Donostiako Liburutegi Nagusiko eta Koldo Mitxelena kulturguneko liburutegiko zerbitzuek bat egingo dutela iragarri dute gaur Denis Itsaso Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Miren Azkarate Donostiako Kultura zinegotziak. Bi erakundeen arteko akordioaren bidez, bi liburutegien zerbitzua koordinatu, sustatu eta hobetu nahi dute.
Arduradunek, Jordi Permanyer aholkulariaren laguntzaz, bi liburutegien egoeren analisi sakon bat aurrera eraman zuten 2016ko irailetik 2017ko hasierara. Hori kontuan hartuta, ondorioztatu dute liburutegien zerbitzuen bateratzea aurrerapen kualitatibo handia egiteko aukera bat zela . Honez gain, zerbitzu eta baliabideak bi liburutegien artean ez bikoiztea beharra adierazi dute.
Testuinguru honetan, zerbitzu zehatz batzuen konbergentziarekin hasiko dira, eta bi liburutegien arteko koordinazioa aztertuko da. Honek bi liburutegien zerbitzuen berrantolaketa bat ekarriko du, baina bakoitzak bere instalazioak mantenduz, eta erosketa politika, aktibitateak edota zerbitzu informatikoa koordinatuz. Bi erakundeek espero dute sei hilabete barru liburutegi bakoitzaren zerbitzuak definittuak izatea, baita honi bideratuko zaizkion baliabide ekonomikoak ere.
Honez gain, Koldo Mitxelenaren egungo eraikinak 23 urte ditu, eta mantentze lanen behar handia du. Horregatik, Diputazioak 2018. urtean eraikinaren berritze lanei hasiera emango die, eta hauek bi urtez luzatuko dira. Diputazioaren arabera, honek kultur zentroaren zerbitzu eta funtzioetan aldaketak ekarriko ditu, ordutegiak luzatuz, programa eta aktibitate intentsiboagoak eskainiz, eta pentsakera, erreflexio kritikoa eta debatea sustatuz.