Martin Larralde Bordaxuri (1782-1821) koblakari bat zen. Hazparnekoa (Lapurdi). Joseba Sarrionandiak hari buruzko olerki bat idatzi zuen, eta Ruper Ordorikak doinua jarri zion. Hala dio olerkiko esaldi batek: «Inork ez du koblakaririk behar». Eneko Barberena (Arrasate, Gipuzkoa, 1983),aldiz, ez dago ados sententzia horrekin: «Nik uste dut baietz, behar dugula». Beraz, diskurtso bat sortzen saiatu zen, «artistak bere ingurunea islatzeko egiten duen lanaz jarduteko». Eta testu batzuk egin zituen orduan, 2008an. Horri gehitu Mikel Oceja «lagun minaren» ilustrazioak eta beste batzuen kantak, eta Martin Larralde lan multidiziplinarioa aterako da (Bonberenea Ekintzak). Hasiera batean ez zen haren asmoa halako zerbait egitea. «Inondik inora ez». Orain, zuzenean aurkeztuko du, «igual», emanaldi multimedia gisa. «Musika talde batek eskaintza egin dit elkarrekin zerbait egiteko. Baliteke, baina ezin dut ziurtatu».
Zalantzak dauzka, emanaldiak egiteak «errespetu handia» ematen baitio: «Izan ere, agertokira igotzen baldin bazara, zerbait txukuna eskaini behar duzu». Ez dauka dudarik, aldiz, Martin Larralde bezalakoen garrantzia nabarmentzeko orduan: «Koblakariaren figuraren aldarri txiki bat egin nahi izan dut lan honetan». Hori bai, hasieran ez zeukan buruan kontzeptu multidiziplinarioarena. «Gezurra esango nuke plan bat prestatuta neukala erantzungo banu». Bazituen testuak, eta lagun batzuekin partekatu zituen. «Hasieran testu horiek errezitatu nahi nituen eta CD batean grabatu». Musikaren munduko lagun batek, ordea, ideia hori segituan kendu zion burutik. «'Mesedez, Eneko, ez ezazu egin horrelakorik!', bota zidan». Lagun horrek esan zion lagunduko ziola musika talde batzuk bilatzen, «testuak kanta bihurtuta askoz ere hobeto geratuko zirela uste baitzuen».
Testuak daude, ordea, «lanaren oinarrian». 42 guztira. «Horien arabera marraztu dira ilustrazioak, eta horien letren gainean osatu abestiak». 11 kanta dauzka lanak. «Ilustrazioek eta abestiek trinkotasuna eman diote proiektuari». Musikarien artean, «hiruzpalau talde» Arrasatekoak dira, eta «gainontzekoak, Euskal Herriko beste txoko batzuetakoak». Barberenaren ustez, lana «handitu eta ederragotu» dute beste bi elementuek, eta musikak, batez ere, «beste dimentsio bat» eman dio. Abestien egileen artean Petti eta Xabi Strubell daude, besteak beste.
Musikaren mundua «ezezaguna» zen, ordea, Barberenarentzat, eta «errespetu handia» ematen zion ideiak. «Bonbereneko jendearekin harremanetan jarri ninduen lagunak, eta esan zidan haiek lagundu ahal zidatela zerbait ederra egiten». Proiektua «xumea» zen, «aurrekonturik gabekoa», eta «lotsa» ematen zion «fabore eske» ibili beharrak. Baina egin zituzten kantuak ere: «Tolosako jende hori tartean egon izan ez balitz, proiektuak ez zukeen aurrera egingo inondik ere».
Abesti horiek olerkiko hitzak kontuan hartuta osatu dira. «Ez naiz batere konstantea idazten, baina 2008a urte mugitua izan zen Arrasaten». Beharrak bultzatuta idazten du, eta garai horretan sentitu zuen «zenbait egoera» erakusteko beharra. «Horrela sortu zen».
«Momentuko argazkiak»
Arrasatez, elkartasunaz, justiziaz, Nafarroaz eta AHTaz hitz egiten du, besteak beste. «Momentuko argazkiak dira, eta ez dakizu gaur egun zenbateraino izan daitezkeen ulergarriak». Egoera jakin bat erakutsi nahi izan du, «bai nirea eta bai nire inguruarena ere». Martin Larraldek bezala, alegia. «Denok gara Martin Larralde», esaten du, laneko azken olerkiko (This is not the end, my friend) azken esaldiak. «Denok izan gaitezke, bai. Proiektuak eduki duen laguntzari eskerrak emateko modu bat ere bada».
Hirugarren lana du Barberenak. 2002an, Igogailuak, dow jones eta beste droga batzuk narrazio bilduma kaleratu zuen (Apokaliftin), eta 2004an, Lurrunak ez du oraindik kristalik estali poesia liburua (Gaztesarea).
Eneko Barberena. Idazlea
«Koblakariaren figuraren aldarri txiki bat egin nahi izan dut lan honekin»
'Martin Larralde' lan multidiziplinarioa kaleratu zuen joan den irailean. Hitzak, ilustrazioak eta kantak. Ez zen hori hasierako asmoa, baina orain, «igual», zuzenean aurkeztuko du, emanaldi multimedia gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu