Koch leinuaren funtsa

Koch familiak San Telmo museoari dohaintzan eman dio Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sigfrido Koch Arruti aita-seme argazkilarien artxiboa

Andoni Imaz.
Donostia
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Ikusten genuenean bat gentozen beti/ nahiz eta ez geunden ados./ Kontentgaitz sufritzen oso serio ez zuen barrerik egiten/ eta ni bat nentorren eta ez geunden ados». Xifrido amigo izeneko testu laburra eskaini zion Jorge Oteizak Sigfrido Koch Arruti argazkilariari (Donostia, 1936-1992), hura hil eta hurrengo urtean Donostiako San Telmo museoak antolatutako erakusketa antologikoaren liburuan. Orain, Koch Arrutiren obra osoa iritsi da San Telmo museora, Sigfrido Koch Bengoetxea (Donostia, 1909-1973) aitarenarekin batera. Koch familiak dohaintzan eman dio museoari bi argazkilarien artxibo bilduma.

Koch familiak eta San Telmo museoko ordezkariek atzo sinatu zuten hitzarmena. Familiaren «eskuzabaltasuna» eskertu zuten museokoek, eta lanerako «konpromiso serioa» adierazi zuten. Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak nabarmendu zuen zer egoera onean jaso duten argazki bilduma, familiak zaindu duelako orain arte. Hemendik aurrera, lan horiek «kontserbatu eta zabaltzea» da museoaren ardura, eta prozedura teknikoa abiatu dute dagoeneko: bilduma osatzen duten material guztiak erregistratu, katalogatu eta kokalekuak zehaztuko dituzte. Gainera, San Telmo museoak bilduma digitalizatzeko plan bat egin du, eta webgunean zabalduko du katalogo osoa.

Negatiboak, plakak, diapositibak eta positiboak; askotariko materiala dago Koch argazkilarien bilduman. Koch Arruti semearen lana Koch Bengoetxea aitarena baino zabalagoa da, eta lan handiagoa izango du museoak prozesu osoa egiten. Horregatik, laburrenetik abiatu, eta hasi dira Koch Bengoetxearen funtsarekin antolatuko den lehen erakusketa antolatzen: datozen hiru urteetan prestatuko dute, eta Lee Fontanella historialari eta ikertzailea izango da komisarioa. Koch Arrutiren erakusketa antolatzeak luze joko du oraindik, eta «gehienez ere» hamar urteko epea jarri dio museoak bere buruari.

Koch Bengoetxearen bilduman, hau dago: kristalezko 147 plaka; plastikozko 656 plaka; 35 milimetroko 36 negatibo; País Vasco. Guipúzcoa liburuaren jatorrizko maketa, 138 positibatu barne; eta Gerraren albuma. Album hori «ustekabe garrantzitsua» izan da museoarentzat. 36ko gerraren inguruko lan bat da, 231 argazki txikiz eta hainbat ilustrazioz osatua. Euskal Herritik kanpoko argazkiak ere badaude bilduman, eta, duen balioagatik, «oihartzun zabala eragingo luke atzerrian ere», Carlos Canovas argazkilariaren ustean.

Koch Arrutiren bilduma askoz ere zabalagoa da: 5.000 diapositiba inguruk, negatibo artxibategi ugarik, handitzeek, fotolitoek, San Telmon egindako erakusketaren argazki markoztatuek, eta publizitate lanetako negatibo eta diapositibek osatzen dute bildumaren zati nagusia. Lan hori ezagunagoa da Koch Bengoetxearena baino: «Denon iruditerian dago», Soto zuzendariaren hitzetan. Euskal kulturak lan horietan duen pisua nabarmendu du: «Gure herri osoa bilduma honetan azaltzen da».

Itxi da zirkulua

Izen eta ofizio bera zuten aita-semeek, baina Willy Koch aitonarekin hasi zen abizenaren eta argazkilaritzaren arteko lotura. XX. mende hasieran, Solingen (Alemania) jaioterritik alde egin, eta Euskal Herrira iritsi zen; argazkilari hasi zen Donostian, Bulebar zumardian zegoen Resines etxean. Sigfrido Koch Bengoetxea semeari pasatu zion argazkizaletasuna; eta hark, gero, Sigfrido Koch Arrutiri.

Koch Arrutiren Arraitz eta Edurne Koch Elizegi alabek parte hartu zuten atzoko aurkezpenean. «Hunkituta» agertu ziren aitaren eta aitonaren artxibo osoa San Telmo museoari ematean, biek «lotura handia» zutelako lekuarekin berarekin. Koch Elizegi ahizpek kontatu zuten aitonak museoko klaustrora paseatzera eramaten zuela aita, eta gero Aranzadiren egoitzara joaten zirela biak, elkarteko kideak baitziren. Dohaintzarekin, «zirkulua itxi egin da» familiarentzat.

Museoak Carlos Canovas argazkilariarengana jo zuen dohaintzan jasotako bildumaren inguruko aholku bila. Harentzat ere egun «zoriontsua» izan zen atzokoa, baina nabarmendu zuen ez zela ezeren amaiera izan, hasiera baizik. Bi bildumetan lan handia egin behar da, baina «etorkizun zoriontsua» opa dio funtsari.

Lee Fontanellaren ustez, Koch Bengoetxearen estiloa zuri-beltzeko argazkien «chiaroscuro-etan» oinarritzen da; Koch Arrutirena, berriz, kontrolatutako kolore paleta batean. «Sentsibilitatean eta lanean bat dator aitarekin», ordea, Canovasen hitzetan. «Itxuraz gehien interesatzen zaizkien gaietan» ere sumatzen ditu antzekotasunak Fontanellak: Euskal Herriko gaietan, hain zuzen. Paisaiak, landa giroko edo itsas giroko eszenak eta erretratuak ageri dira bien obran. Bildumen artean aldea dagoen arren, Soto museoko zuzendariak esan zuen funts bakarra sortuko dutela bien lanak jasotzeko: Koch bilduma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.