Gal Fundazioak, Irungo Udalak eta Kutxa Fundazioak duela hilabete batzuk sinatutako hitzarmenaren ondorioa. Hiru erakundeek Galen hainbat lan dituzten beren funtsetan.
'Kolorearekiko pasioa' Menchu Galen eskutik
Artistaren 27 paisaiaz eta bodegoiz osatutako erakusketa urriaren 14ra arte egongo da Irungo Gal Aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu