Kolore askotako nobela beltza

Aingeru Epaltzak Edu Saragueta pertsonaia «berpiztu» du 'Erretzaile damutuen konpainia' nobelan, 'Rock'n'roll' idatzi eta 22 urtera. Haren bidez begiratu dio «Iruñea multietnikoari»

Aingeru Epaltza idazlea, Erretzaile damutuen konpainia liburua eskuetan duela, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
2000. urtean Rock'n'roll eleberria argitaratu zuenez geroztik, irakurle batek baino gehiagok galdetu izan dio Aingeru Epaltzari sartuko ote duen orduko Edu Saragueta kazetari protagonista beste abentura batean. Epaltzak, ordea, nahikoa abentura izan du Erresuma eta Fedea trilogia idazten, besteak beste (Mailuaren odola, 2006; Izan bainintzen Nafarroako errege, 2009; Gure Jerusalem galdua, 2013); «opus magna bat», Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen hitzetan. Orain, gaurko gaietara itzuli denean, eta Mendi-joak (2017) ipuin liburuaren ondoren, Epaltzak Saragueta «berpiztea» erabaki du, azkenean, beste modu bateko istorio bat kontatzeko Erretzaile damutuen konpainia nobelan.

Izan ere, gaurko Edu Saragueta ez da orain hogei urteko bera: 60 urte inguru ditu, osasuntsuago bizitzen saiatzen da, kirola egiten du, ez du erretzen, alkohol gutxi edaten du, drogatik urrun bizi da... Horretarako lagungarri, badu lagunarte berri bat, Epaltzak kontatu duenez: liburuari izenburua ematen dion erretzaile damutuen konpainia.

Erretzaile damutu horiek dira Saraguetak inguruan dituen ia lagun bakarrak. «Kirola egiteko biltzen dira, eta, ostiraletan, hamaiketako bat egiteko, gero. Oso fauna berezia da, eta, gainera, erretzaile guziak ez dira fumatzaile ohiak: kasu batzuetan, erretzaile hitzaren beste adiera erabiliz, gauzak erre izan dituzte. Badago militante ohiren bat, sindikalista ohiren bat, bankari ohiren bat, eta, okerrena, TAOko zaintzaile bat, pertsonarik gorrotatuena», azaldu du idazleak.

Pertsonaiaren inguruko beste gauza batzuk, berriz, gutxi aldatu dira: «Neurri handi batean, bere bizitza kaka zaharra da. Bizi sentimentala desastre hutsa da, bakarrik bizi da, eta sarearen bitartez ligatzera saiatzen da, arrakasta handirik gabe». Gainera, iraupen luzeko langabetua da, langabezia saria agortu duena. «Oso urri bizi da: lehenago bizi zen tokia utzi behar izan du, eta etorkin auzo batean bizi da orain. Bera da eraikin guzian hemengo bakarra; gainerako guziak etorkinak dira». Lagun baten bidez iritsitako lan batek abiatuko du ekintza: komunitate islamikoari buruzko erreportaje sorta bat egingo du, telebista kate baterako.

Nobela beltza da Erretzaile damutuen konpainia, baina ez hori bakarrik, Mendigurenen arabera: «Baditu ohituren deskribapenak, lige kontuak, erotismo puntu bat, gizartearen ñabardurak eta berezitasunak ondo ispilatzeko trebezia handia, begirada zorrotza...». Editoreak «kazetari sena» garbi sumatzen dio Epaltzari, «literatoarenaz gain».

Epaltzak ibilbide luzea egin du idazle gisa—zortzigarren nobela du, eta idatzi izan ditu ipuin bildumak, saiakerak eta haurrentzako kontakizunak ere—, eta Mendigurenek paraleloan egin du bere editore bidea. «Beti izan da idazle maisua niretzat, eta ondo idaztea zer den estimatzen duen edonorentzat», kontatu du hark. «Esaldi bakoitzean eskatzen dio Aingeruk txinparta ateratzeko, paragrafo bakoitza da ederra, esanguratsua, potentea. Argumentu onak asmatzen daki, ez zaio agortzen irudimena».

Euskaldun bat Iruñean

Esan dutenez, irakurlea ehungarren orrira iritsi arte ez da konturatuko liburua nobela beltza dela, Rock'n'roll-en gertatutakoaren kontrara, lehenbiziko hilotza berandu iristen baita. «Inportantea iruditzen zitzaidan girotzea, gero kontatu nahi nuenerako», esan du Epaltzak.

Rock'n'roll-en, hiriaz aritu zen; «Iruñea ezagutzen zutenek berehala ezagutu zuten hiri hori, baina ez nuen karrika izenik erabiltzen». Oraingoan, Iruñea ageri da, izenez eta xehetasun askorekin, «bere konplexutasun osoan». Hau da: «Iruñea multietniko bat, benetako gaurko Iruñea, non euskaldunok talde bat gehiago garen bertze aunitzen artean, eta ez segur aski inportanteena».

Horri lotuta, beste ezaugarri bat erantsi dio Saraguetari: euskalduna da. «Rock'n'roll-en, ihes egiten nion kontu horri: inor ez zen ez euskalduna, ez erdalduna, ez ezer ere. Kuriosoa da: euskarazko literatura batek —ez guziak— ihes egiten dio egoera soziolinguistikoari, hor badago erran gabe doa moduko bat, eta narrazioari traba eginen ez ote diogun ustea ere bai. Nik pentsatu dut aurre egitea horri. Iruñea multietniko bati buruz ari banaiz, nola saihestu gure talde etnikoaren presentzia?».

Ageri dira «boterea, migrazioa, mamu islamista, ahalik eta modu errealistenean». Adibidez, emakumeek janzten duten zapiari buruzko eztabaidaz aritu da liburuan. «Gaur egun bi jarrera daude, aurrerazaleen artean: batzuei iruditzen zaie errespetuzko gauza bat, identitatearekin lotzen delako, eta besteei dominazio eta menderakuntza tresna bat». Protagonistaren bizipenek horri buruzko jarrera bat hartzera eramango dute.

Epaltza umorez aritu da horretaz guztiaz, eta Cristina Peri Rossiren poesia antologia batean irakurritako esaldi baten bidez azaldu ditu horretarako arrazoiak: «Egoa apaltzen duelako, biziminari transzendentzia kentzen diolako, eta adimenari laguntzen diolako. Ez dakit liburu honek hori beteko duen, baina umorez josia dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.