Gauza asko egin zituen Koldo Mitxelenak (Errenteria, Gipuzkoa 1915 - Donostia, 1987), eta, tartean,zinema kritikari lanetan ibili zen. Zinemazale amorratua izanik, euskaraz hainbat kritika argitaratu zituen Egan aldizkarian, 1954. eta 1961. urteen artean. Kritika horiek oinarri hartuta, Mitxelenarenak zikloa antolatu du Euskadiko Filmategiak, Tabakaleran; zazpi film klasiko eskainiko dituzte etzi hasi eta ostegunero, otsailaren 14a arte. Horietako hiruk euskarazko azpidatziak izango dituzte.
Luis Garcia Berlangaren film batekin hasiko da zikloa, eta ikusgai izango dira Elia Kazan, John Huston, Robert Aldrich, John Ford eta Stanley Kramer zinemagileen lanak ere. Aurreko urteko azaroan antzeko ziklo bat antolatu zuten Errenterian, eta horren jarraipena izango da Tabakalerakoa, Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezen esanetan: «Errenterian hasitakoa borobilduko du ziklo honek. Ondo aukeratutako zazpi film egongo dira ikusgai; alde batetik, kalitate onean zeudenak hautatu ditugu, 35 milimetrokoak, eta, bestetik, Donostian duela gutxi eskainitako film klasikoak saihestu ditugu, Mitxelenaren gustukoak izan arren». Hala, idazlearen kuttunetakoetan zegoen Federico Felliniren lanik ez dute emango. «Aukeratutako filmek ez zuten harrera berdina izan idazlearentzat: kritika onak eta ez horren onak jasotako lanak bildu ditugu. Jatorri askotako filmak dira, eta ez dira Errenterian eta Donostian eskaini duela asko».
Euskarak, presentzia handia
Ahalegin berezia egin dute euskara zikloaren zati izan dadin, eta, horretarako, hiru filmek euskarazko azpitituluak izango dituzte: «Euskarazko azpitituluekin filmak ikusteko ohitura eskasa daukagu, eta hori bultzatzeko apustua egin du Euskadiko Filmategiak». Filmak jartzearekin batera, Mitxelenak idatzitako kritiken kopiak banatuko dituzte. Filmategiko zuzendariaren arabera, ikusle guztiek kritikak ulertzeko, euskaraz eta gaztelaniaz banatuko dituzte testuak.
Zineman aditua ez bazen ere, ironia eta sarkasmoa erabili zituen Mitxelenak kritikak idazteko; alde teknikoenak saihestuz eta erudizio ariketei uko eginez, umorez betetako testuak argitaratu zituen. Aitzindariak izan ziren kritika horiek, eta berreskuratze lanetan ibili dira Euskadiko Filmategia eta Errenteriako Udala. Hain zuzen, Errenterian egindako zikloan hainbat adituk parte hartu zuten, tartean Elixabete Perez Koldo Mitxelenaren lanean adituak eta Josean Ruiz de Azua zineman adituak. Biak Tabakalerako zikloaren aurkezle izango dira, beste batzuekin batera.
Hain zuzen ere, pelikulen kritikak idatzi ziren testuinguruaren garrantzia azpimarratu du Perezek: «Kartzelatik irten berria zen idazlea garai hartan, eta aurretik sekula egin gabe zegoen zerbait egin zuen: kulturaz euskaraz idazten hasi zen. Orduan argitaratu zuen Egan aldizkarian Euskal literaturaren etorkizuna artikulua, eta etorkizunean alor horretan lan egiteko bidea ireki zuen. Zinema eta litertur kritikak argitaratzearen bitartez, euskarak gizarte garaikidearen egunerokotasuna deskribatzeko balio zuela frogatu zuen Mitxelenak. Eginez ireki zuen bidea».
Adituen parte hartzeak Mitxelenaren lana hobeto ulertzen lagunduko du, Errenteriako Udaleko zinegotzi Garazi Lopez de Etxezarretaren esanetan: «Koldo Mitxelena jaio zela ehun urte bete ziren iaz, eta urte berezia izan zen Errenterian; orain, Tabakalerako zikloari esker, zikloak jarraipena izango du. Horregatik, Mitxelenaren lana ulertzen lagundu duten adituen parte hartzea ezinbestekoa izango da».
Koldo Mitxelenaren kritikak oinarri dituen zikloa hasiko da Tabakaleran
Zazpi film klasiko emango dituzte etzi hasi eta otsailaren 14ra arte, idazleak 'Egan' aldizkarian kaleratutako kritikak berreskuratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu