Koldobika Jauregi eskultorea hil da, 64 urte zituela, bihotzeko baten ondorioz. Alkizako (Gipuzkoa) artista diziplina horretan egindako lanagatik zen ezagun nagusiki, baina artearen beste zenbait arlotan ere jardundakoa zen: margogintzan, bideogintzan... 1990eko hamarkadatik aurrera euskal artista erreferentziazkoa izan da, baita nazioartean ere.
Eskulturan 1970eko hamarkadan hasi zen —autodidakta zen—, eta egurra eta harria erabiltzen zituen nagusiki. Eta maite zuen, gainera, horien berezko bideak errespetatuz jardutea, sinetsia baitzegoen berez zutela balioa. «Harrizko pieza goroldioz estaltzen denean bihurtzen da interesgarrien; ikustea natura berriro nola datorren gainera. Nire ustez, bere horretan utzi behar da goroldio hori, prozesu baten baitakoa baita, gu garen bezalaxe», adierazi zuen 2017an, naturarekiko lilura iradokiz.
Izan ere, haren iritziz, arteak balio dezake ingurunea eta norberaren burua hobeki ezagutzeko, baina hutsala da, baldin eta ez bada zerbait adierazteko tresna gisara baliatzen. «Harriak eta egurrak berez dute nortasuna. Artistak istripuak eragin eta izorratu egiten ditu bere mezua helarazteko, zerbait kontatzeko», esplikatu Jauregik zuen orain hamar urte luze, ohiko zuen kritikotasun atseginaz, eta besteak beste azalpen horietan ikusten dira islatuta, zeharka, artistaren anbizioetako batzuk: arte sorkuntzaren jasangarritasuna bermatu nahia eta naturarekiko mira.
Dozenaka erakusketa egin zituen 1970eko hamarkadaz geroztik, baita zenbait beka eta sari jaso ere. Eduardo Txillidak eman zion beka horietako bat, bost urtez, eta maisutzat zuen Jauregik —ordutik, bere lanetan hainbatetan egin zion erreferentzia donostiarraren obrari—. Karl Henrich Muller mezenasak emandako beste beka bati esker, berriz, egonaldi luzea egin zuen Alemaniako Dusseldorf hirian, 1996 eta 2000 bitartean.
Azken urteetan nazioartean zein Euskal Herrian egin izan ditu erakusketak. Esanguratsua izan zen 2000. urtean Tokioko parke batean 26 eskultura jartzeko egin zuten lehiaketa batean bera izan zela hautatutako europar bakarra.
Jauregiren heriotzaren notizia zabaldu berritan, batzuek zalantza egin dute ea haren obra behar bezain goraipatua izan ote den orain arte; Euskal Herrian bederen. Edonola ere, bere ibilbideari begiratuta, 2007an Bilboko Guggenheimen zabaldutakoa da hari eskainitako atzera begirako inportanteenetariko bat: Laborategiak: Bilduma iraunkorrari begira. Koldobika Jauregi. Bestalde, zenbait herritako kaleetan ere badaude Jauregiren obrak; adibidez, Donostian, Idiazabalen (Gipuzkoa), Barakaldon eta Lemoan (Bizkaia).
Obrarik pertsonalena
2012an, Ur Mara museoa zabaldu zuen Jauregik, Alkizan, eta azken urteetan Elena Cajaraville bikotekideak eta biek zuzentzen zuten. Museo horretan, eskultoreak nabarmen bistaratu du, urteetan, artearekiko, etnografiarekiko eta naturarekiko interesa; hirurekikoa aldi berean, txirikordaturik sarri. «Txillida Leku baten gisakoa da, baina basatia», aitortu zuen inoiz. Gainera, museoa ireki berritan, artistak azpimarratu zuen «ikuspegi kritiko eta eraikitzaile» batek bultzatu zuela proiektu hori abiaraztera, zioenez, «artearen balioa krisian» murgilduta zegoen garaian. Jauregik bertan jardun du beharrean gaurdaino, tinko. Iragan den ostiralean erakusketa bat inauguratu zuen Soraluzen (Gipuzkoa), eta beste bat ere prestatzen ari zen.
Erlazionatuta
Eskultura ez beste gainontzeko arte diziplinekiko zuen interesaren erakusle, 2018. urtean Dantza filmaren ekoizleetako bat izan zen; Cajaravillek eta biek sortu zuten filmaren atrezzoa eta mundu estetikoa.
Bestalde, Jauregirena da 2018. urtean ETAren armagabetzea irudikatzeko Baionan inauguratu zuten altzairu eta burdinezko zuhaitza, Arbolaren egia. Hura jarri aurretik izan zen artistarekin BERRIA. Elkarrizketa horretan, besteak beste, artelanen iraunkortasunari buruzko hausnarketak plazaratu zituen Jauregik. «Ez nau batere kezkatzen, infantila ere iruditzen zait», aitortu zuen. «Historiara pasatzearena eta gisako espresioak eta nahia, artearen historian asmo hori azaldu dutenak, asko izan dira. Baina zer da historiara pasatze hori; pentsa zer den eta nola dagoen historia! Horrela pentsatzea, infantila ez ezik, lan prozesu bezala oso kaltegarria iruditzen zait. Artearen helburua da helbururik ez izatea. Artearen inguruko baldintzapenak baztertzea, bestela nahasgarria da».
Bideoan, 2017an Gorka Erostarbek BERRIArentzat eginiko elkarrizketaren pasarte batzuk.
Artearen esparruaz aparte, bestelakoetan hamarkadaz hamarkada sorterriarekiko erakutsitako konpromisoa aitortu diote sarri Jauregiri. Besteak beste, Jauregi zinegotzi izan zen Alkizan, 2019tik 2023ra bitarte.
Ikusi gehiago