LITERATURA. Koldo Bigurik (Gasteiz, 1962) irabazi du 2020. urteari dagokion (H)ilbeltza beka, Massimo Carlotto idazle italiarraren Arrivederci amore, ciao nobela euskarara itzultzeko proiektuarekin. Hala, 3.000 euro jasoko ditu orain, eta beste 3.000 lana bukatzean. Dena ondo bidean, Biguriren itzulpena 2022ko urtarrilean aurkeztuko dute, Baztanen (Nafarroa) egiten den (H)ilbeltza nobela beltzari buruzko topaketetan.
(H)ilbeltza bekaren xedea da euskarazko nobela beltza sustatzea, eta, horretarako, sormen eta itzulpen lanak saritzen dira, txandaka. Aurten, itzulpen lana egiteko beka egokitu da, eta hamar lagin aurkeztu dira.
Joseba Otondo Baztango alkateak, Josu Barambones (H)ilbeltza elkartearen ordezkariak eta Garazi Arrula Ruiz Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute epaimahaia, eta, haien iritziz, «itzultzaileak jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz jarraitu die euskaraz baliokide bat sortzeko garaian. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian. Ildo horretan, itzultzaileak egin hautaketa lexikoa lagungarri gertatzen da. Orobat, joskeraren errazari esker, testuak ederki korritzen du, eta irakurleek eroso irakurriko dute».
Filologia ikasi zuen Bigurik, eta, gaur egun, EHUko irakaslea, euskaltzain urgazlea eta itzultzailea eta interpretea da. Senez aldizkariko zuzendari izan zen 1994-1999 bitartean, eta EIZIEko lehendakari 2000-2002 urteetan. 1992an hasi zen literatura itzultzen, gehienbat literatura italiarra.
Koldo Bigurik irabazi du aurtengo (H)ilbeltza beka
Massimo Carlotto idazle italiarraren 'Arrivederci amore, ciao' eleberria euskarara ekarriko du bekaren laguntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu